Katalunia. Politikari presoen indultuak

Kalera, baina baldintzekin

Preso dauden bederatzi buru independentisten indultuak onartu ditu Espainiako Gobernuak. Beste pauso bat eman eta amnistia onartzeko exijitu dio Kataluniako Gobernuak Madrili

Pedro Sanchez, atzoko Ministro Kontseiluaren ostean eginiko agerraldian, Moncloan (Madril). EMILIO NARANJO / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Ministro Kontseiluak bete egin du iragarritakoa, eta indultu partzialak eman dizkie Kataluniako independentzia prozesua gidatzeagatik espetxean dauden bederatzi buruzagi katalanei. Partzialak, datozen egunetan kartzelatik irtengo diren arren ezarri zitzaizkien inhabilitazio zigorrak bete beharko dituztelako. Erabakia argudiatzeko, neurriaren «erabilera publikoa» nabarmendu du Pedro Sanchez presidenteak, elkarrizketa etapa berri baterako lehen pausoa izango delakoan. «Orria pasatzeko eta inoiz utzi behar ez zen bidera itzultzeko garaia da», azaldu du, elkarrizketa beharrari erreferentzia eginez. Alderdi independentistek, ordea, argi utzi dizkiote negoziazio posibleetarako dituzten helburuak: amnistia eta beste erreferendum bat.

Presidenteak berak eman ditu indultuen inguruko xehetasunak, eta azaldu du ezen, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta sedizio delituengatik ezarritako espetxe zigorrak etengo zaizkien arren, inhabilitazio zigorrak bete beharko dituztela bederatzi buru independentistek. Gainera, Espainiako Gobernuaren erabakia atzera botatzeko aukera dago. Hala egingo litzateke presoek hiru eta sei urte arteko epean delitu larriren bat egingo balute. Presoak datozen egunetan aterako dira Lledonersko, Puig de les Bassesko eta Wad Rasko espetxeetatik, Espainiako Auzitegi Gorenak gobernuaren eskaerari baiezkoa eman bezain laster.

Sanchezek, ordea, erabakiaren inguruko xehetasunetan bainoago, hark has dezakeen prozesuan jarri du arreta, eta independentisten eta unionisten arteko harremanak hobetzeko balio izango duela nabarmendu du: «Erabilera publikoko arrazoiak lotuak daude Kataluniako eta Espainiako gizarteetan bizikidetza eta adiskidetasuna berrezartzeko beharrari». Horregatik, azaldu du erabakiak bat egingo duela «preso daudenei elkartasuna adierazten dieten ehunka milaka katalanen» nahiekin; baita haien ekintzak babestu ez baina «nahikoa zigor» bete dutela uste dutenekin ere.

Presidentearen aburuz, erabakia «Espainiako demokraziaren handitasunaren» erakusle da, eta inolaz ere ez du «zalantzan jartzen» Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena —auzitegia bera erabakiaren aurka egon arren—. Hala, «konstituzioaren adiskidetasun espirituarekin bat» datorren neurria dela nabarmendu du.

Besterik gabe, «politikara itzultzeko unea» dela azaldu du Sanchezek. Hitz horiekin, Espainiako presidenteak Kataluniako aferaren judizializazioaren amaiera irudikatu nahi izan du, besteak beste, gehituta ez duela espero presoek «euren ideiak aldatzea», baina bai «legezkotasun demokratikoaren» pean aritzea.

Halere, prozesu hori ez da hain erraza izango. Batetik, indultatutako bederatzi kargudun publiko ohiez gain, 3.000 pertsona inguru daude auzipetuta independentzia prozesuarekin eta haren aurkako kolpe judizialen ondorengo protestekin lotutako ustezko lege eta arau hausteengatik; tartean daude Carles Puigdemont presidente ohiaren eta erbesterako bidea hartu zuten gainerako buruzagi politikoen aurkako akusazioak, eta 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzen aritzea leporatzen dieten Generalitateko goi kargudunen eta enpresarien kontrakoak.

Kataluniako presidente Pere Aragonesen arabera, beraz, indultuek ebazpenak «bidegabeak» direla erakutsi arren, amnistia beharrezkoa da «independentismoaren eta ehunka errepresaliatuen aurkako kausa orokorra» konpontzeko: «[Indultuekin] ez da amaitzen Katalunia errepublika bat izatea libreki erabaki nahi dutenen aurkako errepresioa». Kataluniako Parlamentuko presidente Laura Borrasek ere uste du hori litzatekeela «gatazka konpontzeko lehen pausoa». Indultuekin gogorragoa izan da, berriz, CUPeko bozeramaile Laia Estrada: «Indultu hauek babesik gabe uzten dituzte mobilizazio independentistetan parte hartzeagatik errepresaliatutakoak, horietako batzuk kartzela zigorrekin».

Iritzi berekoak dira espetxetik ateratzear daudenak ere. Raul Romeva Kanpo Harremanetarako kontseilari ohiak sare sozialen bidez adierazi du «ehunka independentistaren aurkako errepresioa» ez dela amaituko atzoko erabakiarekin, eta amnistiaren aldeko aldarria egin du. Era berean, Joaquim Forn Barne kontseilari ohiak gehitu du «errepresioaren aurka borrokan» jarraituko dutela: «Erbesteratuak itzuli eta Kataluniaren independentzia lortu arte».

Elkarrizketa mahaia

Egoera judizialaz gain, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiko gai zerrenda izango da gakoetako bat. Aragonesek adierazi du Kataluniarentzat «irteera hitzartu bat» adosteko garaia dela: «Amnistia eta autodeterminazioa, askatasuna eta demokrazia, negoziazioa eta akordioa». Nahi horrek, ordea, ez du bat egiten Sanchezek azken egunetan zabaldutakoarekin. Hark behin eta berriz adierazi du legedia eta Espainiaren batasuna onartzea ezinbesteko oinarriak direla. Are gehiago, azaldu du Katalunia ez litzatekeela «europarra, oparoa eta plurala» izango Espainia gabe.

Horren jakitun, Kataluniako presidenteorde Jordi Puignerok ez du baztertu aldebakarreko bidera itzultzea, betiere elkarrizketek huts egiten badute: «Egin bagenuen, berriz egiteko prest egongo gara; baina nahiago dugu eredu hitzartu bat». Beraz, Madrilek beste erreferendum bat egitea onartzen ez badu hura gauzatzeko «beste bide bat» bilatuko beharko dutela esan du Puignerok. Adostasunik ezean, 2023an hartu dezakete bide hori independentistek. Izan ere, JxCk eta CUPek bi urteko epemuga ezarri zioten ERCri, Aragonesen inbestidura errazteko adostutako hitzarmenean.

Sanchezek aurrez aurre duen fronte bakarra, baina, ez da elkarrizketa mahaiarena. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia; Dolors Bassa, Forn, Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari ohiak; Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Carme Forcadell; eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ekintzaileak indultatu izanaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituztela adierazi dute PPk, Voxek eta Ciudadanosek. Horretarako, ezinbestekoa da erabakiak «kalte egin» izana frogatzea, eta Auzitegi Gorenak onartu beharko luke hori. PPko buru Pablo Casadok azaldu du bera «kaltetua» izan dela, argudiatuta CDR errepublikaren defentsarako batzordeen «helburu» izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.