Turkia. Iheslariak

Errefuxiatuak, herrialde baten arazoen pagaburu

Lau milioi errefuxiatu siriar bizi dira Turkian. Lan baimena lortu duten 200.000 iheslarietatik %95 gizonezkoak dira. Azken asteetan, ugaritu egin dira haien aurkako erasoak.

Familia siriar bat Greziako mugara bidean, Edirnen. tolga bozoglu / efe TOLGA BOZOGLU / EFE.
Istanbul
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Baxarren janari dendaren erakusleihoan pilatuta daude Siriako kafez beteriko paketeak, babarrun potoak eta garaian garaiko fruta. Duela egun batzuetatik, Turkiako bandera handi batek estaltzen du ia kristal osoa, barrukoa ezkutatu nahiko balu bezala. «Bi gizon etorri ziren bandera horrekin; esan zuten auzokoak zirela, baina inoiz ikusi gabeak nituen. Agindu zidaten bandera zintzilikatzeko, eta txintik esan gabe obeditu nien», azaldu du. Siriako Homs hirian jaio zen Baxar, eta, duela sei urte, denda txiki bat ireki zuen Istanbulen erdiguneko auzo batean, Tarlabasin; nagusiki, kurduak, migratzaileak eta errefuxiatuak bizi dira han. «Behin, ume batzuek arrautzak bota zituzten dendara, eta guri alde egiteko oihukatu, baina, hori alde batera utzita, ez dugu izan beste liskarrik turkiarrekin. Arazoa da norbaitek zerbait txarra egiten badu denok ordaintzen dugula», esan du, atsekabez. «Denok» esan duenean, Turkiak gaur egun hartuak dituen ia lau milioi siriarrei buruz ari da Baxar. Duela hilabete batzuk hamar urte bete ziren Siriako gerra hasi zenetik, eta, geroztik, parlamentuko hitzaldietan etengabe aipatzen da «herrialdeak daraman karga» errefuxiatuen harreraz aritzeko.

Tentsioak eztanda egin zuen abuztu erdialdean, ehunka lagunek Altindag auzoko kaleetan patruilatu zutenean; Ankarako auzo bat da, eta han bizi dira hiriko errefuxiatu gehienak. Siriarren eta turkiarren arteko borroka batean, gazte turkiar bat hil zen, eta, horren harira, errefuxiatu siriarren hamarnaka denda eta etxeri erasotzeari ekin zion jendetzak. Sare sozialetan zabaldutako zenbait bideok erakutsi zuten nola erasotzaileek erakusleihoak puskatu zituzten, ordenagailuak jaurti, eta kale erdian erre. Errefuxiatuen aurkako mezuak oihukatu zituzten, haien autoak irauli eta haien etxeetako ateak haustearekin batera.

Poliziak berandu iritsi ziren, eta sakabanatu egin zuten jendetza. Bitartean, beste talde batek zenbait familia siriar ebakuatu zituen, eraso egingo zieten beldur. Ateak pintatuta eta dendetako erakusleihoetan Turkiako banderak zintzilik ekin zion egunari auzoak. Oposizioko alderdien eta milaka lagunen kritiken eraginez, 146 pertsona atxilotu zituzten pogromarekin lotuta. Haur siriar bat zauritu egin zuten, baina, dena den, askoz okerragoa izan zitekeen.

«Tentsio hauek ez dira berriak», azaldu du Sabanci Unibertsitateko soziologo Karolina Augustovak; migrazioan espezializatua da. Herrialdeko beste probintzia batzuetan egindako landa lanean ere ikusi izan ditu siriarren eta tokikoen arteko tentsioak eta haiek eragindako antzeko erasoak. Augustovaren ustez, «gonbidatu» izaera dutelako baztertzen dituzte hein batean errefuxiatuak. Aldi baterako babes estatusa dutelako, zeina Europako Batasunak eta Turkiako autoritateek lagundua baitago. «Siriarrak gonbidatu gisa hartu zituzten, baina asko jada ez dira gonbidatuak, geratu egin baitira. Seme-alabak eduki dituzte… Turkian jaiotako belaunaldi bat dago orain. Turkiarrak kexu dira siriarrei dirua ematen zaielako, bertakoei lana kentzen dietelako, baina, berez, kontraturik gabe lan egiten dute, nolabaiteko esklabotasun moderno batean. Baina inork ez du sartu nahi eztabaida horretan».

Duela hiru urte, gobernuak modua eman zien lan baimena lortzeko, baina, enpresek aseguruaren parte bat ordaindu beharra dutenez hori tramitatzeko, 200.000 siriarrek baino ez dute lortu beren lan egoera erregularizatzea. Horien %93 gizonak dira, eta emakumeak are prekarioago bizi dira, gehienak ehungintza fabriketan eta tailer txikietan lanean.

Adingabeen egoera erregularizatuago dago. Gehienak eskolatuta daude, eta Turkiako lurretan jaiotako milioi erdi siriarren belaunaldi berria ere hasia da eskolara joaten. Haietako bat da Wafaa, Baxarren alaba txikia. Arabieraz bezain ondo egiten du turkieraz, eta gogotsu dago eskolara presentzialki joaten hasteko pandemiaren ondoriozko neurriak arintzen direnean. Haren ahizpa Aya, berriz, bigarren hezkuntzan dago, eta deseroso sentitzen da gelan, ikaskideen iruzkin arrazistak direla eta. «Modu zintzoan lan egiten dugu, eta Turkian geratu nahi dugu, oso ondo hartu baikaitu. Beldur naiz baztertu egingo ote gaituzten edo orain errefuxiatu afganiarrak etorri eta herrialdea gutaz nazkatuko den», dio Baxarrek, beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.