Maroko. Legebiltzarrerako hauteskundeak

Azterketa zaila Marokoko islamistentzat

Udal bozak eta legebiltzarrerakoak dituzte gaur Marokon. Udaberri Arabiarreko protestei esker heldu zen PJD lehen aldiz boterera. Parte hartzea da alderdien kezka nagusia

Aurrerabidea eta Sozialismoa alderdiko hautagai Nabil Benabdallah, kanpainan. MOHAMMED SIALI / EFE.
Ricard Gonzalez.
Rabat
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean, Italia merkatarien kalean, Tangerko medinaren aldamenean, zalaparta da nagusi. Jendetza igarotzen da pankartaz eta Justizia eta Garapena (PJD) alderdi islamistaren ikurra den argiontzi batez apaindutako kartelez betetako aterpeetatik. Gaur legebiltzarrerako eta udal hauteskundeak dituzte herrialdean. Jasserrek, 31 urteko militante batek, panfleto sorta bat du esku artean, baina ez zaie jazartzen oinezkoei. Haiek galdetu zain dago, besterik gabe, baina gutxitan gertatzen da halakorik. «Uste dut jendeak ontzat emango duela egin dugun kudeaketa ona. Irabazteko %50eko aukera dugu», esan du hiru eguneko bizarra duen eta jeansak jantzita doan gozogile honek.

Hala ere, adituen artean nagusi den iritzia da PJDk zail izango duela 2011ko eta 2016ko garaipen argiak lortzea oraingoan ere; horiei esker, ordutik herrialdea kudeatu duten koalizio gobernuetako buru izan da. Hauek dira herrialdean egiten dituzten hirugarren hauteskundeak Udaberri Arabiarra esan zitzaien protestak piztu zirenetik; Marokon, herri manifestazioek ez zuten izan eskualdeko beste herrialdeetan adinako indarrik.

Orduan, islamistak, inoiz gobernuko kide izan ez zirenak, aldaketak nahi zituzten horien ikur bilakatu ziren. «Nik alderdian izen eman nuen pentsatu nuelako garbiena zela eta herrialderako demokrazia nahi zuela», azaldu du Jasserrek, duela hamarkada bat herritarrak PJD agintera eramatera bultzatu zituzten arrazoietako bat aipatuz. Hala ere, badaude zantzuak iradokitzen dutenak ezen bigarren agintaldian, aurreko buruzagi Abdelilah Benkirane baino karisma gutxiagoko Saad Eddin al-Othmani grisa buru dutela, haien sostenguak nabarmen egin duela behera.

«Makhzen-ak [estatu sakonak] islamistek galtzea nahi du», azaldu du Marokoko analista politiko batek, zeinaren arabera onartu berri duten hauteskunde lege berriak kalte egingo dien alderdi islamistei. Haren esanetan,mehatxu bilakatu zaizkie azken hilabeteetan lehertutako hainbat eskandalu ere, zeintzuen atzean zerbitzu sekretuen aztarnak antzeman daitezkeen. «Ez dute gustuko gobernuan egotea, bi arrazoirengatik: lehenik, demokratizazio handiagoa nahi dutelako, eta hori lortzeko erregeari eskumenak kendu behar dizkiotelako; eta, bigarrenik, PJD tradizionalista delako, eta mendebaldetze prozesuaren edo makhzen-ek eta Mohamed VI.a erregeak bultzatzen duten moralaren modernizazioaren aurka dagoelako», gehitu du.

Lau mende luzez boterea kudeatzen aritzeak ematen duen esperientziarekin, errege etxe alauiak jakin zuen nola maltzurkeriaz jokatu hartara 2011ko protestak geldiarazteko —Otsailaren 20ko Mugimendu gisa ezagun egin zirenak—. Kooptazioa, errepresio selektiboa eta erreformak baliatuta egin zuen hori. Aldaketa nagusia izan zen konstituzioa erreformatzea, eta erabakia erreferendum bidez berretsi zuten. Hark eskumen gehiago ematen zizkien parlamentuari eta lehen ministroari, erregearen kaltetan. Adibidez, erregea derrigortuta dago orain bozak irabazi dituen alderdiko norbait lehen ministro izendatzera.

Hala ere, praktikan, erreforma horiek ezerezean geratu dira, eta herrialdeko erabaki nagusiak erregearen eta haren makhzen-aren esku daude oraindik ere. Horren adibide argirik bada, Israelekiko harremanak normaldu izanarena da. Hiru aldeko akordioa izan zen hura, eta bertan jasotzen zen orduan AEBetako presidente zen Donald Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzen ziola Marokori. Hainbat hilabete lehenago, Saad Eddin al-Othmani lehen ministroak atzera bota zuen «erakunde sionistarekiko normaltasun oro», eta urte batzuk lehenago esan zuen halakorik egitea «zibilizazioaren genozidioa» zela, baina burua makurtu zuen Mohamed VI.aren aurrean, eta akordioak sinatu zituen Israelekin; horrek eztabaida gogorrak eragin zituen alderdiaren barruan. Hala, PJDk bere hautesleen parte bat gal dezake datozen hauteskundeotan.

'Marea berdea'

Maroko da marea berdea deiturikoaren azken aztarna, Udaberri Arabiarraren ondoren eskualdeko hainbat herrialdetara heldu ziren protesten azken arrastoa. Arabiar autokrazien aurkako oposizio indar nagusia izan zen hamarkada askoan, eta alderdi islamistak izan ziren iraultzen, lubakien eta erreformen 2011 bizi haren onuradun nagusiak. Anaia Musulmanak Egipton, eta euren jatorrizko alderdietatik Tunisian, Libian eta Marokon jaiotako beste alderdi batzuk, hautetsontzien bidez iritsi ziren boterera, eta euren ospea nola handitzen zen ikusi zuten Jordanian eta Yemenen, adibidez. Hala ere, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek zuzendutako eta Egipton estatu kolpe odoltsua jasan zuen olatu kontrairaultzaile batek atzera eragin die. Tunisiako Ennahda da boterea galdu duen azken alderdia, Kais Said presidenteak uztailaren amaieran emandako indar kolpearen ostean.

Errege etxea herrialdeko boteregune ukiezina denez eta izango denez, marokoar askok ez dute interes handirik hauteskundeetan. Sistemaren kontrako oposizio erradikalak prezio bat du, espetxea, Rifeko matxinadaren buruzagiek egiaztatu duten bezala, edo duela gutxi Omar Radi kazetariak. «Ez naiz bozkatzera joango. Ez dut inoiz bozkatu. Zertarako?», erantzun du zakar Anwarrek, gazte askoren jarrera islatzen duen zerbitzari batek.

Azken hauteskundeetan, izena eman zuten herritarren %43k parte hartu zuten: 35 milioi pertsonatik gorako herrialde batean, sei milioi pertsonak baino gutxiagok. Hauteskunde kanpainako ekitaldiak mugatu eta krisi ekonomikoa eragin duen pandemia dela eta, parte hartzea oraindik apalagoa izango dela uste dute askok. «Orokorrean, PJDk izan ezik, alderdi guztiek enbor komuna dute, alde gutxi daude. Horregatik, zaila da hautesleen interesa piztea», adierazi du Mustafa Sehimi politologoak.

«Bozkatuko dut, noski. Betebehar bat da», azaldu du Jamal taxilari beteranoak. Lehen ezkerrarekin eta orain islamista moderatuekin lortutako oposizioaren kooptazio eta etxekotzeak eztabaida publikoa despolitizatzea lortu dute. Horrek azaltzen ditu boto aldaketa batzuk, ideologikoki ulertzen ez direnak. «Nik lehen PJDri eman nion botoa, baina orain Akhannoutxen alderdiaren alde egingo dut. Aberatsa da, eta, horregatik, ez du diru publikorik lapurtuko. Gainera, programa ekonomiko ona du», gaineratu du Jamalek.

Independenteen Konbergentzia Nazionaleko (RNI, frantsesezko siglengatik) liderra da Aziz Akhannoutx, eta herrialdeko gizonik aberatsenetako bat. Akwa Group konglomeratuaren zuzendari exekutiboa ere bada, energiaren sektorean espezializatua. Errege etxeak beti du gogoko alderdi bat, nekazari eremuetan indartsua izaten dena, non jauntxoen praktikek bere horretan jarraitzen duten. Aurreko hauteskundeetan, makhzen-aren gustukoena PAM zen, baina higaduraren ondoren, RNI gorantz ari da kotizatzen. Establishment-aren marka berria da. Izan ere, PAMeko eta PJDko politikari nabarmenek babesa bilatu dute euren hauteskunde zerrendetan. Izan ere, transfugismoa, eszena politikoaren desideologizazioaren azken adierazpena, oso ohikoa da Marokon. Alderdi nabarmenen zerrenda USFFko sozialdemokratek eta Istiqlaleko nazionalistek osatzen dute, bi historikok, hain zuzen ere.

Bestalde, ez da erraz jakiterik noren alde edo noren aurka bozkatuko duten herritarrek, ez bakarrik transfugismoagatik, baita inkestarik plazaratu ez dutelako ere. Izan ere, 2016an debekatu egin zituen galdeketak Barne Ministerioak. Horrez gain, lehen aipatutako hauteskunde legearen erreformak kalte egingo die alderdi handienei, ordezkaritza lortzeko gutxieneko %3ko muga ezabatu baitzuten haren bitartez,PJDri pisua kentzeko asmoz. Aldiz, USFFko sozialdemokraten eta bestelako alderdi historikoen mesedetan izan daiteke aldaketa.

Modernizazioa

Azken urteotan, Marokoko azpiegiturak nabarmen modernizatu dira: abiadura handiko tren bat martxan jarri du, kontinenteko energia berriztagarrien plantarik handienak eraiki ditu, eta Tangerko portua berritu du, Mediterraneoko portu nagusietako bat bihurtzeko. Gainera, herrialdeak Txinarekin akordioak lortu ditu COVID-19aren aurkako Sinopharm txertoa ekoizteko, eta dagoeneko herritarren %40 daude txertoa hartuta, Afrikako kontinentearen buru. Marokon dagoeneko 15 milioi pertsona txertatu dituzte —herritarren %42—, eta bozak hirugarren olatu betean egingo dituzte. Azken asteetan hildako kopuruak ere gora egin du, eta egunean ehun heriotza inguru jakinarazi dituzte. Horrek ere eragina izango du parte hartzean, asko izan baitaitezke kutsatzeko beldurrak etxean uzten dituen herritarrak.

Hala ere, Marokoko errealitate ekonomiko eta sozialaren beste alde bat dago. Desberdintasuna etengabe hazten ari da, eta benetako langabezia tasa %10 ofiziala baino askoz handiagoa da; hori dela eta, inkesta batzuen arabera, gazteen erdiek ere Europara emigratu nahi dute.

Herritarren desafekzioaz jabetuta, erregeak garapen inklusiboagoa lortzeko erreforma programa handi bat aurkeztu du, osasun publiko unibertsala jasotzen duena. Hautetsontzietan islatutako indar oreka berrien ondorioz sortutako hurrengo ministroei errege asmoak ezartzea egokituko zaie, Marokon antzina-antzinatik gertatzen den bezala.

Bestalde, emakumeei dagokien ordezkaritza ere handitu du hauteskunde legeak, eta gaurko bozetan 90 eserleku izango dira haientzat —legebiltzarrak 395 aulki ditu—, aurrez baino 30 gehiago. Feministek, ordea, gutxiegitzat jo dituzte kopuruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.