Kolonbia

Desagertuen lorratzaren bila

Azken 60 urteetan 100.000 desagertze salatu dituzte Kolonbian. Horietatik gehienak 1990eko hamarkadan egin zituzten paramilitarrek eta segurtasun indarrek. Baina gaur egun oraindik senideek ez dakite non dauden edo zer gertatu zitzaien bahitutakoei, eta ikertzen hasi direnetako askok erbestera joan behar izan dute mehatxuengatik.

Medellinen, Desagertuen Egunean egindako elkarretaratze bat, abuztuaren 31n. LUIS EDUARDO NORIEGA / EFE.
Bogota
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun

N ire amaren atxiloketaren berri eman zuen prentsak, eta, ondorioz, aske utzi zuten, ezin baitzuten une horretan desagerrarazi. Kartzelatik atera zenetik, Polizia bere atzetik ibili zen. 1987an Bogotara etortzeko deitu nion. Etorri egin zen, eta nire lehen jaunartzea egin nuen egunean eraman zuten. Zibil jantzitako bederatzi gizonek bahitu zuten nire etxe aurrean», azaldu du Erik Bautistak. Kolonbian azken urteetan izandako milaka desagertzeetako baten biktima izan zen haren ama.

Kolonbian indarrez desagertutako 100.000 pertsona baino gehiago erregistratu dituzte 1962. urtetik hona. Horietatik 237 kasutan bakarrik eman dute auzitegiek sententziaren bat, eta azken horietatik batzuetan bakarrik izan da erantzulearen aurkako kondenaren bat. «Datu horiek iradokitzen dute demokrazia zaurgarri batean bizi garela. Ez dugu ahaztu behar Hego Konoko diktaduretan 30.000 pertsona desagertu zirela, eta, hemen, demokrazian gutxienez lau aldiz gehiago», adierazi du Erik Arellanak, Desapariciones Forzadas gobernuz kanpoko erakundeko kideak.

Kolonbiako zenbait eremutan, salatutako kasu bakoitzeko beste bi pertsona desagerrarazten dituzte. Kopuru horiek handiagoak dira paramilitarren edo narkotrafikoan aritzen diren taldeen kontrolpean dauden eremuetan: sei desagertze gehiago salatutako kasu bakoitzeko. Hala ere, 1962tik hona desagertu diren pertsonen kopuruak ez dira zehatzak, pertsona asko beldur dira beren lagun, senideen... desagertzeak salatzeko, horrek ondorio latzak ekar ditzakeelako haientzat edo haien familientzat.

Kolonbian, 1970eko hamarkadakoak dira behartutako lehen desagertzeen datuak, nahiz eta halako kasuen lehen lekukotzak 1903koak izan. Baina 1970eko hamarkadatik aurrera desagertzeak sistematikoak bilakatu ziren, eta militarrak izan ohi ziren gehienetan horien erantzule. Kolonbian salatutako lehen kasuak oposizioko politikarienak izan ziren, garai hartako gerrilla taldeekin edo gizarte erakundeekin loturiko jendea.

Desagertze kolektiboak

1980ko hamarkadan desagertze kolektiboak hasi ziren. Lehenengo kasua 1982koa da, Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko ikasle batzuk desagertu zirenean. Desagerrarazteak beste kutsu bat hartzen hasi ziren orduan. Gobernua bilakatu zen desagertze horien sustatzaile nagusi, eta harekiko kritikoak zirenen aurkako tresna gisa baliatu zuen. Estatuarenak ziren tresna hura maneiatzen zuten eskuak.

Hamarkada bat geroago, 1990eko urteetan, paramilitarrak bete-betean sartu ziren gatazkan, eta gobernuak hasitako bideari eutsi zioten, desagertzeak gerra tresna gisa baliatuaz; horren ondorioz, kasuak nabarmen ugaritu ziren. «Paramilitarrek II. Mundu Gerran naziek baliatutako teknikak erabili zituzten: kontzentrazio esparruak, errausketa labeak... Gorpuak ibaien arroetara botatzen zituzten, eta ibaiak hobi komun bihurtzen hasi ziren», azaldu du Arellanak. Gerora, eta garai hartako talde paramilitarretako kideen aitortzei esker jakin zen goi mailako arduradun militarren bidez jasotzen zutela desagerrarazi nahi zituzten pertsonei buruzko informazioa. «Estatuarekin elkarlanean egiten zituzten krimenok», nabarmendu du Arellanak.

1990eko hamarkadaren hasieran, Kolonbiako historiako desagertze kolektibo handiena gertatu zen: 43 nekazarirena. 1990eko urtarrilaren 14ko gauean Tangueros talde paramilitarreko 60 kide sartu ziren ezkutuan Antioquiako Pueblo Bello herrian, Fidel Castaño zuten buru. Lekukoek gerora azaldu zutenez, 43 nekazari aukeratu, lotu eta kamioi batean eraman zituzten. Handik urte batzuetara jakin zen, Cordobako etxe batera eraman zituztela, eta han galdekatu eta torturatu egin zituzten. Aurrez, baina, senideek gertuen zuten kuartel militarrera jo zuten laguntza eske, eta hango arduradunak hala esan omen zien: «Abereak pertsonekin trukatu dituzte Pueblo Bellon». Bahiketa baino egun batzuk lehenago Castañori egindako lapurretaz ari zen militarra. Paramilitarrari 43 abere ebatsi zizkioten, ustez ELN Nazioa Askatzeko Armadako gerrillariek, eta paramilitarrek bahiketarekin erantzun zuten. Desagertutako 43 lagunetatik soilik zazpiren gorpuak berreskuratu dituzte gaur arte.

Kasu guztiak, baina, ez dira berdinak eta zenbait argitu egiten dira, nahiz eta horretarako hainbat urte itxaron behar izan. Horiek dira M-19 gerrillako kide Irma Franco eta Bogotako Justizia Auzitegiko langile izandako Carlos Rodriguez eta Bernardo Beltran Hernandezen kasuak. Aste honetan bertan, Kolonbiako armadako koronel erretiratu Edilberto Sanchezi 40 urteko kartzela zigorra ezarri diote hiruren bahiketan parte hartzeagatik.

Orain arte jasotako 100.000 desagertzeetatik gehienak 1990eko hamarkadan gertatu ziren, tartean Nydia Erika Bautistarena. Bautista 1987ko abuztuan desagertu zen, Erik Bautista bere semeak lehen jaunartzea egin zuen egunean. Nydia Erika Bautistak Bogotatik alde egin behar izan zuen Calira, M-19 gerrillako kidea izateagatik —gerrillaren aurkako jazarpena nabarmen gogortu zen urte haietan, 1985ean Justizia Auzitegia armekin hartu ostean—. Calin, Kolonbiako Poliziak atzeman zuen, eta torturatu egin zuten. «1986ko maiatzean Calira ihes egin zuen nire amak, eta han atxilotu zuten beste gerrillako kide batzuekin batera. Torturatu egin zuten, baita sexu gehiegikeriak egin ere», azaldu dio BERRIAri Erik Bautistak.

Atxilotu eta gutxira, libre utzi behar izan zuten Bautista, baina semeak ez zuen berriro bizirik ikusiko. Bautista Bogotara itzuli zen semearen jaunartzean egoteko asmoz, baina hara iritsi aurretik bahitu zuten. Geroztik ez zuten berari buruzko informazio gehiagorik jaso, orain dela urte gutxi arte: «Ez genuen besterik jakin bere bahiketan parte hartu zuen zerbitzu sekretuetako kide batek bahitu eta hil egin zutela aitortu zuen arte. Orduan aurkitu ahal izan genuen bere gorpua. Baina hori orain dela urte batzuk izan da», esan du gerrillari ohiaren semeak.

Egia jakin zain

Bautistaren kasuaren antzeko ugari daude Kolonbian. Asko dira beren senideekin zer gertatu den jakin nahi dutenak, baina haiei buruz galdetze hutsak arazoak eragin ditzake, Bautista bera da horren adibide: «Amaren gorpua aurkitu, eta berari gertatutakoa salatu ondoren, erbestera joan behar izan nuen, Kolonbian geratu izan banintz bahitu egingo ninduketelako. Bahitzaileengandik ihes egin nuen 1997an ere. Nire bila etorri ziren etxera, eta ihes egin behar izan nuen. Geroztik, 2003an eta 2013an erbesteratu behar izan dut, beti segurtasun arrazoiengatik. Hiru alditan alde egin behar izan dut etxetik, segurtasun indarrek eta haien esanetara zeudenek jarraitzen zidatelako».

Kolonbian familian desagerturen bat duten askok ihes egin behar izan dute atzerrira, gehienetan Polizia edo agintariekin loturak dituzten pertsonen mehatxuen ondorioz. «Poliziak nire etxeko atean topatu nituen azken aldian, armatuta zeuden, eta hala esan zidaten: 'Hau da ematen dizugun azken abisua'. Desagertze kasuak dokumentatzen ari nintzelako mehatxatu ninduten», salatu du Bautistak. Gutxiengoa dira, hala ere, hark bezala aurrera jarraitzea erabakitzen dutenak; gehienek utzi egiten diote desagertzeak ikertzeari, mehatxuak egia bilakatuko diren beldur.

Desagertze gehienak aurreko hamarkadetan gertatu diren arren, paramilitarrek eta segurtasun indarrek ez diote erabat utzi horiek baliatzeari. «Erakundeko kideok pare bat txosten aurkeztu ditugu desagertzeen figuraren itzulerari buruz, hau da, indar publikoarekin zuzenean loturiko agenteek eta estatuko funtzionarioek atxilotzen dituzten eta gero desagertzen diren pertsonen kasuena. Oraingo mobilizazio sozialaren esparruan gertatu den errepresio maila handia izan da. Egun horietan desagertze ugari salatu zituzten. 425 kasu inguru lehen hilabetean» adierazi du Desapariciones Forzadas erakundeko kideak.

Oposizioak berak ere gogor jo du gobernuaren aurka, azken hilabeteetako manifestazioekin izandako jarrera dela eta. Polo Demokratikoko senatari Ivan Cepedak salaketa aurkeztu du Nazioarteko Zigor Auzitegian, erasotzaileen zigorgabetasuna eta ikerketen atzeratzea gaitzetsiz. Hagan aurkezten duten hirugarren salaketa da. Joan den apiriletik 3.950 desagertze kasuren berri eman dutela adierazi zuen Cepedak berak irail amaieran egindako agerraldi batean. «Auzipetu dituzten gutxiak egile materialak dira, ez da ezer egin agindua eman zutenen aurka», salatu zuen Cepedak.

'Terrorismoa', aitzakia

Gobernuz kanpoko erakundeek eta gizarte zibilak desagertzeak amaitzeko ezer egin ez izana egotzi diote Kolonbiako Gobernuari. Fiskaltza nagusiak, berriz, uko egin dio gertatutakoari buruzko azalpenak emateari. «Azken mobilizazioen kasuan, fiskaltzak argudiatu du desagertutakoetatik asko aurkitu dituztela dagoeneko, baina ez du inongo azalpenik eman desagertzeen zergatiaz. Mobilizazio horietan zeuden dozenaka pertsona desagertuta daude gaur egun», azaldu du Arellanak. Kolonbiako presidente Ivan Duquerengana ere jo dute gobernuz kanpoko erakundeetako kideek eta desagertuen familiek, baina hark aldiro terrorismoaz hitz eginez erantzuten die. «Duqueren gobernuak ez du ezer egin azken mobilizazio hauetan desagertutako pertsonen egoera konpontzeko. Manifestariak terroristak direla, hori besterik ez du esaten», gaitzetsi du Arellanak.

Dena den, familia guztien kasuak ez dira berdinak, ez eta egoera ulertzeko dituzten moduak ere. Baina badira bi puntu denak ados daudenak: gobernuak ez duela nahikoa baliabide bideratu desagertzeak argitzera, eta senideak aurkitzearekin ez dela nahikoa, haiei gertatutakoa ezagutaraztea ere beharrezkoa dela. «Familiek, desagertuak aurkitzeaz gain, zer gertatu zitzaien eta zergatik desagertu ziren ere jakin nahi dute», nabarmendu du Joshua Pimientok, Kolonbiako Egiaren Batzordeko kideak.

Hala ere, giza eskubideen aldeko erakundeen kezka nagusia hauteskundeak eta horrek ekar dezakeen errepresioa dira. «Botere politikoa eskuz aldatuz gero, mekanismo horiek mendeku gisa erabiliko dituzte galtzaileek eta haien gertukoek, gauza bat botere politikoa delako eta beste bat benetako boterea, eskuan daukatenek askatuko ez dutena», ohartarazi du Arellanak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.