Koronabirusa

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Gipuzkoako intzidentzia metatua 1.183 kasukoa da, pandemiako handiena. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan protokoloak zorroztera egingo dute, eta diskotekak-eta itxi egingo dituzte hilabetez

Larunbatetik, COVID ziurtagiria eskatu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako establezimendu batzuetan. Irudian, Donostiako Aratz jatetxea. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Pandemiaren hedapenak ez du gelditzeko itxurarik. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera, 12.902 positibo atzeman zituzten azaroaren 29tik abenduaren 5era arteko astean: hau da, aurreko astean baino %52 gehiago. Datu bereziki txarra izan zen joan den ostegunekoa. Egun hartan egindako probetan, 2.215 kasu atzeman zituzten, daturik txarrena uztailaren 23tik.

Birusa kontrolatzeko ezintasuna erakusten du positiboen ehunekoak: adibidez, herenegun egindako 10.485 probetan 1.548 lagunek eman zuten positibo; hau da, %14,8k. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia bat kontrolpean edukitzeko jarritako %5eko langaren gainetik dago nabarmen.

Gipuzkoako egoera da bereziki larria. Bertan, herenegun egindako probetan, beste 560 positibo atzeman dituzte, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 1.183 kasukoa da, lurralde horretan pandemia osoan erregistratutako handiena. Nafarroan, 435 lagunek eman dute positibo egun bakarrean, eta 828 kasuko intzidentzia daukate; Araban, 184 positibo erregistratu dituzte, eta 739 kasukoa da intzidentzia; eta Bizkaian, 354 lagunek eman dute positibo, eta 435 positiboko intzidentzia daukate. Ipar euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduan zazpi eguneko intzidentzia tasa metatua 557 kasukoa da.

Gero eta jende gehiago gaixotu ahala, gero eta gehiago dira ospitaleko arta behar duten gaixoak ere. Herenegun, beste 42 herritar sartu behar izan zituzten ospitalean gaitzak erasanda, eta, oraintxe, 445 eri daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan. Kopurua etengabe ari da igotzen: duela astebete baino %30 gaixo gehiago daude, eta duela bi aste baino %70 gehiago. Abuztuaren 17tik ez dira hainbeste gaixo egon Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Gainera, horietako batzuk larri daude, ZIUetan. Hain zuzen, 86 pazientek behar dute arta mota hori, duela astebete baino %43 gehiagok eta duela bi aste baino %105 gehiagok.

Hildakoen kopurua ere handitzen ari da, aurreko goraldietan baino motelago bada ere: azken astean, Hego Euskal Herriko 27 biztanle hil dira COVID-19ak jota.

Ipar Euskal Herriko neurriak

Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan protokoloak zorroztuko dituzte. Hirugarren arrisku maila aplikatu beharko dute hezkuntza egoitzetan: maskara derrigorrezkoa izanen da beti, taldeak ez nahasten ahalegindu beharko dira, eta, tokiko egoeraren arabera, lizeoetan klaseen erdia etxetik egiten ahalko dute. Hiru kutsatzetik aitzina, ikasgelak itxiko dituzte.

Frantziako Gobernuak Osasun eta Defentsa Kontseilua izan zuen atzo, eta arratsaldean iragarri zituzten bertan erabakitako neurriak Jean Castex Frantziako lehen ministroak eta Olivier Veran Osasun ministroak. Bosgarren olatua iritsi bada ere egoera orain dela urte bat baino hobea dela erran zuen Castexek, eta hori txertaketari esker izan dela. Hala ere, abisatu zuen txertoak COVID-19aren forma larriak eta heriotzak saihestea ahalbidetzen badu ere, «indartze dosi bat beharrezkoa dela immunitatea atxikitzeko». Hirugarren txertoa emateko kanpaina abiatu dute berriki. 5 eta 11 urte artekoen txertatzea ere «hurbil» dagoela adierazi zuen. Frantziako Osasun Aginte Gorenaren eta Frantziako Etika Batzordearen oniritzia lortzen badituzte, abenduaren 15ean hasiko dira. Veranek zehaztu zuen inor ez dela «behartua» izanen.

Birusaren hedapena mugatzea eman du helburutzat Castexek. Hala ere, konfinamendu edo etxeratze agindu oro baztertu zituen. Telelana orokortzera deitu, diskotekak itxi, eta eremu profesionaleko eta pribatuko ospakizunak saihesteko eskatu zuen. Ostiral honetan itxiko dute gaueko aisialdia, eta hilabetez egongo dira itxita dantzalekuak. Gabon giroko azoketan-eta ere, halaber, osasun ziurtagiria ezinbestekoa izango da, eta urte bukaera bitartean, oro har, jai giroko ekitaldien «erritmoa» apaltzeko eskatu dute. Segurtasun neurri gabeko jaiak «debekatuko» dituzte.

Nafarroan, berriz, oraingoz ez dira ari aztertzen birusa hesitzeko beste neurriren bat hartzea, Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek SER irratian egindako elkarrizketa batean esan duenez: «Txertaketa ahalik eta gehien bizkortzea da aztertzen ari garena, eta COVID pasaportea ondo funtzionatzen ari zaigu». Adierazi du COVID ziurtagiria eskatzeak jendea txertatzera bultzatu duela: ziurtagiria eskatzen hasi aurretik ordurik gabe 75 lagun inguru txertatzen ziren egunero; orain, 250 dira. Araban, Bizkain eta Gipuzkoan ere aurrera egiten ari da txertaketa, batez ere hirugarren dosiari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.