Turkia. Liraren krisia

Eskuetatik ihes egiten duen dirua

Erdogan presidenteak inposatutako diru politika heterodoxoak lagunduta, Turkiako lirak bere balioaren %45 galdu du azken urtean. Debaluazioa inflazioa elikatzen ari da, eta arazo latzak eragiten dizkie herritarrei.

Istanbulgo herritar batzuk dibisak trukatzeko bulego batean, abendu hasieran. SEDAT SUNA / EFE.
Istanbul
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Soldata kontuan sartzen didatenean, den-dena eurotara trukatzen dut. Ikusiz gero lira asko erortzen dela, kopuru txiki batzuk lira bihurtzen ditut. Horri esker, truke tasarekin jokatuta, hilabete honetan 500 lira aurreztu ahal izan ditut», azaldu du Ceylanek, Istanbulgo arkitektura ikasle eta zerbitzariak. Badira hiru aste emakume gazte horrek aplikazio bat deskargatu zuela Turkiako liraren eta euroaren eta AEBetako dolarraren arteko truke tasaren jarraipena egiteko. «Adiskide guztiek gauza bera egiten dute. Lirekin geratuz gero, ikusten duzu egunetik egunera diru gutxiago daukazula».

Liraren amiltzea hasi zenetik, truke tasa elkarrizketarako gai arrunta da Turkiako kafeetan, azoketan eta etxeetan. Urtea hasi denetik, bere balioaren %45 galdu du euroarekiko eta dolarrarekiko, eta galera %30ekoa izan da azaroan soilik. Ondorioa latza da langileen soldatetan. «Duela hilabete, nire soldata 340 euroren adinakoa zen; orain, 250 euro eskas dira», kexu da Ceylan.

Turkiako Banku Zentralaren hainbat erabakik, Recep Tayyip Erdogan presidentearen presiopean hartutakoak, eragin dituzte Liraren etengabeko gorabehera hauek. Presidentea makroekonomiari buruzko bere ikuspegi heterodoxoa inposatu nahian dabil, eta, horren eraginez, banku zentralak azken hiru hilabeteetan portzentajean lau puntu txikitu ditu interes tasak, %19tik %15era. Inflazioa nabarmen handiagoa da %21,3 azaroan, jakin berri denez, eta ekonomista gehienek uste dute interes tasek inflazioaren mailan edo gorago egon behar dutela, bestela interes erreala negatiboa delako, eta horrek maileguak neurri gabe haztea eta inflazioa bera puztea ekarri ohi duelako.

Bere erabakiak justifikatzeko, banku zentralak argudiatu du diru politika zorrotzak «uste baino gehiago» jaitsi dituela mailegu komertzialak —hori da berez interesak igotzearen arrazoietako bat—, eta kontuan hartu behar zuela ekonomia errealaren «sufrimendua».Neurri horiek, baina, liraren balio galera bizkor bat eragin dute, merkatuak ez baitira fio inflazioari diru merkearekin erantzuten dion politika batez. Eta lira ahuldu ahala indartzen ari da inflazioa.

Korrontearen aurka

Kontrako eragina espero zuen Erdoganek. Interes tasei «gaiztoa den guztiaren sorburu» deitu die, eta behin eta berriro aldarrikatu du interes tasak jaisteak prezioen igoera etengo duela. Halaber, ziurtatu du lira merkeagoari esker gehiago esportatu ahal izango dutela Turkiako enpresek, nahiz eta ez duen kontuan hartu haietako askok kanpotik ekarritako—eta debaluazioaren ondorioz garestiago ordaindutako— lehengaiak eta osagaiak behar dituztela beren ekoizpenerako.

Argi antzematen da presidenteak zer presio egin duen banku zentralaren buruzagitzan, azken urte eta erdian hiru gobernadore izan baititu. Erdoganek dekretu bidez aldatzen ditu gobernadoreak, baita zuzendaritzako beste kide batzuk ere; horietako azkena, aurreko astean, merkatuen arduradun.

Erdoganen esku hartzeak merkatuen mesfidantza ekarri du, eta, ekonomiaz hitz egiten duen bakoitzean, lira gehiago ahultzen da. Azken jaitsiera handia azaroaren amaieran iritsi zen: Erdoganek adierazi zuen ez zuela utziko interes tasa handiek« geure jendea zapaltzen», eta, saio bakar batean, lirak bere balioaren %11 galdu zuen ziztu bizian.

Turkiako ekonomistek uste dute oraingo krisia Turkiak 2018an jasandakoa baino okerragoa dela. Gatazka diplomatikoa izan zuen orduan Ankarak AEBekin; Washingtonek zigor komertzialak jarri zizkion, eta lirak balioaren %34 galdu zuen aste gutxiren buruan. «Oraingo arazoa ez da soilik debaluazio larria dagoela, baizik eta gorabeheratsua dela. Enpresek ez dute erantzuteko denborarik, ezta beren prezioak egokitzeko tarterik ere. Gainera, ekoizpenari ere eragiten dio», azaldu duEmre Deliveli ekonomistak. «Azken egunotan ikusi dugu zer gertatu den Applerekin. Liraren gorabeherak direla eta, bi egunez dendak itxi behar izan zituzten, ez baitzuten astirik izan beren produktuen prezioak egokitzeko».

Gainera, egunotan, gasolindegietan eta supermerkatuetan ilara luzeak izan dira, herritarrak erosketa orgak eta autoetako erregai deposituak bete nahian dabiltzalako prezioak igo aurretik.

Ekonomista gehienek uste dute Turkiako Gobernuaren asmoa dela lirak balio galtzea esportazioei eta turismoari bultzada emateko. «Eredu ekonomiko berriak ez du zentzurik. Uste dute esportazioak lehiakorragoak izango direla eta, ondorioz, kanpo merkataritzaren defizita eta inflazioa txikituko direla», azaldu du Delivelik, «Paperean, teoria horrek funtziona dezake, baina errealitatean, ez. Turkian, asko inportatu behar dugu zerbait ekoitzi ahal izateko, eta, lira erortzen bada, orduan ekoiztea ere garestiagoa da. Gainera, enpresa askok atzerriko dibisetan dituzte zorrak, eta gero eta garestiago eta zailago zaie zor horiek kitatzea».

Egia da Turkiaren esportazioak %34 handitu direla iaztik, baina Delivelik adierazi du haiekin lortutako irabazia oso eskasa dela, ekoizpen kostuak ere handitu direlako, eta atzerriko dibisetan dagoen zorra BPGaren %40 delako.

Pobrezia hedatzen ari da

Enpresentzat egoera latza bada, zer esanik ez herritar arruntentzat. Aurrezkiak zituztenek ikusi dute inflazioak gordetako diruaren balioa gutxitzen ari dela, eta herritar guztiak ohartzen ari dira gero eta diru gehiago behar dela erosketa saskia betetzeko. Estatistika ofizialak aintzat hartuta,azaroan inflazioa %21,3ra iritsi zen, baina azterketa independente batzuek ohartarazi dute benetakoa inflazio hori halako bi izan daitekeela.

Sevval Senerrek, Pobrezia Sakona gobernuz kanpoko erakundeko kideak, salatu du azken urtean prezioak bikoiztu egin direla, eta gero eta nekezagoa dela pobreziaren mugan dauden familiei laguntza ematea. «Familia baten hilabete bateko beharrak asetzeko, barazkiak, garbiketarako produktuak eta pixoihalak dituzten saskiak egiten ditugu: 2020ko martxoan, 250 lira behar genituen saski bakoitzerako; orain, 500 lira dira».

Senerrek ohartarazi du gero eta ohikoagoa dela familiek auzoko dendan zorrak izatea, eta gero eta gutxiago erostea. «Batzuetan, edalontzi bat olio erosten dute, botila bat erosi beharrean. Edo hiruzpalau pixoihal erosten dituzte, supermerkatuan pakete osoa erosi beharrean».

Istanbulgo denda txiki baten jabe da Umit Azcan, eta Senerrek dioena baieztatu du. «Lehen, auzotarrei uzten nien zorretan egotea, baina, orain, dozena bat familiari bakarrik uzten diegu, larrien dabiltzanei. Jabetu gara derrigorrezkoak ez diren gero eta produktu gutxiago erosten dituztela. Saiatzen gara prezioak askorik ez igotzen, baina oso zaila da; guk ere sufritzen dugu inflazioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.