Hezkuntza Katalunian

Generalitateari bi hilabete eman dizkiote eskolen %25 gazteleraz izateko

Auzitegi Nagusiak hamar eguneko epea eman dio Kataluniako Gobernuari epaia nola aplikatuko duen azaltzeko. Aragonesek erantzun du ez dutela onartuko «kohesio soziala arriskuan» jartzea

Som Escola plataformak deituta iragan abenduan murgiltze ereduaren alde Bartzelonan egin zuten manifestazioa, Ara i sempre, l'escola en català lelopean (Orain eta beti, eskola katalanez). DANI CODINA.
Edu Lartzanguren - Ander Perez Zala
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bi hilabete. Epe hori eman dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Generalitateari katalanezko murgiltze eredua baztertzeko eta gutxienez eskolen %25 gazteleraz ematera behartzen duen ebazpena ezartzeko ikastetxe guztietan. Eta ez hori bakarrik: Pere Aragones buru duen gobernuak berehala azaldu beharko du nola aplikatuko duen epaia, auzitegiak hamar eguneko epea eman baitio hori egiteko.

Erabaki horrekin, epaileek itxi egin dute sententzia, eta, printzipioz, Kataluniako Gobernuak agindua indarrean sartu beharko luke; halere, ikusteko dago nola erantzungo duen, iraganean esana baitu ebazpena desobedituko duela. Horretaz, Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambrayk atzo adierazi zuen «espero» zutela Auzitegi Nagusiaren jakinarazpena, prozeduraren parte delako, eta orain azalpenak eskatuko dizkiotela irakastorduei buruzko erabakiaz. Hori bai, Hezkuntza kontseilariak zehaztu zuen atzoko albisteak ez duela «ezer aldatu», eta murgiltze eredua arautzen duen legea aplikatzen jarraituko dutela.

Aragonesek ere bide horretatik jo zuen, eta Twitter sare sozialaren bidez erantzun zuen ez dutela onartuko «kohesio soziala arriskuan» jartzea: «Katalana ez da ukitzen, eta eskola katalana ere ez. [...] Aski da hezkuntza politizatzeaz». Antzeko hitzekin mintzatu zen Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidentea ere, esan baitzuen epaiaren aurrean «ezikusi» egin behar dutela: «Ezin da errespetatu eskolari, hizkuntzari eta elkarbizitzari eraso egiten dien sententzia bat. Oinarrizko adostasuna gotortu beharra dago. Herrialdearen kohesioaren eta harrotasunaren adibide da».

Kataluniako Gobernuaren kasazio helegitea baztertuta, Espainiako Auzitegi Gorenak iragan azaroaren 24an eman zuen ontzat murgiltze eredua amaitzeko erabakia —Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen hori, 2020ko abenduan—; horren arabera, ikasleek «berehala» hasi behar zuten eredu berri horretan ikasten, baina Gonzalez-Cambrayk «lasaitasuna» eskatu zien orduan ikastetxeei, eta indarrean dauden programak ez aldatzeko. «Egungo ereduari eutsiko diogu», ziurtatu zuen Hezkuntza kontseilariak.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Kataluniako Gobernuak neurriak hartu behar dituela ikastetxeetan gaztelania eta katalana «normal» erabil daitezen, haietako baten «erabilera sinboliko hutsa» saihesteko. Horrek, praktikan, eskolen laurdena gazteleraz ematea esan nahi du, eta, noski, jende asko haserrearazi zuen.

Hala, iragan abenduaren 18an milaka lagun bildu ziren Bartzelonan murgiltze ereduaren alde Som Escola plataformak deitutako manifestazioan; epaiaren aurka, katalanezko eskolak duen «herri kontsentsua blindatzeko» eskatu zieten erakundeei. ERC, JxC, CUP, En Comu Podem eta Democrates alderdiek ere arbuioa adierazi zioten sententziari, baita hezkuntzan gehiengo diren USTECáSTEs, Intersindical, UGT eta CCOO sindikatuek ere.

Hil horretan, gainera, Aragonesek azaldu zuen ikastetxeetako ikuskatzeak areagotu egingo zituztela bermatzeko katalanez egin behar diren eskola eta proiektu guztiak hizkuntza horretan egiten dituztela; Kataluniako gobernuburuaren arabera, horren helburua da eredu «arrakastatsua» defendatzea, «elkarbizitzarena».

Erabilera, behera

Generalitateko Hezkuntza Saileko Ebaluazio Kontseilu Nagusiak DBHko laugarren mailako ikasleen artean berriki eginiko azterlan baten arabera, katalanaren erabilera gutxitzen ari da ikastetxeetan.

Zehazki, 16 urteko gazteen %21ek soilik erabiltzen dute beti edo ia beti katalana ikaskideekin talde lanak egitean, baina duela hamabost urte ia %68 ziren; %28k, berriz, ez dute inoiz edo ia inoiz erabiltzen katalana (%11 ziren 2006an). 2006ko, 2013ko eta 2021eko datuak alderatu dituzte txostenean, 55 ikastetxetako 3.200 gazterekin egindako ikerketan. «Hizkuntza erabilera aldatu egiten da eremua lagunartekoa ala instituzionala izan», ondorioztatu dute dokumentuan.

Eskolatik kanpoko erabilera ere aztertu dute txostenean, eta hor ere gaztelaniazko aisia erabiltzen dute gaztetxoek, bai irakurtzean, bai ikus-entzunezkoetan, bai sare sozialetan, baita kirolean ere. Hala, eskolatik kanpoko harremanetan, ikasleen %33k erabiltzen dute katalana beti, ia beti edo sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.