Albistea entzun

Euskara. Hizkuntza politika Nafarroan

Euskarazko arretari entzungor

PSNk blokeatuak ditu administrazioa euskalduntzeko planak. Lanpostuetan euskara eskakizunak jartzea eta A eredua unibertsalizatzea «marra gorria» da
Maria Txibite lehendakaria eta Javier Remirez lehendakariordea, parlamentuan.
Maria Txibite lehendakaria eta Javier Remirez lehendakariordea, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko ekainak 15 - Iruñea

«En castellano, mesedez»; «nahiago baduzu langile euskaldun batekin hitz egin, etor zaitez beste tarte batean»; «albiste honi buruz gehiago jakiteko, kontsultatu ezazu gaztelaniazko bertsioa». Nafarroako administrazio publikoak eskaintzen duen arretan —aurrez aurrekoan eta telematikoan— horiek dira euskaldunek jasotzen dituzten erantzun ohikoenetako batzuk. Gobernuaren leihatila itxita egoten da sarri euskarazko arta aukeratzen dutenendako.

Arazoa aspaldikoa da: funtzionario lanpostu gehienetan ez dago ezarria euskaraz jakiteko betebeharrik eta, hortaz, sarritan ezinezkoa da administrazioarekin euskaraz aritzea itzulpen zerbitzuetara jo gabe. UPNren azken agintaldian, euskara lanpostu publikoen %0,9tan zen eskakizun —Hezkuntza Departamentuko postuak kenduta, hor sartzen baitira D ereduko irakasleak, besteak beste, eta horrek irudi distortsionatua eman dezake—. Ehun postutik bakarrean zen beharrezkoa euskara jakitea herritarrei zerbitzua emateko.

Hurrengo legealdian, joera aldatu nahi izan zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko gobernuak, baina urratsak «oso txikiak» izan zirela salatu du euskalgintzak behin baino gehiagotan. Gaur egun ere, egoera zertxobait hobea den arren, hizkuntza eskubideen urraketek «ez dute etenik», Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera. Erakunde horrek Nafarroako Gobernuko lantalde organikoa aztertu zuen iragan martxoan, eta, txosten horretan irakur daitekeenez, funtzionario lanpostuen %3k baizik ez dute elebidun izateko betebeharra. Are: zenbait departamentutan, postuen %2k baino gutxiagok ezarria dute hizkuntza eskakizuna. «Nafarroako Gobernuak ezin du esan hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, gaur-gaurkoz ez duelako gaitasunik, lanpostu elebidunen kopurua oso urria baita», salatu zuen Agurne Gaubekak, Behatokiko zuzendariak, diagnostikoaren aurkezpenean.

Egoerari buelta ematen hasi eta euskarazko gutxieneko arreta bermatze aldera, aldaketaren gobernuak zenbait mekanismo abiarazi zituen aurreko legealdian: Euskara administrazioan arautzeko 103/2017 dekretua, departamentuetako hizkuntza planak, eta Euskararen Plan Estrategikoa izan ziren horietako batzuk. Gaur egun, indarrean dira oraindik, baina kamustuta erabat, bai epaileek partzialki baliogabetu dituztelako, bai PSNk atzera egin eta horiek garatzeari uko egin diolako.

Dekretua: lehengo lepotik burua

Aurreko legealdian, 1986ko Euskararen Legea aldatzeko eta zonifikazioa desegiteko kontsentsurik ez zegoela ikusita, Uxue Barkosen gobernuak erabaki zuen hizkuntza politikari lotutako aldaketak atalka egitea; lege horrek mugatuta, bai, baina haren interpretazio «malguagoa» eginez. Administrazioan euskara arautzeko 103/2017 foru dekretua izan zen neurririk aipagarrienetako bat. Arauak agintzen zuen, besteak beste, euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela Nafarroa osoko oposizio lehiaketetan eta gainerako merezimendu lehiaketetan.

2019an, ordea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen puntu hori —eta beste zenbait—, eta hutsune juridiko handia sortu: ordutik, ehunka lan deialditan 0 puntu eman dituzte euskara jakiteagatik. Ingelesa, frantsesa eta alemana, aldiz, herrialde osoko lehiaketetan puntuatu dituzte meritu gisa.

Epaileek dekretua kamustu eta ia hiru urtera heldu da PSNren gobernuak ondutako adabakia: merezimenduen dekretua. Euskalgintzak kalean salatu du «atzerapauso onartezina» dela, 2017ko arauarekin alderatuta eskubide gutxiago aitortzen dizkielako euskaldunei. Are, dekretu berriaren aurrekari eta erreferente nagusia UPN-CDN koalizioaren garaiko arau bat da, 2009koa.

Zer aldatu da arau berria indarrean denetik? Euskara meritu dela eremu mistoko lan deialdi bakan batzuetan, eta hortaz, puntu gehigarri batzuk dagozkiela euskara titulua akreditatzen duten hautagaiei —euskara derrigorrezko baldintza ez den prozesuetan, betiere—. Gainerakoan, lehengo lepotik burua: euskara jakitea merezimendu da eremu euskalduneko oposizio lehiaketa guztietan, baina eremu ez-euskalduneko deialdietan, aldiz, ez. Horietan, alemanaren azpitik segituko du euskarak.

Departamentuetako planak, hankamotz

Kalapita handia sortu zuten 2017ko euskararen dekretua baliogabetzeak eta PSNren merezimenduen dekretu murriztaileak. Administrazioa euskalduntzeko, baina, bada hori baino baliabide eraginkorragorik. Izan ere, dekretuak ez du arautzen administrazioko zein postutan den ezinbesteko baldintza euskara jakitea, soilik zeinetan eman ditzakeen puntu gehigarriak, eta zenbateraino. Gobernuari dagokio erabakitzea zein lanposturi ezarriko dion hizkuntza eskakizuna eta zeini ez. Hor dago gakoa.

Hain zuzen, gobernuko sail bakoitzeko hizkuntza beharrak identifikatu eta jendaurreko postuetan langile elebidunak jartze aldera, departamentuetako hizkuntza planak diseinatzeko ardura hartu zuen Euskarabidea institutuak 2019an. Plan horiek helburu nagusi bat dute: departamentu bakoitzean, herritarrei euskarazko arta eman ahal izateko «lehentasunezko unitateak» identifikatzea, eta unitate horietan hizkuntza eskakizuna ezarri beharreko lanpostuak zehaztea. Helburu horrez gain, ordea, planek badituzte beste ardatz batzuk ere. Hala nola langileen formakuntza antolatzea, herritarrak euskaraz artatzeko irizpideak finkatzea, arreta telematikoa garatzeko bideak zehaztea eta hizkuntza paisaiaren gaineko diagnostikoa garatzea.

Planak onartuta daude 2020ko udatik, eta 2023ra arte izanen dira indarrean, baina Nafarroako Gobernuak punturik garrantzitsuena utzi zuen airean: lanpostuen euskara eskakizunei dagokiona. «Planak onartuta daude, eta 2022 arteko garapena marraztua dago nolabait, baina ezarritako helburuetatik, hizkuntza eskakizunen gaia da gauzatu ez den bakarra», azaldu dio BERRIAri Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak.

Maiatzaren 6an, EH Bilduko Bakartxo Ruizek gai horretaz galdetu zion gobernuari parlamentuan. Javier Remirez lehendakariordeak onartu zuen txostenak eginak daudela, baina Funtzio Publikoko Mahaira igorri behar dituztela, sindikatuekin negoziatzeko. Urrats hori egitea Nafarroako Gobernuari dagokio, ez beste inori. Zehazki, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari. PSNri, alegia.

«Txibite lehendakariak esan zuen planak erabat onartuak izanen zirela urteko lehen hiruhilekoan, baina ez du hitza bete. Deigarria da euskararen inguruko arauekin duzuen atzerapena; PAI legea, berriz, bi aste eskasetan onartu zenuten», esan zion Ruizek. Izan ere, hizkuntza eskakizunen proposamena onartzen denerako, iraungitzear izanen dira 2020-2022 eperako planak.

Euskarabideko zuzendariak berak azaldu du hizkuntza eskakizunen txostenak «apiriletik» daudela Presidentetza Departamentuaren mahaian, baina «lan karga handiari» egotzi dio atzerapena: «Departamentuekin batera eginiko lana da, eta sinetsita nago borondatea izanen dutela txostenak onartzeko. Emaniko hitza beteko dutela, alegia».

Luze joko du, hala ere: «Lehen pausoa da proposamena sindikatuei aurkeztea, haiekin negoziatzea eta, horren ondotik, aztertu beharko da lanpostu elebidunen hutsune hori nola bete». Aurreko legealdian onartutako prozeduraren arabera, departamentu edo unitate horietan lanean diren langile elebidunak identifikatuko dituzte lehenbizi, horiek jendaurreko postuetan jartzeko —ados baleude, betiere—. «Horiekin beharrak beteko ez balira, aztertu beharko litzateke nortzuk dauden euskarazko formakuntza jasotzeko prest, eta, horren ostean, adjudikatu gabeko lanpostuak gauzatuko lirateke lan eskaintza publikoen bidez», azaldu du Arregik.

Planen edukiari dagokionez, Euskarabideko buruak aitortu du «gabezia ugari» daudela oraindik administrazioa euskaratzeko prozesuan eta «epe luzeagoko bilakaerak» sustatu beharko dituztela egoerari buelta emateko, baina «norabide bat» zehaztu nahi izan dutela departamentuetako hizkuntza planen bidez. Tramite telematikoetan eginiko urratsak nabarmendu ditu: «Gobernuaren web atarian egin daitezkeen tramiteen eskaintza gero eta handiagoa da: planen diseinua abiatu genuenean, tramiteen %20 zeuden ele biz; orain, ia %50 eskaintzen dira euskaraz ere».

II. Plan Estrategikoa, ez aurrera ez atzera

Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko abiatu dituen egitasmoen artean, Euskararen II. Plan Estrategikoa da zabalenetako bat: hizkuntza politika publikoen helburuak, lan ildoak eta estrategiak biltzen ditu planak, eta hainbat proposamen egiten ditu euskararen gizarte erabileraren, hezkuntzaren, zerbitzu publikoen eta araugintzaren esparruan.

Iazko urrian aurkeztu zuten planaren zirriborroa Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendariak, helburua baitzen 2022ko lehen hilabeteetan indarrean sartzea. Bide luzea egin zuen txostenak: hilabetez, ikusgai izan zen Nafarroako Gobernuaren atari irekian, elkarte eta norbanakoek aukera izan zuten ekarpenak egiteko, eta Euskararen Nafar Kontseiluaren tramitea ere gainditu zuen. Orain, baina, blokeaturik dago, ez aurrera ez atzera. Auzi hau ere PSNren esku dago.

«Dirudien bezain tamalgarria da egoera», azaldu dio BERRIAri gobernuko iturri anonimo batek. «PSNko buruek ez zuten parte hartu nahi izan plana ontzeko prozesuan, ez zuten ekarpenik egin horretarako aukera izan zutenean, eta, are, uko egin zioten Euskararen Nafar Kontseilura ordezkari bat bidaltzeari. Orain, planak tramite guztiak bete ostean, ez daude konforme adostutakoarekin, eta moldaketak egin nahi dizkiote».

Oraingoz, PSNk ez du eman Euskararen II. Plan Estrategikoaren gaineko iritzi ofizialik, baina hartan jasotako zenbait proposameni ezezko borobila eman izan diete alderdiko zenbait kidek. «A eredua unibertsalizatzeko proposamenarekin, adibidez, ez daude batere konforme. Marra gorria da haientzat», esan dute gobernuko iturriek. Izan ere, II. Plan Estrategikoan jasotako proposamenetako bat da Nafarroako haur guztiek izan dezatela euskararekin gutxieneko kontaktu bat. Zehazki, Euskara ikasgaia eredu linguistiko guztietara zabaltzeko aukera «aztertzea» da planak hizpidera ekarri duena —praktikan, G ereduaren desagertzea ekarriko luke horrek—. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berehala esan zuen ez zuela asmorik hori aplikatzeko.

PSNren blokeoa alde batera utzita, baina, euskalgintzak ere kritika ugari egin dizkio II. Plan Estrategikoari. Euskalgintzaren Kontseiluak uste du «anbizioa» falta duela: «Euskararen dekretuak utzitako hutsuneak betetzeko, ausart jokatu beharra zegoen, baina zehaztasuna eta eraginkortasuna falta zaizkio plan horri», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Xextra politikoa, hizkuntzaren gainetik

Funtsean, Nafarroako Gobernua osatzen duten indarren arteko norgehiagoka politiko bat dago hizkuntza politikaren inguruko tirabiren atzean: euskararen auzian, agenda eta interes kontrajarriak dituzte Geroa Baik eta PSNk, eta tira ari dira, nor bere departamentuetatik, administrazioaren norabidea ezarri nahian. Gobernu ituna adostu zutenean, Geroa Bairen esku gelditu zen Herritarrekiko Harremanetako Departamentua eta, horren barruan, baita Euskarabidea institutua ere. Teorian, indar posizio batean legoke hizkuntza politika zehazteko tenorean. PSNk, baina, Funtzio Publikoko eta Presidentetzako Departamentua baliatu du hizkuntza eskakizunei buruzko erabakiak hartzeko, Geroa Bairen oniritzirik gabe ere.

«PSNk harrokeriaz jokatu du», esan du Bilbaok. «Bizkarra eman die Euskararen Nafar Kontseiluan ordezkatutako erakundeei eta eragileei, eta euskararen aurkako jarrerak elikatu ditu, botoak emango dizkiolakoan». Hain zuzen, uste du foru eta udal hauteskundeetarako urtebete falta den honetan gero eta zailagoa izanen dela euskararen inguruan adostasuna lortzea: «Orain denei komeni zaie nork bere bandera hartu eta desadostasunak hauspotzea». Bat dator Arregi: «Hauteskunde zurrunbiloaren atarian gaude, eta, zoritxarrez, halakoetan hankak dardarka jartzen zaizkie batzuei».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek
Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...