Afganistan. Urte bat talibanen menpe

Baztertuetan baztertuenak

Talibanak agintera heldu zirenetik, Afganistango ekonomia hondoratu egin da, eta giza krisia okerragotu. Testuinguru horretan, emakumeak dira eskubide urraketa gehien jasan dituztenak

Emakume afganiar bat eskean, soldadu taliban bat aurrean duela, Kabulen. STR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Nazioarteko tropak erretiratzen hasi baino lehen ere, giza krisi larria zuten Afganistanen, urteetako gerraren, lehorteen, elikadura segurtasunik ezaren eta barne desplazatuen ondorioz. 2021eko abuztuaren 15ean talibanek agintea hartu zutenetik, berriz, nabarmen okerrera egin du egoerak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 19,7 milioi lagunek behar dute berehalako elikadura laguntza, eta herritarren %95ek ez dute nahikoa janaririk. Hondamendi ekonomikoaren atzean dagoen arrazoi nagusia da talibanak agintera heldu zirenean bertan behera geratu zirela nazioartearen diru laguntzak, BPG barne produktu gordinaren %45 inguru.

Testuinguru horretan, emakumezkoak dira egunerokoan oztopo gehien dituztenak. AI Amnesty Internationalen Heriotza pauso geldian txostenaren arabera, azken hamabi hilabeteotan ia erabat desagerrarazi dute emakumeen hara-hona ibiltzeko askatasuna, eta itxi egin dituzte neskentzako bigarren hezkuntzako eskolak. Horrez gain, emakume eta gizonek debekatua dute elkarrekin lan egitea, eta haur parkeak ere sexuen arabera bereizi dituzte.

Talibanek aurtengo martxoaren 21ean iragarri zuten bigarren hezkuntzako ikasleak udaberri horretan bertan itzuli ahal izango zirela klasera; bi egun geroago, ordea, jakinarazi zuten soilik mutilak itzuliko zirela. Kolpea gogorra izan zen oso lehendik ere genero arrakala izugarria duen herrialde batean —2021eko abuztuan, soilik neska nerabeen %37k zekiten idazten eta irakurtzen, eta mutil nerabeen %66k—. Ordurako, ikasleek ikasturte oso bat galdua zuten pandemiaren ondorioz.

Unibertsitateek zabalik jarraitu zuten, baita neskentzat ere, baina hor ere aldatu egin zituzten arauak: neskek gorputz osoa estalia behar zuten, geletan ezin ziren neskak eta mutilak nahastu, eta soilik emakumezko irakasleek irakatsi ahal zieten neskei. Ondorioz, alor askotan emakumezko irakasle nahikorik ez dagoenez, askok bertan behera utzi behar izan dituzte ikasketak.

Lan arloan ere ate asko itxi dira emakumeentzat. Ez dago emakumeei lan egitea debekatzen dien legerik, baina oztopoak, batzuetan, hain dira handiak, ezen ezinezko bilakatu baitute. Indarrean diren arauen arabera, gizonek ezin duten alorretan soilik lan egin dezakete emakumeek, edo «gizonezkoen lana» ez den kasuetan: esaterako, emagin gisa edo etxeak garbituz. Enpresa pribatuetan, askatasuna handiagoa da, baina ez erabatekoa, talibanak agintean diren artean inor gutxik kontratatu nahi baititu haien arauak urratzen dituzten enpresak.

Horrek guztiak zuzeneko eragina du familien diru sarreretan. Munduko Elikadura Programak otsailean zabaldutako datuen arabera, diru sarrera nagusia emakumeena duten familia guztiek dauzkate elikadura segurtasuneko arazoak, eta %85ek «muturreko neurriak» hartu dituzte janaria lortzeko. Tartean, alaba adingabeak ezkontzea.

Talibanak agintera heldu aurretik ere, adingabeko nesken behartutako ezkontzen kopurua munduko handienetako bat zen: 18 urte bete aurretik ezkondu zituzten emakumeen %28. Iazko abuztutik ez da ezkontza horiei buruzko ikerketarik egin, baina gobernuz kanpoko erakundeek jasotako lekukotzek iradokitzen dute ugaritu egin direla, familia askorentzat ezkontza horietatik eskuratutako ezkonsaria delako aurrera egiteko irtenbide bakarra. Datu bat: Ghor, Herat eta Badghis probintzietan galdekatutako hiru familiatik batek ez du baztertzen aukera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.