Energia aurrezteko neurriak

Industriak ez du murrizketa gehiagorako tarterik ikusten

Sektoreak %6,3 gutxitu du argindar kontsumoa urteko lehen seihilekoan. Ohartarazi du «oraintxe bertan eta kolpez» produkzioa mantsotzeak «ondorio larriak» sor ditzakeela

Metalgintzako behargin bat, Bilboko portuko lantegi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko industriek badakite begi guztiak gainean dituztela eta hurrengo urratsa haiek egin beharko dutela, Europako Batasunak energia kontsumoa murrizteko beharra ezartzen badu. Espainiako Gobernuak irailean bidaliko du bere plana Bruselara, eta oraindik ez dakite zer neurri jasoko diren hor. Halere, ez dute errazionamendurik espero, ezta lantegiek jarduna eten behar izatea ere, ez behintzat administrazioek behartuta. Hala ere, egoera «kezkagarria» dela diote, energien prezioen gorakadak ez duelako etenik. Uste dute energiaren merkatuak «erreforma sakon bat» behar duela, eta azpimarratu dute Bruselak hor jarri beharko lituzkeela indarrak.

Hego Euskal Herrian industriak kontsumitzen du energia gehiena (guztizkoaren %35) eta gas gehiena (%43). Argindar kontsumo handia duten enpresa ugari daude: siderurgiakoak, esaterako. Eta gas asko behar dutenak ere bai: sektore kimikokoak, galdategiak eta papergintzakoak, besteak beste. Azaldu dutenez, energia aurrezteko inbertsio ugari egin dituzte azken hamarkadan, ingurumen araudietara egokitzeko, karbono isurien alorrean nagusiki. Adibidez, Hego Euskal Herriko altzairutegi guztiak elektrikoak dira gaur egun.

Horrek guztiak eragin nabarmena izan du: 2010etik 2020ra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak %37 murriztu du energia kontsumoa. Azken urtean, berriz, produkzioa gutxituz egin diote aurre prezioen neurrigabeko igoerari. Hala, urteko lehen seihilekoan, industriaren argindar kontsumoak %6,3 egin du behera, eta %5,3 gasarenak, Energiaren Euskal Erakundearen arabera.

Arriskuak

Orain, zail ikusten dute neurri horretako beste ahalegin bat egitea. Ohartarazi dute «oraintxe bertan eta kolpez» beste murrizketa handi bat egiteak «ondorio larriak» sor ditzakeela. «Produkzioa are gehiago gutxitu beharko genuke, eta horrek eragina izango luke, adibidez, gure produktuen prezioetan: garestiago saldu beharko genuke, eta horrek, besteak beste, joera inflazionista indartuko luke», azaldu dio BERRIAri Luis Blanco-Urgoitik, AVEQ kimika sektoreko enpresen elkarteko idazkari nagusiak.

Horrekin batera, ohartarazi du enpleguan ere eragina izango lukeela halako neurri batek. «Ondorio ekonomikoak eta sozialak larriak izan daitezke. Egia da guk ospitale batek baino arrisku handiagoa dugula administrazioen aldetik gelditzeko agindua jasotzeko, baina hori oso ondo neurtu beharko litzatekeen erabakia da».

Sektoreak ez du askorik espero Madrilek Bruselara bidaliko duen planaren inguruan. Hala dio Blanco-Urgoitik: «Proposamena industriari betebehar gehiago jartzea bada, ez zaizkit gehiago bururatzen. Enpresak aspalditik ari dira energia aurrezten, handiak bereziki, Europako araudiek behartuta eta egungo testuinguruan badakitelako energetikoki eraginkorrak izan ezean oso denbora gutxian ixtera behartuta egongo direla».

Berdin pentsatzen dute siderurgian. «Azken hamarkadan izugarri jaitsi dugu energia kontsumoa, teknologia eraginkorragoetan inbertsio handiak egin ditugulako. Adibidez, iaz aurreko urtean baino energia gutxiago erabilita %27 gehiago produzitu genuen», azaldu du Asier San Millan Siderex Hego Euskal Herriko altzairu klusterreko zuzendariak. Hark ere ez du geldialdirik aurreikusten, eta azpimarratu du agintari politikoekin izan dituzten elkarrizketetan ez dela aukera hori mahai gainean jarri.

San Millanen arabera, oro har «egoera onean» dago sektorea: aurten %50 igo da esportazioen fakturazioa, baina ohartarazi du bolumenak eta irabaziak «izugarri» txikitu dituztela, lehengaien garestitzeagatik eta kostu energetikoengatik, eta tarte handirik ez dagoela gehiago murrizteko. Antzera dabiltza gainerako industria gehienak ere.

Erabaki mugatuak

Gasa erabiltzen dutenen artean, azpisektore batzuk salbuetsi ditu Bruselak energia aurrezteko planetik: hori da petrolio findegien kasua —Muskizeko (Bizkaia) Petronor, adibidez—. Ez, ordea, autogintzarako eta makina-erremintarako plastikoak ekoizten dituzten enpresak, botiletarako eta teknologia berriztagarrietarako beira produzitzen dutenak, galdategiak eta pintura ekoizleak, besteak beste. Blanco-Urgoitik nabarmendu duenez, haiek daude okerren, gasa eta argindarra erabiltzen dutelako; ohartarazi du azken urtean energia aurrezteko egin dituzten planak «egun batetik bestera zaharkituak» geratu direla eta «muga-mugan» daudela.

Espainiako Gobernuak orain arte hartu dituen erabakiei buruz, azpimarratu du ez dutela askorako balio izan; argindarra sortzeko erabiltzen den gasaren prezioari muga jartzea, esaterako: «Eragin mugatua izan du. Hasieran, itxaropenez hartu genuen erabakia. Ikaratuta geunden, eta neurriak lasaitasun puntu bat eman zigun. Dena den, lehengora itzuli gara berriro».

San Millanentzat ere iberiar salbuespena deiturikoa ez da nahikoa izan. Aitortu du, halere, inguruko beste herrialde batzuetan baino merkeago ordaintzen ari direla elektrizitatea, eta horrek «abantaila txiki» bat eman diela. Dena den, hark argi du: gasaren prezioa argindarrarenetik banandu behar da, eta hori Bruselak soilik egin dezake.

Horiek hala, energia merkatuan «erreforma sakon bat» behar dela uste dute bai Blanco-Urgoitik, bai San Millanek, eta hor Bruselak duela giltza. «Europako Batasunak ingurumen politikak garatu ditu azken urteetan, baina ez politika energetikoak. Horren adibide da ez duela ezer egin Errusiako gasarekiko mendekotasun handiari aurre egiteko, gasbideetan-eta inbertituz, eta horren ondorioak pairatzen ari gara gaur egun», salatu du Blanco-Urgoitik.

Jaurlaritzaren plana

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapenerako Saila ere prestatzen ari da bere plana, Madrilek Bruselara bidaliko duenean kontuan har dezan. Dena den, sektoreak zalantzak agertu ditu. «Jaurlaritzak eragiteko tarte oso txikia dauka, eta aurrekontu gaitasun eskasa. Gainera, arazoa globala da», adierazi du Blanco-Urgoitik. «Planean diru laguntzak-eta aurreikusten dira, baina gu ez gara dirua eskatzen ari. Guk prezio egonkor eta lehiakorrak nahi ditugu, eta horretan ezer gutxi egin dezake Jaurlaritzak», gaineratu du San Millanek.

Duela bi aste aurkeztutako zirriborroan, Jaurlaritzak energia berriztagarrietan jarri zuen arreta. Blanco-Urgoitiren eta San Millanen iritzian, «ongi» dago bide hori bultzatzea, baina nabarmendu dute gaur-gaurkoz ez dagoela nahikoa produkziorik industria sektorea hornitzeko; gogorarazi dute teknologia batzuk —hidrogenoarena, kasurako— erabat garatu gabe daudela oraindik eta egungo egoerak «urgentziazko konponbideak» eskatzen dituela.

Jaurlaritzak beste proposamen bat ere jasotzen du bere planean: hornidura arazoak izatekotan, energia asko kontsumitzen duten enpresek konpentsazio ekonomikoak jasotzea, borondatez jarduera etenez gero. Blanco-Urgoitik ez du aukera hori baztertzen, enpresa txiki eta ertainentzat bereziki, baina uste du hori energia kontratuetan islatu beharko litzatekeela. «Enpresa batzuentzat irtenbide interesgarria izan daiteke produkzioa etetea tarifa merkeago batzuen truke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.