Kolonbia

Kolonbiako positibo faltsuak

Uriberen agintaldian, militarrei emaitzak galdegiteko asmoz aurrera eraman zuten Segurtasun Demokratikoaren Doktrina. Egiteko hark premiaturik, soldaduek milaka gazte pobre exekutatu zituzten judizioz kanpo. Soachan 2007 eta 2008 artean gertaturikoa da adibideetako bat.

JEPen arabera, 6.402 positibo faltsu izan ziren 2002 eta 2008 artean. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gutxienez hamasei gazte desagertu ziren Soachan, Bogota alboko udalerri batean, 2007ko abendutik 2008ko abuztura. Haien gorpuak handik hilabete batzuetara aurkitu zituzten, Soachatik 700 kilometrora, Ocañako hobi komun batean, eta armadak faltsuki jakinarazi zuen borrokan hilak zirela. Gazteen familiakoak haien bila eta justizia eske ibiliak zirenez, batik bat amen talde bat, hedabideetan Soachako Amak deitu zituzten, nahiz eta gero eurek Mafapo izena hartu zuten, Positibo Faltsuen Amak. Hain zuzen ere, positibo faltsu esan izan zaie judizioz kanpo egindako exekuzio haiei; jardunbide hura ordu hartako presidente Alvaro Uribek (2002-2010) abian jarria zuen Segurtasun Demokratikoaren Doktrinaren ondorio zen, indar militarrei emaitzak galdegiteko asmoz aurrera eramana. Egiteko hark premiaturik, militarrek milaka gazte pobre exekutatu zituzten judizioz kanpo.

San Vicente del Caguango bake elkarrizketek porrot egin eta gero, 2002an, Alvaro Uribe iritsi zen presidentetzara, honako diskurtso honekin iritsi ere: konfrontazio armatua baliaturik aurki eta behingoz deuseztatuko zuela FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea-Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea. Negoziazio huts eginen osteko giro sozial hartan, atsekabea eta apatia ziren gailen, eta gerrillak ez zuen asmorik bake negoziazioekin segitzeko; hortaz, Segurtasun Nazionalaren Doktrinak onarpen handia izan zuen.

Hala ere, Carlos Gutierrez eta Karem Perez Ascencio ikertzaileek gai horri buruzko ikerlan batean nabarmendu zutenez, judizioz kanpoko exekuzioak gutxienez 1984tik zeuden erregistratuak, baina nabarmen sistematizatu ziren 2002 eta 2010 bitartean; hain zuzen ere, Uribe presidente izan zeneko urteetan.

Halaber, 2006an, Txapel Plan izeneko dekretuaren bidez, presidenteak hainbat onura ezarri zituen soldaduentzat —baimenak, maila igoerak eta soldata handiagoak—, gerrillari hilak aurkeztearen truke; jokaleku hartan, emaitza jakin batzuk lortzeko ahalegina gailendu zen, eta ez zuen axola zer metodo baliatzen zen hartarako, talde paramilitarrekin aliantzak ere egiteraino, militarrek erailketa propiotzat aurkeztu zitzaten beste erakunde haiek legez kanpo egindakoak.

Positibo faltsuen kopurua eztabaidagarria bada ere, badirudi judizioz kanpoko 10.000 exekuzio izan zirela 2002tik 2010era. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, armadak jakinarazitako hiru hildakotik bat positibo faltsua izango litzateke, eta borrokan gertaturiko heriotza gisa aurkeztutakoetatik gutxienez %20 ere judizioz kanpoko exekuzioak izan ziren.

Halaber, 2012an Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioaren txosten batean jaso zutenez, positibo faltsu haiek negozio hutsa baino zerbait gehiago ziren, Kolonbiako eremu osoan hedaturiko fenomeno bilakatu baitziren, delituzko jardunbide konplexu bat; txosten hartan ondorioztatu zutenez, ekintza haiek armadako agintari gorenek babesten zituzten, zeinek berek gorenera iristea lortua baitzuten judizioz kanpoko exekuzioak egiten zituzten unitate militarretan jarduteagatik.

Estatuak, jarriak zizkioten salaketei erantzunez, esaten zuen nazioarteko desprestigio kanpaina bat zela hura dena, eta ukatu egiten zituen bere kontrako akusazioak; hala eta guztiz ere, Soachan gertatutakoa hainbeste zabaldu izanak mugarri bat ezarri zuen historia hartan guztian. Gazte haien amak ahanzturaren kontra borrokatu izanak, hain zuzen, ikusgai bihurtu zituen egintza basati haiek, eta horrek berekin ekarri zuen herrialde osoan antzeko inguruabarretan desagertuak eta erailak izan zirenen senitartekoak ere salaketak jartzen hastea.

Jaimeren bila

Gaur egun, hamalau emakumek osatzen dute Mafapo Kolonbiako Positibo Faltsuen Amak elkartea, eta, 2018tik, pertsona juridikoaren izaera dute. Jaqueline Castillo da erakunde horretako ordezkari, Soachan desagertuetariko baten arreba, Jaime Castillorena. Jaquelinek albisteen bidez jakin zuen positibo faltsuen berri, eta, data haiek bat zetozenez neba desagertu zenekoarekin, 16 orduko bidaia egin zuen Ocañaraino, eta, azkenean, zera egiaztatu zuen: Jaimerena zela hobi komun hartan aurkituriko gorpu haietako bat. «Neba hobiratu eta zegokion salaketa jarri eta gero, Soachara jo nuen, Soachako amen bila, eta harrezkero dihardut haiekin elkarlanean».

Jaqueline eta Jaime zazpi neba-arrebako familia bateko kide ziren; gurasoak Bogotara lekualdatuak ziren, eta gazterik hilak. Jaquelinek unibertsitate ikasketak ordaintzeko modua izan zuen, baina gainerako senideek ezin izan zuten bukatu bigarren hezkuntzako ikasketarik ere. Jaimek goxokiak saltzen zituen edota autoei kristalak garbitzen zizkien, semaforoetan. «Jaimek berak gure anaietako bati aipatua zion norbaitek finkaren bat zaintzeko lana eskaini ziola inoiz».

Orain, ordutik urte askotara, JEP Bakerako Justizia Berezian agertutako jendearen bidez jakin dugu, eta Jaime errekrutatu zuenak berak ere hala kontaturik, garbiarazi egiten zituztela, eta ongi antolaturik eramaten lan promes faltsuen agindupean».

Bakerako Justizia Berezia

Joan den apirilean, JEPek bi auzi saio publiko egin zituen, eta hamar militar erretiratuk eta zibil batek aitortu egin zuten judizioz kanpoko ehun exekuziotan baino gehiagotan parte hartu zutela, Ocaña udalerrian gertatuak denak. JEP justiziako atal osagarri bat da, eta Egiarako, Justiziarako, Erreparaziorako eta Berriz Ez Gertatzeko Sistema Integralari dagokio, zeina Gobernu Nazionalaren eta FARC-EP indarren arteko bake itunaren bidez sortu baitzen.

Helburutzat du, besteak beste, justizia trantsizionala administratzea, gatazka armatuaren esparruan egindako delituen berri jakitea eta jakinaraztea. «Justizia arruntean egindako salaketek ez dute ekarri aurrerabide handirik. Bi zigor ezarri ziren —bata 37 urtekoa eta bestea 54 urtekoa—, baina, JEP sortu zenean, militar —lehendik kondenatu— horiexek heldu zioten lehenbizikoz mekanismo horri, eta aske geratu ziren», adierazi du Castillok. Apirileko auzi saioetan —Interneten daude ikusgai haien bideoak—, militarrek xeheki azaldu zuten egitura armatuak nola funtzionatu zuen eskualdeko hainbat unitate militarretan, bai eta hil aurretik biktimak zer-nola engainatzen zituzten ere.

Gerrako krimenengatik eta gizadiaren kontrakoengatik inputatuek izugarrikeriak kontatu zituzten, eta beren erantzukizuna onartu zuten, biktimen familiakoak aurrez aurre zituztela, zeinek delitu haiek egiteko agindu zietenen izenak ematea galdegin baitzieten.

2018an, judizioz kanpoko exekuzioen esparruan, fiskaltzak 2.400 ikerlan inguru entregatu zizkion JEPi, baina, hark berak esku artean darabilen informazioaren arabera, gutxienez 6.400 biktima izan direla kalkulatu du. «JEP indarrean sartuz geroztik, justizia arruntean bidean ziren kasuak bertan behera geratu ziren, eta linbo judizialean geratu; izan ere, JEPek, justizia arruntak egiten zuenaz bestera, ez du kasuz kasu ikertzen, makrokasuak ikertzen ditu»; hala kontatu du Jaquelineren abokatuak, Pilar Castillok. Judizioz kanpoko exekuzioak zenbait eskualde lehenesten dituen makrokasu baten parte dira. «Gure kezka da lehenetsi ez diren kasuek ez aurrera egitea inongo bidetatik. Badira 4 urte JEP lanean ari dela, eta bi eskualdetan bakarrik eman dira ebazpenak: Norte de Santanderren [Soachako gazteak] eta Costa Cariben».

Norte de Santanderri dagokionez, 190 bat militarrek eskatu zuten beren borondatez JEPi heltzea, eta horietatik 11 erantzule goren izan ziren, JEPek ebatzi zuenez; 11 horietatik, berriz, bakarra ez zuen ikertua justizia arruntak: gainerako hamarrak prozesatzen ari ziren, edo lehendik kondenatuak zituzten.

«Gure kezka da gaur-gaurkoz oraindik ez zaiela deitu goi agintariei. JEPen ikerketa ildoa behetik gorakoa izan da, baina berez badute nahikoa froga material goi agintariak kasu horiei lotzeko», ondorioztatu du abokatuak.

Gerrillariak

Auzi horietako batean, armadako ofizialorde erretiratu Nestor Gutierrezek aitortu zuen «pertsona errugabeak, laborariak» erail zituela. Gutierrezek kontatu zuenez, zerrenda bat ere prestatu zuen, 14 laborari errugabe hautaturik, zerikusirik ez zutenak ez gerrillarekin eta ez talde armatuekin, eta erail egin zituzten gero.

Esan zuen, halaber, paramilitarrekin negoziatu zuela, eta haiei erosten zizkietela armak, erailtzen zituzten biktimei jartzeko; borrokak ere simulatu zituzten, laborariak entregatzeko, borrokan hildako gerrillaritzat aurkeztuta. Militar erretiratuak adierazi zuen ez zuela zuritu nahi egin zuena, baina «goi agintariek» presio egiten zietelako jokatu zuela hala, emaitzak erakusteko galdegiten baitzieten. «Oso gogorra izan zen, inondik ere, JEPen auzi saio publikoetan militar haien lekukotzak entzutea, nahiz eta guk hamalau urtean dihardugun honetan lanean», gogora ekarri du Jaquelinek.

«Ez da buruan erraz sartzekoa hori hala izan litekeenik, hots, herritarren bizia zaindu beharko luketen horiek berek milaka zibil erail izana. Hala ere, kontua ikusgaiago egiteak beti irekitzen ditu beste ate batzuk, jendeak honetaz hitz egiteari utz ez diezaion. Lekukotza haien ostean, Txilen dagoen militar bat jarri zen nirekin harremanetan, eta esan zidan berak ezin zuela luzaroago eraman zama hura».

Armadako koronel erretiratu Santiago Herrerak, berriz, zera adierazi zuen: «arduragabeki eta zer arrisku zekarren kalkulatu gabe» akuilatu zituela bere mendekoak «gerrako krimenen eta gizadiaren kontrakoen batzordera».

Zein izan zen Jaquelineren borroka? Lehen-lehenik, erakustea bere senideak ez zirela gerrillariak, eta, bigarrenik, demostratzea armadako kideek erail zituztela. «Egintza haiek bistaratzen hasi zirenean, salaketak agertzen hasi ziren han-hemenka lurralde osoan, eta, gaur egun, badakigu jardunbide sistematikoa izan zela, estatu politika baten gerizpean gauzatu zena».

Gustavo Petroren gobernu berriak itxaropenik sortu badu ere, oro har, aurrerabide handiagoa egiteari dagokionez, eta, bereziki, JEPen funtzionamenduari dagokionez, Jaquelineren abokatua kezkatua dago nazioko fiskal nagusiak bere karguan tinko dirauelako —gobernu berriak ezin duenez hura handik kendu— eta ez duelako asmo handirik ikerketekin segitzeko.

«Petrok hauteskundeak irabazi zituenean, mezu pila bat jaso nuen Twitter bidez, esateko 'Nire botoa zuen aldekoa izan zen'», oroitu du Jaquelinek. «Badugu itxaropena kasu horiek ez direla zigorgabe geratuko, eta Petrok dagokien garrantzia emango diela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.