Herria nola irudikatu

Nazio ikurrei buruzko eztabaida sustatzeari eta ikur horiek eguneratzeari buruzko biltzarra egin berri dute Bilbon, Biltzarre eta ENA elkarteek antolatuta. Ikurrak «burujabetza indartzeko» osagaiak diren heinean, eztabaidan parte hartzeko deia egin diote gizarteari. 2020. urtean aurkeztuko dituzte ondorioak.

1997an Euskal Nortasun Agiria kaleratu zuen ENA elkarteak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nazio guztiek dituzte beren nortasunean oinarrituko sinboloak. Euskal Herrian ere, kontzientzia nazionala sendotzeko berebiziko garrantzia dute euskal identitatearekin lotutako elementuek: banderek, ereserkiek, armarriek... Haatik, egoera politiko eta sozialak baldintzatuta, gaur egun ikur batzuk ez dira lagungarriak herria irudikatzeko.

Nazio ikurrei buruzko eztabaida sustatzea ezinbestekoa dela iritzita, Biltzarre eta ENA elkarteek Nazio Ikurren I. Biltzarra antolatu zuten joan den larunbaterako, Bilbon. Erabakitzeko eskubideari eta burujabetzari buruzko eztabaida mahai gainean egonda, nazio ikurrei buruz eztabaidatzeko «garai politiko ezin egokiagoa» dela adierazi dio BERRIAri Patxi Alaña Biltzarreko kideak. Alañak ikurrei buruzko eztabaida gizarteratzeko eskatu du: «Burujabetza prozesuari indarra eman nahi badiogu, denok inplikatu beharko dugu gai honetan».

Ikurrek herria egituratzen laguntzen dute, baina Euskal Herriaren kasuan bi «arazo handi» ikusten dituzte eztabaidaren sustatzaileek. Batetik, mendebaldeko eta ekialdeko sinbologiaren arteko «talka» dagoela, eta, bestetik, egoera politiko berri honetan ikur guztiak bateratu, eguneratu eta aldatu behar ote diren erabaki behar dela. «Aurrera egiten lagunduko diguten ikurrak bultzatu behar ditugu. Zerbait egiteko garaia heldu da», diote.

Bilboko biltzarrean zortzi ikur aztertu zituzten: nazioaren izena, armarria, bandera, ereserkia, nazio eguna, leloak, egutegia eta nortasun agiria. Eztabaida irekita, herritarrei aukera eman nahi diete orain euren ekarpenak egiteko. Horretarako, ikur bakoitzari buruzko foro bat zabalduko dute www.biltzarre.eus atarian, eta otsailera bitartean ekarpenak egiteko parada egongo da bertan. Irizpideak finkatuta, ikurrak berritzeko proposamenak egin ahal izango dira 2019ko martxotik aurrera, eta horiek aztertuko dituzte urriaren 26an, Iruñean egingo duten bigarren biltzarrean. Bertan aukeratutako ikur berriak bozkatu ondoren, 2020ko ekainean argitaratuko dituzte ondorioak.

NAZIOAREN IZENA

Nazioa izendatzeko hitzaren inguruan eztabaida zabala dago azken urteotan, ikuspegi estrategiko oso desberdinekin. «Eztabaida handia dago Euskal Herria arlo kultural-linguistikorako eta Euskadi edo Nafarroa arlo instituzional-politikorako erabili behar ote diren», azaldu du Alañak.

Larunbateko biltzarrean kezka hori azaleratu zen. Batzuk Nabarra edo Nafarroa erabiltzearen alde azaldu ziren, «izan dugun estatua izan delako eta hutsetik hasi beharrean hori berreskuratzea burujabetasuna lortzeko bide laburragoa izan daitekeelako». Beste batzuk, aldiz, Euskal Herria erabiltzearen alde agertu ziren, bost mendeko historia duelako eta «euskararekin, kulturarekin eta herriarekin hobeto lotzen delako». Alañak jakinarazi duenez, Euskadi hitza erabiltzea baztertu zuten gehienek, termino «nahasgarria» bilakatzen ari delako, eta lurralde osoarekin baino gehiago autonomia erkidego batekin lotzen delako.

BANDERA

Ikurrina ala Nafarroako bandera? Azken urteotan eztabaida zabala dago euskal estatua irudikatzeko bandera egokienari buruz. Bi iritzi nagusi dira. Batetik, Nafarroako bandera hobesten dutenak daude, hainbat arrazoirengatik: garai bateko erreinutik estatua berreskuratzeko bidea «erraztuko» lukeelako, Amaiurren edo Noainen independentziaren alde borrokatu zirenen ikurra izan zelako, eta nafar guztiek bat egiteko —ekialdekoak barne— ikurrik aproposena delako. Bestetik, ikurrinaren aldekoak daude, herriaren alde «bizitza eman dutenen» ordezkari egokiena delakoan. Badira, hala ere, hirugarren bide baten aldekoak eta bandera biak uztartzea defendatzen dutenak.

Biltzarreko ordezkariak uste du banderari buruzko eztabaidak «bete-betean» eragiten diola burujabetasunari. Kataluniako esteladari erreparatu dio eredua bilatzeko: «Katalanek izar bat jarri zioten euren banderari, eta estelada sortu, burujabetasunaren bila doan herri bat direla adierazteko. Guk ere hemen antzeko zerbait egin beharko genuke benetan burujabe izan nahi badugu». Bide horretan, Euskal Herriak independentzia nahi duela irudikatzeko ikur berri bat sortzea proposatu dute biltzarrean. Nolakoa izan behar duen, ordea, ez dute adostu.

ERESERKIA

Gainerako ikurretan bezala, ereserkiari buruzko eztabaidan ere ez dago adostasunik. Egun bi ereserki ofizial daude, bata EAEn (Gora eta Gora) eta bestea Nafarroa Garaian (Gorteetako Ereserkia). Zein aukeratu, ordea, herri burujabe baterako? Galdera horri erantzuten saiatu dira batzarrean, baina ez dute lortu proposamen bateraturik. Ereserki ofizialak ez ezik, bestelako kantak ere proposatu dituzte funtzio hori betetzeko: Gernikako Arbola, Eusko Gudariak, Agur jaun-andreak eta Txoria txori.

ARMARRIA

Zazpiak bat armarriak herrialdeen batasuna adierazten du, eta adostasun handiena duen ikurra da. Hala ere, armarriari buruzko eztabaida zabaltzea beharrezkoa dela uste dute Biltzarrek eta ENAk, argitzeko, besteak beste,ea egokia litzatekeen Nafarroako armarriari toki handiagoa ematea edo diasporari lekua egitea.

Larunbateko bileran parte hartu zutenek ia aho batez babestu zuten Zazpiak bat armarriaren egungo eredua, baina kritika batzuk ere entzun ziren: adibidez, Espainiako armarrian Nafarroa azken lekuan badago ere, berorren espazioaren %25 betetzen duela, eta, aldiz, Zazpiak bat-en bosgarren lekuan dagoela, espazio txikiagoan. Nafarroakoari «zentralitate handiagoa» ematea eta diaspora eta itsasoa armarrira gehitzeko proposamen bat ere egin zuten batzarrean.

NAZIO EGUNA

Burujabetzarako bidean «lagungarri» izan ohi da aberri edo nazioaren eguna ospatzea, eta hori noiz eta nola egiten den, horrek badu bere garrantzia, Alañak azpimarratu duenez. Euskal Herrian, baina, ez dago ospakizun bateraturik: Aberri Eguna ospatzen dute alderdi abertzaleek, nork bere aldetik; bere garaian, Askatasunaren Eguna ere antolatu izan zuten Orreaga taldeak eta Herri Batasunak; Euskal Herria Eguna egin izan du Bai Euskal Herriari mugimenduak, eta Independentista Sareak Independentzia Eguna ospatzen du, egun eta toki ezberdinetan. «Hori ez da beste inon gertatzen», kexu da Alaña. Uste du Euskal Herriak aberri edo nazioaren egun «indartsu bat» behar duela eta ezinbestekoa dela«estrategia bateratu bat» adostea.

Bilboko biltzarrean Kataluniako Diada jarri zuten eredu gisa. Alañak ere egun horren garrantzia azpimarratu du, erreferentziatzat hartuta: «ANC eta Omnium elkarteen lanari esker eta azken urteotan egun horrek bildutako jendetzari esker, Kataluniako burujabetza prozesua geldiezina bilakatzen ari da». Eredu horri jarraikiz, beharrezkoa ikusten du Euskal Herrian ere herri mugimenduak hartzea nazio egutegia lantzeko ardura.

LELOA

Euskal Herriaren historian mugarri izan dira hainbat eslogan. Hiru dira, nagusiki, ezagunenak. Batetik, Euzkotarren aberria Euzkadi da , Sabin Aranak sortua, foralismoarekin hautsi eta proiektu nazional propioaren alde egindako borroka laburbiltzen duena. Bestetik, Gora Euskadi askatuta, Errepublika garaian gudarien borroketan erabilitako leloa, eta gaur egun arte erabili dena. Azkenik, Jose Miguel Beñaran ArgalaETAko buruzagi zenak sortutakoa, burujabetzaren alde ahalik eta jende gehienaren partaidetza eskatzeko: Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena eman behar izan ez dezaten.

Era berean, badira bestelako lelo batzuk hizkuntzarekin zerikusia dutenak eta kontzientziazio nazionala eta linguistikoa sortzeko lagungarriak izan direnak. Nazio ikurren biltzarrean aipatu zituzten horietako batzuk: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik (Joxan Artze), Herria da gorputza, hizkuntza, bihotza (Xalbador), Jaungoikoa eta Lagizarra (Sabin Arana)...

«Gaur egun, ordea, beharrezkoa al da lelo indartsu bat askapen bidean lagungarri izango dena?». Galdera hori mahai gainean jarri dute Biltzarrek eta ENAk, eta hausnartzeko gonbita egin diete herritarrei. «Ongi legoke oraingo egoera definitu eta iparra zehaztuko lukeen lelo berri bar sortuko bagenu», dioAlañak.

EGUTEGIA

Euskal Herriko egutegietan gorriz markatuta agertzen diren hainbat data Espainiako eta Frantziako estatuek «inposatutakoak» direla diote hainbat eragilek, eta egutegi propioa lantzeko beharra aldarrikatzen dute. Udalbiltzak, esaterako, Nazio Identitate Batzordean lau jaiegun alternatibo proposatu zituen 2003an: martxoak 3, Gasteizen 1976an eraildako langileengatik; martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunagatik; ekainak 24, euskal mitologian udako solstizioak duen garrantziagatik; eta abenduak 3, Euskararen eta Nafarroaren estatu burujabearen egunagatik. Abenduaren 3a ofizializatzeko saiakerak egin izan dira Eusko Legebiltzarrean, baina ez da adostasunik lortu. Egutegi propioaren aldeko borrokari eustea proposatu dute Biltzarrek eta ENAk, eta begi onez jaso dute ideia bileran bildutakoek. Ezinbestekotzat jo dute elkarteen eta sindikatuen esku uztea Udalbiltzaren egutegia bultzatzeko ardura.

NORTASUN AGIRIA

Euskal Herrian ekinbide bat baino gehiago egon da nortasun agiripropioa izateko: 1936an, Eusko Jaurlaritzak atera zuen Euzko Izat Agiria; 1983an, Muga txartela Euzkotarrak taldeak; 1989an, Pasaportea KASek; 1990ean Euskal Herritartasun Agiria KASek; 1997an, Euskal Nortasun Agiria ENAk; 2001ean, EHNA Euskal Herriko Naziotasun Agiria Bai Euskal Herriari mugimenduak, eta, urte berean, ENAren agiria EAJk.

Horretan ere, nortasun agiri propiorako proiektu «bakar eta indartsu» bat adostea beharrezkotzat jo dute Biltzarrek eta ENAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.