Segurtasun pribatua hartu beharko dute areto txikiagoek ere

Jaurlaritzak aukera izango du segurtasun pribatua eskatzeko 700 lagun baino gutxiago sartzen diren dantzalekuei eta aisialdiko aretoei

gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan oihartzun handia izan dute gaueko aisialdiko zenbait lokaletan arma zuriekin egindako erasoek, eta horrek eztabaida piztu du neurriak gogortzearen inguruan. Adibidez, aurrerantzean Jaurlaritzak aukera izango du segurtasun pribatuko zerbitzua exijitzeko zenbait aretori, egoki iritziz gero, nahiz eta areto horieklegez horretara beharturik ez egon.

Legearen arabera, zazpiehun lagun baino gehiago sartzen diren dantzaleku eta aretoek segurtasun pribatuko zerbitzu bat kontratatu behar dute. Baina Jaurlaritzak uste du edukiera txikiagoa duten zenbait lekutan ere komenigarria litzatekeela neurri hori ezartzea, eta bide baten bila ibili da hori legez egin ahal izateko.

Segurtasun sailburu Josu Erkorekak atzo azaldu zuenez, bi aukera zeuden horretarako: lehenengoa zen zazpiehun lagunen langa hori jaistea, baina horrek, Erkorekaren arabera, «segurtasunaren aldetik oso ezaugarri desberdinak dituzten aretoei» eragingo lieke. Bigarren aukera zen jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren arautegian agertzen den neurri bat baliatzea: horren poderioz, agintariek badute aukera «areto bakoitzaren segurtasun baldintzen arabera» eskakizun bereziak egiteko, areto batetik bestera desberdinak izan daitezkeenak. Azkenean, bigarren aukeraren alde egin du Jaurlaritzak, «eraginkorragoa» delakoan, eta edukiera txikiagoa duten zenbait areto segurtasun pribatua kontratatzera behartuko ditu.

Lehenengoa, Bilbon

Jaurlaritza hasi da neurri berria baliatzen, eta Bilboko dantzaleku bat izan da lehena. Brutal izeneko dantzalekua Bilboko erdigunean dago, eta han laurehun lagun baino ez dira sartzen; beraz, legearen arabera, ez dago zaindari pribatuak edukitzera beharturik. Baina Jaurlaritzak zerbitzu hori kontratatzea exijituko dio.

Erkorekak esan duenez, 2022an istilu eta gorabehera ugari egon ziren dantzaleku horren inguruan: «Badaude arrazoi objektibo nahikoak horrelako neurri bat hartzeko. Kasu guztiak banaka aztertuko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.