Albistea entzun

Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Txertoa: itxaropen mugatua

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2020ko apirilak 26

COVID-19tik babesteko txertoa lortzeko lehia eta lasterketa abiadura bizian doaz, eta egunero plazaratzen da aurrerapausoren bat. Kontuan hartuta txertoa izatea dela lehengo jardueretara itzultzeko gehien aipatzen diren baldintzetako bat, ulertzekoa da jendartean piztu den itxaropena. Alabaina, hainbat adituk ohartarazi dutenez, txerto bat garatzeko bidea luzea da berez, eta beti ez da iristen helmugara. Muga etikoak ere gogorarazi dituzte.

Adibidez, dezenteko zalaparta sortu zen hilaren hasieran, Jean-Paul Mira eta Camille Locht ikertzaileek egindako proposamenaren harira. Hain zuzen, bi ikertzaileek txertoaren probak Afrikako populazioan egitea proposatu zuten Frantziako telebista batean. Miraren esanean, afrikarrak aproposak dira txertoa probatzeko, zaurgarrienak direlako, ez baitute ez maskarik, ez tratamendurik ez suspertze-unitaterik. Hiesaren txertoa prostitutetan probatzearekin parekatu zuen: «Badakigulako arriskuan daudela eta ez direla babesten», esan zuen. Lochtek bat egin zuen bere kidearekin.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak gogor gaitzetsi zituen adierazpen horiek, eta arrazistatzat jo zituen, pentsamolde kolonialaren isla. Gaia hor geratu zen, baina ez litzateke harritzekoa izango antzeko asmoren bat izatea beste zenbait ikertzailek, lehen ere gertatu izan baitira halakoak, hiesaren txertoarekin, kasurako, Mirak aipatu bezala.

Hain urrutira joan gabe, Egun Bat Lehenago (1Day Sooner) egitasmoak ere piztu ditu zalantza etikoak. Egitasmo horren helburua proba klinikoen denbora laburtzea da. Lehen bi faseetan, txerto esperimentalen segurtasuna eta eraginkortasuna probatzen dira talde txikitan. Hirugarrengo fasea lagin handiagoan egiten da: boluntarioei txertoa ematen zaie, eta ikusten da ea badagoen alderik txertoa hartu dutenen eta ez dutenen artean.

Hor nahi dute eragin egitasmoaren bultzatzaileek. Berez, boluntario horietatik batzuk baino ez lirateke infektatuko; beraz, jende eta denbora asko beharko litzateke txertoaren emaitzak ikusteko. Denbora aurrezteko boluntarioak nahita infektatzea proposatzen dute. Hau da, txerto esperimentala eman, balizko eragin babeslea sortu arte itxaron, SARS-Cov-2 birusarekin infektatu, eta ikusi ea txertoak babesten dituen ala ez.

Dagoeneko ehunka pertsonak adierazi dute parte hartzeko prest leudekeela, eta egitasmoarekin zerikusirik ez duten ikertzaile eta politikari batzuek ere ontzat eman dute.

Edonola ere, oraindik ez dago txertoaren hautagairik hirugarren fasean. OMEk jakinarazi duenez, aurreratuenak bigarren fasean daude; alegia, seguruak direla frogatu dute, eta orain eraginkorrak ote diren ikusi behar dute. Txinan joan den astean hasi ziren bat probatzen, 500 pertsonarekin, Pekingo Bioteknologia Institutuaren eskutik. Eta aste honetan abiatu dute beste proba bat, Oxfordeko Unibertsitateak gidatuta, 510 boluntariorekin. Beste lau daude lehen fasean, eta 77 fase preklinikoetan.

Kontuan hartuta gaitzaren lehen berria iazko abenduan jaso zela, ukaezina da benetan azkar ari direla garatzen txertoak. Baina, dena ondo aterata ere, ez dira pandemiaren lehen olatua gerarazteko garaiz iritsiko, Cell aldizkari zientifikoan argitaratutako txosten baten arabera. Horrez gain, txostenean gogorarazi dute txertoa benetan eraginkorra izan dadin ez dela nahikoa segurua eta eraginkorra izatearekin; populazio osoaren eskura jartzeko modukoa izan behar du. Ekoizteko, biltegiratzeko, banatzeko eta emateko baliabideak eta azpiegiturak ere sortu behar dira, eta horretarako ere denbora beharko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pertsona bat COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen ©Gorka Rubio/ Foku

Osakidetzak iragarri du 30 urtetik gorakoek hirugarren dosia har dezaketela gaurtik

Berria

Baliteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aste honetan bertan zabaltzea dosi gehigarria 18 urtetik gorakoei ere.

Lanbideren egoitza bat, Bilbon. ©Luis Tejido / EFE

AETek salatu du Lanbideren 585 ikastaroetatik bakarra dela euskarazkoa: euskara ikastaroa

Berria

Gaur Lanbideren webgunean ageri diren 574 ikastaroetan ez dago euskarazkorik. Administrazioan Euskaraz Taldeak Lanbideri eskatu dio «baldintzak» jar ditzala herritarrek halako ikastaroak euskaraz egiteko aukera izan dezaten.

Ostalari bat osasun ziurtagiria egiaztatzen, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Txertaketa agiria onetsi du Frantziako Parlamentuak

Oihana Teyseyre Koskarat

Zenbait diputatuk helegitea ezarri dute Kontseilu Konstituzionalean, eta ostegunean espero da haren erantzuna.

Protokolo berriekin «ikasgela guztiak irekita» ari direla esan du Bildarratzek

Protokolo berriekin «ikasgela guztiak irekita» ari direla esan du Bildarratzek

Arantxa Iraola

Lehengo astean 3.032 ordezkatze «kudeatu» behar izan zituztela esan du: «Egunean seiehun ordezkapen».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.