Elektromugikortasunaren bidean

Oraindik haren ikurra izango den eraikina eraikitzeko dago, baina Mubil Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa jada lanean ari da. Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-eko proiektu inportanteenetakoa denak ez du atzean gelditu nahi, ia bertan dagoen etorkizunerako.

JON URBE / @FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Iraultza baten atarian dago garraioaren mundua. Urte gutxitan mugikortasuna izugarri aldatuko da, eta hor, Gipuzkoako ekonomiak aukera bat, sendotasun bat izan dezakeela sinetsita dago jende asko; etorkizun hori ikusten dute foru aldundian, mugikortasunean aritzen diren enpresetan, eta energiaren biltegiratzean edota autoen konektibitatearen ikerkuntzan ari diren zentro teknologikoetan. Irakurketa hori dago Mubilen abiapuntuan.

Etorkizun baterako zimenduak jada bazeudela jabetu zirela azaldu du Ainhoa Aizpuruk (Gabiria, Gipuzkoa, 1970), Proiektu estrategikoetarako Gipuzkoako diputatuak: «Etorkizuna eraikitzeko bidean, Europak espezializazio adimentsurako arlo batzuk markatu zituen, eta horietako bat zen energiarena. Sektore horretan zer genuen begiratu genuen, eta elektromugikortasunean, Europako joerak ikusita, ikusi genuen horri buruzko ezagutza jada ari zela lantzen hemen, zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan. Jabetu ginen ere enpresa traktoreak geneuzkala, oso apustu garrantzitsuak egiten ari direnak arlo horretan. Eta klusterrak ere hor zeuden, bai makina-erremintakoa, bai Gaia, bai logistikakoa. Osagai asko genituen, indarra ematen zigutenak. Ohartu ginen etorkizuna hor zegoela, fokua hor jarri behar zela».

2025. urtea birritan aipatu du Aizpuruk solasaldian, urte horretarako aurreikusten baita jauzi handia mugikortasun elektrikoan. «Auto elektrikoaren inguruan, kontzeptu giltzarria da energia biltegiratzea, alegia, bateria, batterypack delakoa —zelda, modulua eta elektronika—. Guk zentro teknologiko indartsuak dauzkagu horien ikerketan. Europako Batasunaren Horizon 2020 programan ere bateriek lehentasuna dute. Beraz, ezagutza hori edukitzea guretzat indar handia da. Horrek lehiakortasuna emango digu autobusetan, autoetan. Baina hori ez da egun batetik bestera egiten. Urteak behar dira hori garatzeko, eta 2025az hitz egiten dugunean, elektromugikortasunean gu Gipuzkoan jada bidean gaude, lanean ari gara».

Aldundia erdigunean, Mubilen inguruan dabiltza herrialdeko hainbat enpresa garrantzitsu: CAF taldea, Irizar Taldea, GKN, Indar, Mondragon Taldea, Ibil... Horiei gehitu behar zaizkie gai horietan ikerketan dabiltzan zentro teknologikoak: Cidetec-Tecnalia, Ikerlan, CEIT, Tekniker Vicomtech, eta unibertsitateak.

Lehiakideak eta elkarlana

Enpresei zerbitzu, ezagutza eta azterketetarako baliabideak errazteaz gain, enpresen arteko elkarlana bultzatzeko borondate eta helburuarekin ere sortu da Mubil. Ez da asmo txikia, alorreko zenbait enpresa lehiakide zuzenak direnean, CAF eta Irizar bezala. Aizpuruk berretsi egin du borondate hori: «Askotan dira lehiakide, gainera. Baina Mubilen helburua Gipuzkoa eta Euskadi erreferentzia bilakatzea da, elektromugikortasuneko energia biltegiratzean. Eta ikusten ari gara proiektu batzuetan, beraiek [CAFek eta Irizarrek] dituzten ikerketa prozesu horietan, elkarlanerako aukera badagoela. Guk azpiegitura jarriko dugu, elkarrekin proiektu bakarren batzuek lantzen hasi nahi genuke, behintzat harreman bat, igurtziren bat egon dadin».

Aizpuruk uste du denbora beharko dela horretarako, eta ez dela erraza izango, baina erreferentzialtasuna izateko bidean pausoa litzateke enpresen arteko elkarlan edo harreman hori, Aizpururen ustez. «Europako mapan, iparraldean badaude txintxeta batzuk, puntu batzuk. Alemanian, Norvegian. Europa hegoaldean, berriz, oso gutxi daude. Hemen txintxeta bat jarri nahi dugu, eta hor, ikusiko da gure handienak Europa mailan txikiak direla; eta zer esanik ez, txinatarrekin alderatzean. Prozesu bat izango da, eboluzio bat. Erraldoi handiagoak ere elkartu dira, ikusiko dugu. Poliki joango da».

Ekoizpen handia eta energia biltegiratzea. Badago aukerarik Gipuzkoak autobusentzako bateriak egingo dituen gigafaktoria bat (ekoizpen handiko bateria fabrika) hartzeko? Ainhoa Aizpuruk «nork daki» batekin erantzun dio galderari, baina zerbait dakienaren doinuarekin. Gigafaktoriaren bat Bizkaian kokatzeko aukera aipatutakoan, hori bai, irmo agertu da. «Ezagutza asko dago hemen... Bizkaitarrek ezagutza hori ez daukate, eta eramatea ere ez da horren erraza izango. Hor Gipuzkoa ari da kokatzen. Aldundiak apustu garbia dauka, Mubil da gure proiektu garrantzitsuenetako bat, martxan dagoen prozesu bat da eta aurrera doana. Eragile asko ditugu inguruan, haiei interesatzen zaie hau guztia lantzea, eta hau aurrera doa».

Bitartean, Tolosan

Mubil zentroa bera 2022rako eraikita izan nahi dute, bi urteko lanen ostean Eskuzaitzeta industrialdean... Aurretik, aldundiak joan den astean erosi dizkio lurrak Donostiako Udalari —bi milioi eurotan— eta urte honetan egin nahi dituzte eraikuntza lanak abiatzeko tramite administratibo guztiak.

Hala ere, enpresen beharrei erantzuteko, batez ere laborategi teknologikoari eta ekipamendu zehatzei dagozkienak, behin-behineko instalazio bat egingo da, Tolosako Usabal industrialdean. Ekipamendu horiek Eskuzaitzetara aldatuko dituzte, behin Mubil eraikita dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.