Turkia, Europaren zabortegia

Txinak birziklatzeko hondakinak inportatzea debekatu zuenetik, Turkiara iristen dira Europako esportazio gehienak; urtean 14,7 tona. EBko eta Erresuma Batuko legediaren arabera, ezin da hondakinik esportatu birziklatzeko ez bada; baina ikerketek erakutsi dute Ankarak ez dituela hondakinak birziklatzen.

Zabortegi bat Altenahr hirian (Alemania), artxiboko argazki batean. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
Istanbul
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Adana probintziako landa eremukoa da Sevda Dikkaya, Turkia Hegoaldeko Kuçukçildirim herrikoa. Limoiondo zelai baten ondoan hazi zen, eta, udan, herri guzian sumatzen zen limoiondoen lurrina. Orain, baina, ez da horien arrastorik ere gelditzen, eta, aspalditik, Dikkayak hetsiak izaten ditu beti etxeko leihoak, inguruko birziklatze lantegiek sortzen duten kutsaduragatik. «Udan, giroa jasanezina izaten da, bero handia egiten duenez ezin baititugu leihoak beti hetsiak izan. Neguan, kutsadurak eztula eragiten digu, eta etxeko errezelak zikintzen ditu. Zenbait bizilagunek kexua adierazi diogu herriko etxeari, baina ez dute deus ere egin», salatu du.

Herritarrek duela urtebete pasatxo jakin zuten bertze herrialde batzuetatik ekartzen direla herriko birziklatze lantegietan erretzen diren plastikoak, hala nola Herbehereetatik, Erresuma Batutik eta Belgikatik. 2018an, Txinak debekatu egin zuen birziklatzeko hondakinak inportatzea, eta, geroztik, Turkiara ailegatzen dira Europako hondakin esportazio gehienak: urtean 14,7 milioi tona, Europako Batasunaren Estatistika Bulegoaren datuen arabera.

Bertze herrialde batzuetako hondakinez betetako berrehun edukiontzi baino gehiago hartzen dira Turkian egunean, tratatu, prozesatu eta birziklatu ditzaten. Hondakinak birziklatzeko 1.300 lantegi eta enpresa txiki baino gehiago daude denera, baina Adanan biltzen dira gehien-gehienak. Hauxe azaldu du Dikkayak: «Ohartuak ginen plastikoak erretzeko su gehiago egiten ari zirela, baina uste genuen Turkiako zaborra zela. Hedabideen bitartez jakin genuen bertze herrialde batzuetako hondakinak tratatzen direla hemen». Salatu duenez, nahiz eta kexak eta txostenak aurkeztu, ke lainoak ez dira desagertu. «Bertze herri batera joateko aurrezten ari naiz, beldurra ematen baitit hemen gelditzeak».

Erre eta xehatu

Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko legediak dio debekatua dela hondakinak esportatzea baldin eta birziklatze prozesu bat egiteko ez bada. Alabaina, zenbait ikerketak erakutsi dute Turkiako enpresa gehienek ez dituztela birziklatzen hondakin horiek. Instalazio anitzetan, erre, xehatu, garbitu eta urtu egiten dituzte, eta, gero, eremuetara bota. «Beti zuhurtziaz erreparatu behar genieke birziklatzeari buruzko datuei. Hondakinak Turkiara esportatzen dituen Europako herrialde bat berdeagoa ote da egiatan? Eta Turkiak ez baditu hondakin horiek birziklatzen, zer?», azaldu du Murat Saraç ekologistak. Ingurumena babestearen aldeko aktibista horrek zehaztu duenez, egunero edukiontzi horira botatzen ditugun hondakinetako zenbait ez dira birziklatzen ahal, eta tratatu eta biltegiratu egin behar dira.

IPEN Kutsagarriak Desagerrarazteko Nazioarteko Sareak egindako txosten baten arabera, birziklatutako plastikoen hiru laurdenak hondakin bilakatzen dira, eta ez dira berriz erabiltzen ahal. «Jarduteko modua aldatu ezean, 2050. urtean 108 milioi tona hondakin izanen ditugu zabortegietan, edo diru sarrera guti dituzten herrialdeetan erreko dira, inongo erreparorik gabe», jakinarazi zuten 2021eko txosten batean.

2019an, Turkiak debekatu egin zuen polietilenoa inportatzea; izan ere, plastikoaren osagaien artean, ingurumenari kalterik handiena eragiten diotenetako bat da, eta polietilenozkoak dira plastikoak sortzen dituen hondakinen %75. Hedabideetan zenbait txosten kaleratu ondotik hartu zuten erabakia. Hala ere, debekuak zortzi egun bertzerik ez zuen iraun, hondakinak tratatzen dituzten ehunka enpresak presio egin zieten-eta Turkiako agintariei.

«Europak badaki birziklatzea mito bat dela», azpimarratu du Sedat Gundogduk, Çukurovako Unibertsitateko irakasle elkartuak. «Garestia da, eta bertze hamaika arazo sortzen ditu. Horregatik bidaltzen dituzte hondakinak araudi laxoagoa duten herrialdeetara», gehitu du.

Human Rights Watchen ikerketa batek erakutsi duenez, hondakinak tratatzeko lantegietatik hurbil bizi direnetako batzuek hats hartzeko arazoak, azaleko eritasunak eta buruko min handiak dituzte. Gainera, legez kanpoko langile ugarik parte hartzen dute birziklatze prozesuetan. Gobernuz kanpoko erakunde horren erranetan, 9 urteko haurrak ere aritzen dira lantegi horietan, eta plastikoak erretzean sortutako gasa arnasten dute, inongo babes jantzi eta maskararik gabe ia.

Inguruko zenbait ekologistak Greenpeacerekin batera egindako ikerketa batek, berriz, erakutsi du Adanako eremuetan eta legez kanpoko zabortegietan botatzen diren hondakinek zer eragin duten ingurumenean. Baratze eta lursail anitzetan, gibelatu egin da uzta garaia; gainera, analisi batzuk egin ondotik, ikusi dute eskualde horretako lurrean 400.000 aldiz handiagoa dela dioxina eta furano kantitatea, eta biak ere osagai hagitz arriskutsuak dira osasunarentzat. «Plastiko gutiago ekoiztea, horixe da irtenbide bakarra. Plastikoa aurkikuntza handia izan zen gizakientzat, baina, orain, hura desagerrarazteko bertze bide batzuk bilatu behar ditugu», nabarmendu du Gundogduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.