Epaiketa politiko baten ondorio politikoak

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
2019ko urriaren 14a. Un dia que durarà anys. Urteak iraungo duen eguna. 2017ko urriaren 1a izan zen gisan. Hala deskribatu dute analista askok Auzitegi Gorenak agintari katalanen aurkako zigorra aurkeztu zuten eguna. Erabakiaren oinarrian, bi elementu juridiko nabarmen: matxinada zigorra ezartzeko adina biolentziarik egon ez zela, baina bai sedizioa zigorra ezartzeko behar adina altxamendu publiko eta iskanbilatsua (tumultuario).

Epaiketa politikoa izan dela argudiatzeko hiru elementu azpimarratuko nituzke: batetik, epaituak izan diren politikariek jasan dituzten erabaki arbitrarioak. Esanguratsuena matxinada salaketa onartu izana. Gorenaren epaiak argi utzi duen gisa, ikuspegi objektibo batetik 2017ko urriaren 27ra arte ikusitako gertakariek ez zuten ordena konstituzionala hausteko biolentzia egituraturik bultzatu. Elementu hau, nazioarteko epaitegiek azaldu gisa, lehen unetik zen agerikoa. Matxinada egotzi izan ez balitz, auzia ez zen Gorenera eramaterik izango, ez eta hautetsiak ziren politikarien oinarrizko eskubide politikoak urratzerik izango. Lehen unetik funtsa objektiborik ez zuela agerikoa izan arren, Gorenak salaketa hura onartu izanak epai politiko bati buruz ari garela erakusten du.

Bigarrenik: sententziak matxinada egozteko adina biolentzia egon ez zela ondorioztatu arren, sedizio zigorra justifikatzeko egiten duen biolentziaren kontakizuna matxinada batena izango litzateke. Besteak beste «hiritar matxinatuak» bat ezabatzea pasatu zaielako. Hau da, itxuraz behintzat, badirudi bataren (matxinada) eta bestearen (sedizioa) artean erabakitzeko erabili den irizpidea ez dela juridikoa izan. Hau da: epaitegiak epaitzen ziren gertakariak biolentziaren kontakizunarekin parekatu arren, gertakari horiek epaitzean epaitegiak berak azaltzen duen biolentzia hori nolabait albo batera utzi du, kutsu politiko argia duen erabaki bat hartuz.

Azkenik, epaiketan zehar nahiz erabakian jorratzen diren gaiak izango genituzke. Izan ere, epaiketan eztabaidatzen joan zenak ez zuen, oro har zuzenbide penalak egin ohi duen gisa, gertakari kriminal zehatzen eta pertsona zehatzen arteko lotura frogatzeaz jardun. Epaiketan, gizarte zibilak eta erakundeek bultzatutako mugimendu politiko baten bilakaera orokorraz aritu ziren. Hau da, hiritarrek eta euren ordezkari zilegiek demokrazia batean sistemarekiko desadostasuna azaltzeko orokorrean egin ditzaketen ekimenez.

Epaiketa politikoa izanik, ondorioak ere, nahitaez, politikoak izan dira. Honek ere erpin asko baditu ere, hiru nabarmenduko nituzke: gizartea, erakundeak eta demokrazia.

Gizartearen kasuan, ondorioak ere anitzak izan dira. Batetik, jada piztua zegoen haserrea areagotu eta zentzu askotan birmoldatu egin da, independentismotik haratago doan gizarte segmentu zabal batean Estatuaren beraren zilegitasuna kolokan geratuz. Era berean, haserre horrek mugimendu independentistak jarraitu beharko lukeen estrategian zalantzak sortu ditu, kasu honetan gizarte zibila eta erakundeen artean 2017an ikusi ez zen distantzia agertu delarik. Egun hauetako kalapitak honen adierazle dira: arazoa politikoa baita funtsean, ez ordena publikoko kontu huts bat. Bestetik, independentziaren aurkako hiritarren lehentasuna jada ez da edozein moduan mugimendu independentista gelditzea, egoera politikoki nolabait bideratzea baizik. Horren adierazle litzateke urriaren 20an Ciudadanos alderdiak antolatu zuen manifestaldi deialdia: 2017ko hauteskundeetan 1.109.732 bozka inguru lortzetik duela astebeteko manifestaldian 1.700 pertsona biltzera pasa da. Datu oraindik harrigarriagoa hainbat komunikabidek istiluen inguruan sortutako kriminalizazio eta beldur kanpaina permanentea ikusiz gero.

Erakundeen ikuspegitik, Gorenaren erabakiak bi ondorio nabarmen izan ditu. Batetik, badirudi 2017 bitartean erakundeen eta gizarte zibilaren artean ikusten zen sintonia hura apurtu dela. Hau da, erakundeek ez diote, oraingoz, sententziaren harira adierazpen eta erabaki sinbolikoak hartzeaz gain estrategia eraginkor zehatz bati ekin. Bigarrenik, honi lotuta, Gorenaren erabakiari Torra Presidenteak proposatutako erantzunak agerian utzi ditu gobernu katalanaren baitan dauden tentsio eta kontraesanak: gobernukide guztiak ados egon arren Gorenaren erabakia bidegabekeria bat dela, honek eduki beharko lukeen erantzuna ezin adostu dute. Izan ere, zigorrak bi ondorio eduki ditu: lidergoen haustura eta erakundeen maniobra marjinaren estutzea; ez dago argi nork zuzendu behar duen erantzuna ez eta zein izan behar den. Hauteskunde deialdiaren mamuak, askotan gobernutik beretik atera direnak, honen erakusgarri lirateke.

Demokrazian dituen ondorio politikoak, bi kontakizun kontrajarrietan geratzen dira agerian. Hau da, Katalunian (independentziaren alde egon ala ez) gizartearen gehiengoak ikusitakoaren inguruan sortu duen kontakizuna eta Auzitegi Gorenak bere erabakiaren funtsean azaltzen dituen gertakarien kontakizuna. Batzuentzat mobilizazio masiboak, desobedientzia zibila, gizarte dinamikoa eta erabaki autoritarioen aurrean erresistentzia baketsua dena, besteentzat biolentzia, legearekiko ardurarik eza, gizarte alienatua eta demokraziarekiko mespretxua dira. Kontakizunen arteko talka honek arazo epistemiko bat agerian uzten du, batetik: estatuan esfera publikoa guztiz zatitua dagoela. Bestetik, sakoneko arazo politiko bat erakusten du: demokrazia batek eduki beharko lukeen funtzionamenduaren inguruko desadostasun nabarmenak. Independentismotik haratago ondorioak eduki ditzakeen desadostasuna. Izan ere, Gorenaren erabakiaren azpian dagoen eta estatuan zabaldua dagoen demokraziaren ideiak orain independentismo katalana zapaltzea justifikatu badu ere, orohar status quo-a kolokan jarri nahi duen edozein mugimendu baketsu zapaltzea justifika dezake (jada egiten ez badu).

Beraz, hasierako galderari helduz: ez dakit 2019ko urriaren 14ko eguna urtetan iraungo duen data horietako bat izango ote den. Oraingoz, behintzat, badirudi kaleko iskanbilen keak (zentzu literal nahiz irudizkoan) data horretako berrien inguruko eztabaida bigarren plano batean utzi duela, biolentziaren erabileraren zilegitasuna erdigunera ekarriz. Ondorio politiko horiek jorratzen ez diren heinean, oso zaila (ezinezkoa ez esatearren) agertzen da konponbiderako bidea. Bitartean hau da ondo dakiguna: preso politikoek egoera bidegabe hau pairatzen urteak emango dituztela. Guztion ardura izango da egoera hau zuzentzeko erabakiak hartzea. Demokraziak urtetan iraun dezan nahi badugu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.