Arrauna. Kontxako Bandera

Guztiak arraunlari

Arraunaren bi mundu elkartuko dira gaur Kontxako sailkatze estropadan: faboritoak, batetik, eta aukerarik apenas dutenak, bestetik. Batagatik edo besteagatik, denak urduri, hala ere.

Iazko Kontxako Banderako sailkatze estropadan, Hibaika eta Ares lehorreratzeko bidean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Kontxako Banderarako sailkatzeko bi estropadek badute berezitasun bat, apartekoa den zerbait: maila guztietako arraunlariak batzen dituzte. Herrialdeko txapelketetan ere gertatzen da hori, baina ezaugarri honi ere ematen dio bere distira traineru denboraldiko lehia preziatuenak eta historikoenak. Elkartu egiten ditu bateko eta besteko, hango eta hemengo. Arraunlariak dira guztiak.

Hor hasi eta hor bertan bukatzen dira, baina, antzekotasunak. Bi multzo handitan bereizten direlako: sailkatzeko aukera handiak dituztenak, faboritoak, batetik, eta aukerarik ia ez dutenak, bestetik. Tartean daude aukera gehixeago daukatenak, zeinek huts egingo zain, muturra sartzeko iraileko lehen bi igandeetan.

Aurrenekoen multzokoa da Jon Unanue (Azkoitia, Gipuzkoa, 1988), Urdaibaiko arraunlaria. Sailkatzeko faborito izateak ez omen dio lasaitasun handirik ematen: «Gaurko eguna desatsegina izaten da. Gorputza eta burua dantzan izaten ditut». Lehengo aldean hobeto moldatzen dela onartu arren, barealdi osoa ez du sentitzen, nahiz eta esperientzia handia izan sailkatze estropadetan. «Gauzak bere-berean joaten badira, anekdotikoa behar luke, baina egin egin beharko dugu gurea», gehitu du.

Aratz Bergarak (Pasaia, Gipuzkoa, 1991) eta Hibaikako haren taldekideek ere osatu beharko dute ziaboga bakarreko joan-etorria, baina sailkatu, ez sailkatu kezkarik gabe. «Guretzat denboraldiko azkeneko estropada da, eta ahalik eta estropada onena egin nahi izaten dugu, itxura ona uzteko jendearen aurrean». Garbi asko azaldu du zer dagoen aurreko baieztapenaren oinarrian: «Ez dugu nahi ikusleek pentsatzea estropada egite hutsagatik goazenik».

Bi mundu erabat ezberdin batzen direla sentitzen eta ikusten du: «Azkenean, beste maila bateko taldeekin batera goaz arraun egitera». Liga gorenekoei «inbidia puntuarekin» begiratzen diela aitortu du, honegatik: «Sekulakoa izan behar du sailkatzeko estropada jokatu eta sailkatzeak. Bi igandeetan Kontxan lehiatzea zer den ez dakit, eta horregatik diot inbidiarena». Unanuek ere badaki maila apalagoko arraunlariekin batera ariko dela gaur, baina nahikoa lan izango du berearekin: «Hor egongo dira, eta beti gustatu izan zait klub askotako arraunlariak eta zaleak biltzea, baina guk lan bat izaten dugu gaurko egunez, eta ezin, ba, inguruko guztiarekin gozatu».

Bergarak aldarrikapen kutsua ematen dio gaurkoari: «Gu ere arraunlariak gara». Baina ez goikoekin alderatzeagatik: «Esaten da gurea bezalako talde apalek gaur arraun egiteagatik Galiziako talde on batzuk kanpoan geratzen direla, baina guk ere meritua dugu trainerua ateratzeagatik».

Zaleak sentitzeko bi modu

Hibaikako arraunlaria ere urduri jartzen da gaurko egunez, baina berezkoa omen du: «Estropada guztien aurretik jartzen naiz estu samar. Azkenean, pozik geratu nahi izaten dut egindako lanarekin». Bestelako urduritasun bat sentitzen du trainerua arrapalan behera doanean eta gora datorrenean: «Hainbeste jende guri begira egotea ez da ohikoa guretzat. Oso berezia izaten da».

Estropadan zehar ere bai omen du une zirraragarririk: «Badia barruan sartzen garenean, olatuak hartu nahian, zaleen oihuek indarra ematen didate». Unanuek beste aldarte batean bizi du: «Zaleak? Ezta entzun ere. Kartolak jarrita joaten naiz, sufritzen».

Ikusi gehiago: Hamaika arrazoi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.