Joxe Manuel Odriozola.

Hitza fede

2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniako arazo nazionalaren bilakaera ikusita, jende zintzoak badauka bidezko aterabide bat: arazoa eremu judizialetik atera eta eremu politikora eramatea, alegia. Elkarrizketaren bidez konpontzen omen dira arazo politikoak, ez Espainiak egiten duen moduan errepresioan eta mendekuan oinarrituta. Hitz egin behar omen lukete batekoek eta bestekoek. Hitza da konponbidearen giltzarria. Aldebiko elkarrizketa bidea.

Mundu ideal batean, moral ideal batean eratutako mundu batean, komunikazioa berdinetik berdinera egiten den negoziazio batean, jende zintzoak arrazoi luke. Orduan joria izan daiteke elkarrekin hitz egitea. Emaitza onak emango lituzke halako baldintza simetrikoetan hitzak. Eta gure mundu inperfektu honetan ere, elkarrekin hitz egitea ekintza emankorra izan daiteke aldizka.

Nazioen arteko harremanetan funtzionatu izan du hitzaren estrategiak tartean arazo nazional bat dagoenean. Europan bertan badago adibide bat bederen: hala, estatu bakar batean zeuden bi nazio banantzeko esperientziak funtzionatu izan du arrazoibidearen eskutik. Baina hitzaren bidezko lorpenak edonora, edonola eta edonoiz estrapolatu nahiak, jende zintzoaren xalotasuna adieraz lezake. Zoritxarrez, arazo sozial eta politiko asko ez dira konpontzen hitz eginda, edo, asmo oneko jendeak dioen eran, «politika eginda». Besteak beste, politika egitea hitz egiteaz harago doalako.

Arazo politikoak hitz eginaz konponduko balira, mundu ideal batean biziko ginateke. Nazio arazorik gabeko mundu batean, hizkuntza, kultura, historia eta lurralde auzirik gabeko gizadi batean. Gauza bertsua gertatuko litzateke klase gatazka, genero, identitate sexual, ekologia eta gainerako auzi guztietan ere. Politika egitea hitz egitea balitz, munduak ez luke gaurko itxurarik izango. Baina, zorigaitzez, gure munduaren sistema nazionalean (ez dezagun ahantzi mundua estatu nazionaletan egituratua dagoela) salbuespena da elkarrizketaren ondoriozko aterabide demokratikoa nazio arazoak tartean daudenean. Estatu nazioak izaki sakratuak dira gaurko munduaren antolamenduan, ezin ukituzkoak; Jainkoaren ordezkoak neurri batean. Eta deus egin al dezakegu botere infinituaren kontra?

Botere arazoak beti negoziatuz konpondu daitezkeela uste duen jende zintzoak hitza fede bihurtu duela dirudi, beraz. Badakigu fedea oso joria dela, eta nahi duguna pentsatzeko-edo hegoak ematen dizkigula, baina Kataluniako nazio arazoaz behintzat, ezin dugu nahi duguna pentsatu. Denok dakigu zein den jokabide ideala, jakina: mahai baten inguruan eseri, hitz egin eta Kataluniaren nazio arazoak (hobeki esan, Espainiak sortu duen arazo nazionalak) daukan korapiloa askatzea. Baina, tamalez, errealitateak ez digu arrazoi ematen. Errealitateak, bere egoskortasunean, gure nahiak zapuzten ditu, behin eta berriz gauza bera iradokiz: arazo hau ezin da konpondu hitz eginda, hori posible egingo lukeen balizko negoziazio egoerarik ez delako sortu orain arte, eta ez delako sortuko seguru asko gero ere. Horretarako nazioen arteko harremanak berdinetik berdina eta posizio simetriko batetik kudeatu behar liratekeenez gero.

Hortaz, politika egitea hitz egitera mugatzen ez badin bada, zertan datza politikaren muina? Nazio arazoak aldebiko elkarrizketaren bidez konponezinak baldin badira, nola konpontzen dira gatazka hauek? Zer dago komunikazioaren bidez politika egiteaz haratago? Boterearen auzia dagoela esan dezakegu. Batzuentzat baldintza nazional duingarriak bermatzen dituen botere nazionala, eta besteentzat oinarrizko giza eskubideak ukatzen dituena. Boterearen kirtena eskutik daukanak (Espainia) hirurehun urte baliatu ditu bere nazio espainola Katalunian eraikitzeko, eta bertako eta jatorrizko nazioa asimilazio nazionalean amilarazteko.

Orain, Espainia, Katalunia erdia eta bertako botere faktikoa espainoldu ondoren, hitz egiteko prest dago, baina betiere bere legeen barruan. Ez dirudi, beraz, «politika egiteko» baldintzarik egokienak direnik nazio katalanarentzat. Hitz egin, zertarako?, batzuen hegemonismo nazionala (inperialismoa) zilegitzeko eta besteak beren herrian maizter izaten segitzeko? Horretarako, daukaten botere autonomikoa nahikoa dute katalanek.

Hitzak zer dezake botere-harremanen sokatira gordinean? Elkarrizketak zertarako balio du botere-harremanak eztabaidatzeko baldintzak erro-errotik asimetrikoak direnean? Hitza izango da modurik demokratikoena arazoak konpontzeko, baina hitzaren demokraziak ez du ezertarako balio egoera politikoa aldatzeko alde batek bere nagusitasuna (inperialismoa) inposatu nahi duenean. Legea da, nazio boteretsuaren legea, espainolen hitza botere guneetan legitimatzen duena, eta katalanen eskubideak aintzat hartzen ez dituena. Europa eta mundua, estatu nazional sakratuen mundua da, berdinetik berdinera josia dagoen hitzaren demokrazian sinesten ez duena. Boteretsuak azken batean ez du sinesten hitzaren indarrean; botere gabeak bai, besterik ezean, hitzaren fedeari men egiten dio.

Eta iritsi gara, azkenik, boteretsuak inondik inora entzun ere nahi ez duen hitz madarikatura: bortxa politikoa. Tira, bortxa politikoari buruzko idealizazio eta manipulazio morala egiten duena ez da bakarrik boteretsua (Espainia), katalanen estrategian ere bortxak ez dauka lekurik. Kurduek ezinbestez darabilte bortxaren baliabidea; katalanek ezinbestez darabilte bortxarik ezaren politikagintza. Beraz, boterearen bortxari kontrabortxaz erantzutea nazioan nazioko indar harremanen eta koiunturaren kontua da, hemengo aingeru jendeak bortxa oro beti eta nonahi gaitzesteko daukan obsesio barregarriak besterik uste badu ere.

Hitzaz haratago boterea baldin badago, botereaz haratago bortxa politikoa dago. Azken honen esku dago Kataluniaren etorkizuna: hain zuzen, hala egon da hiru mendetako zapalkuntza nazionalean, hala dago orain bertan, eta hala egongo da geroan ere. Botere nazionala bere esku daukanarentzat «bortxa» hitza anatema da arerioak erabiltzen badu.Ez omen da zilegi, nahiz eta nazio gailenduaren boterea bortxa estrukturalaren adierazpen guztien gainean eraikita egon.

Botereak determinatzen eta zilegitzen du hitzaren esanahia eta zentzua indar harremanen eremu gordinean. Eta boterea zeinek zilegitzen du azken buruan? Nazio boteretsuak ez du erantzunik aditu nahi, noski. Eta nazionalki minorizatuok bortxa politikoaz daukagun kontzeptu okerrak ere ez. Hobe dugu nonbait duintasun nazionala galduta bizitzea, hots, katalan edo euskaldun gisa oinarrizko giza eskubiderik gabe, hitz tabuen harresia zulatzea baino. Alegia, egunaren hogeita lau orduak funtsean naziogintza espainola nagusitzen den marko autonomiko batean bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.