57. Durangoko Azoka. Saltzaileak

Eta azkenik argia?

Itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurtengo Durangoko Azokak har dezakeen itxurarekin. Azken bi urteak gorabeheratsuak izan direla diote, eta izan da 2020. eta 2021. urteak «hekatonbetzat» jo dituenik ere

Aurten, 248 erakusmahai jarri dituzte guztira Landako gunean, eta 930 nobedade daude bertan salgai. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Itziar Ugarte Irizar - Iñigo Astiz
Durango
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Sentsazio kontrajarriak airean. Elkargunea berreskuratu izanaren poza agerian, baina azken boladako salmenta apalek eragindako gorputz ziurgabea ezkutatu ezinda. Bi urte guztiz ezohikoren ondotik ireki zituen atzo ateakDurangoko 57. Azokak; baina baita aldaketa garai orokorrago baten mehatxupean ere, eta, liburugintzaren sektorean bederen, udaberri apal batetik iritsita. Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendariak eman zuen datua BERRIAn, urrian: Hego Euskal Herrian liburuen salmenta %5,7 jaitsi da aurten, eta ia halako bikoa da beherakada euskarazko adarrean: %10ekoa. «Euskal argitaletxeentzat urte oso-oso konplikatua izaten ari da», zioen. Musikariek ere ez dute haizea alde aspaldian, digitalizazioak ekarri duen giro nahasiaren erdian. Eta, hala ere, sokatiran sentsazioak: igurtzia berreskuratu izanaren ilusioaren eta airean dauden galderen kezkaren artean.

CARMEN ELVIRA
Pamiela
«Durangoko Azokak jendetsua deneandu grazia»

Ate nagusitik sartu eta eskuin-eskuinean hasten den errenkadan ari da lanean Carmen Elvira egunotan, Pamiela-Kalandrakako erakusmahaietan. Eta, maila sinbolikoago batean ere, Durangoko Azokarako sarbidea antzematen du, hain justu, ertz horretan. «Nire sentsazioa da txikitatik hasten badira eurak aukeratzen, eta ez guraso eta bestelakoek esanda, haurrek ere mantentzen dutela gero azokarekin lotura bat».Maurice Sendaken Piztiak bizi diren lekuan, Amaia Egidazue Arruberen Dorotea, Eider Adeletx eta Iban Illarramendiren Kiratsa eta beste hamaika azal koloretsu ditu aurrean, eta haurren eskuak ikusi nahi lituzke, batez ere, horien gainean egunotan.

Salmentei begira, jarrera baikorrarekin etorri direla aipatu du, eta nobedade ugari ekartzen saiatu direla horretarako. Aurtengo zenbakiek utziko dutenari mesfidantzaz begiratzeko arrazoiak ere badirela uste du, ordea. «Iaz ondo bukatu zen urtea, baina aurtengo lehen bost hilabeteak oso motelak izan dira, orokorrean; denok komentatu dugu gauza bera». Egunerokoaren garestitze orokorra eta, oro har, dirua beste arlo batzuetara bideratzeko joera—«bidaiak-eta»— sumatzen ditu arrazoi posibleen artean, baina, oraingoz, begirada azokara mugatuta, jendea hurbil sentitzeko gogoa azpimarratu du. «Durangoko Azokak jendetsua denean du grazia, standetara hurbiltzeko zailtasunak daudenean».

AITOR ETXEBARRIA
Forbidden Colours
«Hemen gauza ondo badoa, igual parra egingo dugu»

«Ez daukagu espektatibarik inoiz; hortik hasita... dena ondo». Biniloak dira Forbidden Colours diskoetxearen erakusmahaiko erreklamo nagusia. Miren Narbaiza MICE-ren Lautadak diskoaren eta Hondar ahoa seriearen soinu bandaren azalek edertzen dute Aitor Etxebarria musikari eta diskoetxeko kideak Durangoko Azokan jarritako postua. «Mirenenak oso ondo funtzionatu du, eta asko saldu da azoka baino arinago bere. Kopiaz justutxo gatoz, eta espero dugu ondo funtzionatzea hemen bere». Eta diskoa kaleratu zenetik bi urtera heldu da Hondar ahoak proiektuaren biniloa. «Txintxua etxekoak eta gu geu ere horrelakoak gara, ez presaka ateratzekoak, nahiago dugulako ondo atera».

Eta hor kokatzen du beren proposamena. «Alor hau gero eta gehiago kultuzko lanetarantz doa mainstream-erantz baino gehiago, eta, bildumagile horiek eta euskal musika alternatiboaren zale horiek gertura daitezen lortzen badugu, gu pozik. Eta, ondo badoa, igual parra egingo dugu, ze, saltzen baditugu ehun binilo, ateratako guztien bostenak kentzen ditugu hemen, eta kotxea erdi hustuta egingo dugu buelta».

ANTXIÑE MENDIZABAL
Elkar
«Uste dut denok gaudela aldaketa prozesu batean bezala»

«Duela urtebete, pasaporte bat eskatzen ari ginen hona sartzeko». Azkar atzendu da irudia, baina ondo gogoan du Antxiñe Mendizabal Elkarreko kideak. «Pasaporte bat euskal kulturara sartzeko, eta ondoan protestak». Azken bi urteek «giro ilun batean» murgildu dute sektorea, haren ustetan, baina ilusioa nabaritu du itzuleran. «Ilusioak beti bultzatzen du salmentara, eta horren esperoan gaude». Alde horretatik, urtea «gogorra» izan dela aitortu du, eta Durango ekonomikoki ere beti ezinbesteko plaza izan dela oroitu.

«Kulturgintzarentzat arnasgunea». Beste urte batez eta aurten batez ere, azoka «kulturgintzarentzat arnasgune» izatea nahiko luke berak, mugimendu nabarmenak sumatzen baitira hondoan: «Uste dut denok gaudela aldaketa prozesu batean bezala. Ez dakigu oso ondo etorkizunak zer ekarriko duen, eta horri adi ikusten ditut argitaletxe guztiak. Lehen, luzera begira egiten ziren planak, eta gutxi-asko betetzen ziren. Gaur, gehiago bihurtu da momentuari eustea».

RITXI AIZPURU
Baga Biga
«2019an saldutakoaren %65 saltzea lortuko bagenu, pozik nengoke»

«Temporary Autonomous Zone». Hakim Bey idazle eta pentsalariaren liburu baten titulua baliatu du Ritxi Aizpuru Baga Biga etxeko kideak Durangoko Azoka definitzeko. «Behin-behineko gune autonomo bat da hau. Bost egun irauten duelako da behin-behinekoa, eta garrantzitsua da gunea, Durango, hau kultur iman bat delako. Eta autonomoa da, bestetik, duela hamabost urtetik hona, hemen egiten diren salmentak ez direlako gero kalean egiten».

«Hekatonbea» izan dira azken bi Durangoko Azokak, Aizpururen hitzetan. 2020koan salmenta digitalak bakarrik egin zituzten, eta iazkoa «zuloan erabat sartzea bezala» izan zela esan du. Bestela ere aldatzen ari da musikagintza, haren hitzetan.

Azken hogei urteetan «beherakada handia» izan du CDen salmentak, eta zuzenekoek sostengatzen dute jardun ekonomikoa. «Hor dago fakturazioaren %95 inguru», zehaztu du, «eta aurten zuzenekoek bai izan dute eztanda bat». Baina, halere, Durangoko Azokan diskoak saltzen direla dio, eta oraindik ere funtzionatzen duela hedabideetan arreta erakartzeko tresna modura; ETS taldearen Guretzat lana aipatu du ikurtzat. «Horrek jarriko du gure errekorra». 5.000 ale kaleratu dituzte guztira, eta egunotan 2.500 saltzea da asmoa. «Oso kopuru handia da hori».

Edonola ere, nabarmena da beherakada, Aizpuruk dioenez, eta, euskarri fisiko berriren bat asmatu artean, beherantz jarraituko dute CD salmentek. Baita Durangoko Azoka behin-behineko gune autonomoa dela onarturik ere. «2019an saldu genuenaren %65 saltzea lortzen badugu, ondo egongo gara».

BERNAR BILBAO
Ibaizabal
«Zuzeneko salmentetan 2019ra gerturatuko garela espero dugu»

«Aurrez txanda eskatu beharrik gabe, eta mugarik gabe, espero, dena espero dugu». Ikasle goizeko ume eta gazteen joan-etorriaren aurrean eman ditu aurtengo espektatibei buruzko azalpenak Bernar Bilbao Ibaizabaleko koordinatzaile komertzialak. Zortzi stand hartu dituzte, eta hezkuntza materiala, album ilustratuak,gazteentzako literatura eta literatura irakurtzeko plataforma digital bati buruzko informazioa ere badituzte bisitarien eskura.

Igandean salmenta «sentsazio onekin» bukatzeko esperantza azaldu du. «Jende asko etorri dela eta salmentak ere ondo joan direla esan ahalko dugula espero dut». Iazko txanda sistemak, txandaka, giroa berotu eta hoztu egiten zuela iritzi dio, eta traba izan zela hori. «Iaz, salmentak ez ziren izan duela bi urtekoak bezalakoak; aurten, zuzeneko salmentetan 2019ra gerturatuko garela espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.