KRITIKA. Dantza

Argia eta denbora

Agus Perez.
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun

'Dosis de paraiso'

Konpainia: Sharon Fridman. Koreografia eta zuzendaritza: Sharon Fridman. Dramaturgia-laguntzailea: Antonio Ramirez-Stabivo. Musika: Idan Shimoni, Ofer Smilansky. Eremu eszenikoa: Sharon Fridman, Ofer Smilansky. Dantzariak: Melania Olcina, Arthur Bernard Bazin. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Apirilaren 17a.

Giro iragarle betean hasi da Sharon Fridman konpainiaren Dosis de paraiso (Paradisu dosiak) dantza-lana, agertoki ilunean zegoen DJak soinu-banda atmosferikoari ekiten zion bitartean. Foku horizontal gorri batek argiztatu du haren irudia, eta zorutik sakabanatuta zeuden argi-hodiak hasi dira beren hitza esaten foku gorria posizio horizontaletik zenitalera igaro denean.

Ikusten denez, argiak rol indartsua jokatu du emanaldiaren hasieran, eta piezaren garapenean ere zeregin zentral horretan jarraitu du, musika inguratzailearekin eta dantzarien eboluzioekin batera. Erraza izango zen argien erabilerarekin sormena gainditu eta gehiegizko efektismoen tentazioan jaustea, baina ez da hori izan haren diseinuaren asmoa, osotasun baten parte izatea baizik, eta emozioen munduan burmuinaren aldetik lagungarri izatea ere bai.

Dantzariek beraiek hodi argitsuak iluntasunean mugitu ostean hasi da bikotea elkarri besarkadak ematen eta haiek instantera desegiten, hasiera batean geldo, baina denboragarrenean gero eta azkarrago, elkarrekiko interes falta fase baten ostean. Biak zihoazen grisez jantzita, emakumea gona luzearekin eta gizona prakekin DJak kasaka eta praka gorri distiratsuak jantzi ditu, baina eszena horren ostean beste arropa batzuk izan dituzte apaingarri, denboraren iragatea irudikatuz.

Bitartean musikak eta argiak beren lana egiten jarraitu dute, pieza honen ezaugarri nabarmena izan delako elementu guztien elkarlan aberasgarria. Argiak izaera estroboskopiko leuna eduki du tarte batzuetan denbora irudikatzeko beste era bat eta une batetik aurrera hasi dira foku berezi batzuk erabiltzen. Haien bidez lortu den efektua izan da argia plano horizontaletan banatzea, halako moldez non gorputzen atal batzuk baino ez baitziren ikusten —bururik gabeko enborrak, hanka bat, buruak bakarrik...—, horrela areagotuz emanaldi osoaren kutsu erdi poetikoa erdi onirikoa.

Dantzarien gorpuzkera ere izan da esanguratsua planteamendurako: emakumearena arina eta sendoa iruditu zaigu aldi berean, eta gizonarena Thor jainkoaren tankerakoa izan da bere estatura, gihartasun, bizar eta ile luze horailekin. Argizko paisaia emozionaletan izandako pasarteen ostean edertasun handiko oreka ezinezkoak eraiki dituzte elkarrekin, bien gorputzak eskortzo sinestezinetan jarrita eta argi-hodiek markatutako karratu batean kokatuta. Dudarik gabe, irudi horiek izan dira inpaktu handienekoak, eta amaierako unean bake-sentsazio sakona utzi digute musikaz, argiz eta dantzaz jasotako paradisu dosiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.