Nerea Mujika. Gerediaga elkarteko lehendakaria

«Erakutsi dugu gai garela beharrizan berrien arabera moldatzeko»

Gaur hasiko da Durangoko 53. Azoka, eta gogotsu daudela dio Nerea Mujikak. Lehen aldiz, Sormen Beka emango du elkarteak bihar, eta, Mujikaren arabera, urrats berri horrek erakusten du Gerediagak unean uneko garaietara egokitzen jakin duela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Biharko eguna noiz iritsiko zain dago Nerea Mujika (Durango, Bizkaia, 1960) Gerediaga elkarteko lehendakaria. Durangoko Azokako aro berri baten hasiera marrazten duen Sormen Beka emango baitu elkarteak estreinakoz. «Ilusio berezia dut». Egindako kultur ibilbidea omentzetik etorkizuneko kultur sorkuntza bultzatzera igaro da Gerediaga, eta egindako jauziarekin pozik dago Mujika. «Egokitzen ari gara». Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak, eta geldialdirik ez du izango Landako guneak bost egunez.

Durangoko Azoka Da-tik Da asko dira lelora egin duzue jauzi.

Egoera erreala islatzen du leloak, hala erakutsi baitu, azken urteetan, azokaren bilakaerak. Durangoko Azokaren eskaintza askotarikoa da, eta ez soilik erakusmahaietan dauden produktuei dagokienez. Orotariko bisitarien motibazioari erantzuten dio horrek. Ahotsenean eta Areto Nagusian dauden solasaldietan ere, gauza bera: askotariko ekitaldiak ikusteko eta entzuteko aukera ematen du azokak. Zinema edo antzerkizalea bazara ere, berdin. 80 urteko pertsona batek Durangon gozatu dezakeen bezala gozatu dezake haur batek Saguganbaran. Esperientzia mota ezberdinak ematen dituen ekitaldi bat da; eta plurala da horregatik.

Aurten bada berezitasun bat: sortzaile berriena. Txakur Gorria sormen kolektiboak izan du 53. azokako kartela egiteko ardura, eta, estreinakoz, Sormen Beka emango du Gerediaga elkarteak.

Bai, egia da, eta Gerediagako lantaldeari eskerrak eman behar dizkiot horregatik. Ez da gauza bera etxeko obrak egitea edo portalekoak, eta oso bestelakoak diren pertsonen iritziak entzun eta erabakiak hartzea bikaina izan da. Horregatik, eta, harrokerian erortzeko arriskuarekin, esan beharra daukat Gerediaga elkarteak lortu duela martxan zegoen eredu bat egokitzea; Euskal Liburu eta Disko Azoka Durangoko Azoka bihurtzea, alegia. Erakutsi dugu gauza garela beharrizan berrien arabera moldatzeko. Argizaiola sariei buruz, zer esan: oso pozik eman ditugu. [2012. urtean Argizaiola saria Benito Lertxundi musikariari eman zioneko argazkia du Mujikak aurrean]. Garai ilunetan halako sariak ematea oso positiboa izan da, eta, aldi berean, beharrezkoa.

Aurrera begira jarri zarete oraingoan, baina.

Aldaketa egiteko garaia iritsi zen. Esango dut zergatik: guk Durango sormenaren lurraldea dela saltzen dugu; eta, hori diogunean, hala sinesten dugulako bada, ezin dugu esaldi hutsean utzi. Sortzaileei laguntzeko baliabideak jarri behar ditugu. Eta esango dut sortzaile horiek ez dutela zertan gazteak izan, sortzaileak diren erretiratu bikain asko baitaude gurean. Bada, uste dugu horiek laguntzeko egokia dela Sormen Beka. Bihar jakingo duzue nork jasotzen duen [irriak]. Gu oso pozik gaude emaitzarekin. Aurtengo kartela Txakur Gorria sormen kolektibokoei eskatzeko erabakia ere norabide horretan joan da.

Gizartearekin batera aldatzen da, nolabait, Durangoko Azoka. Autoekoizpenena izan liteke aldaketarik nabarmenena?

Elkarte bat garen heinean, ez dugu argitaletxe batek duen ikuspegia, eta ezin genezake gaiari buruzko balorazio orokorrik egin. Nolanahi ere, nabarmena da autoekoizpenena hazi egin dela. Gogoan dut, gazte nintzenean, Alfonso Irigoien euskaltzaina kutxa bat altzoan zuela iristen zela Durangora, berak argitaratzen zituen liburuekin. Bitxia zen orduan. Bera da nik ezagutzen dudan lehen autoekoizlea; beraz, pentsa zenbat aldatu den. Asko zabaltzen ari da, eta, esango nuke oso bestelako profilekoak dituztela beren artean.

Urtez urte, beheraldi txiki bat nabari da eraskumahaien kopuruan. Kezkatzen zaitu beheranzko joera horrek?

Antzera samar gabiltza. Edonola ere, zenbakiak zenbakiak besterik ez dira. Garrantzitsua da jakitea zenbat bisitari izan diren Durangoko Azokan, baina niri gehiago interesatzen zait nolakoa den Areto Nagusian eta Ahotsenean ikustenedo aurkezten diren egitasmoen kalitatea; eta bikaina da. Halako ekitaldiak gurera ekartzea eta mantentzea da, benetan, garrantzitsua.

Lau urte dira Gogoetaren Plaza espazioa jarri zenutenetik. Badirudi bi abiadurako azoka sortu dela azoka barruan: azkarra eta kaleen artekoa, batetik; eta gogoeta egitekoa, bestetik.

Behin baino gehiagotan nabarmentzen dut hitz egiteko ere ez dugula denborarik hartzen. Zerbait lortzeko ez bada, ez dugu eztabaidatzen, eta gogoetarako tartea hartzea ezinbestekoa da. Besterik ez bada ere: pentsatu. Gauza bati buruzko iritziak entzutea aberasgarria dela uste dut. Minutuak, orduak eta egunak gainera etorri ohi zaizkigu Durango Azokan, eta ez da erraza hausnarketa pausatuak egitea.

Durangoko Azokak sektorean duen eragin ekonomikoari buruzko azterketa egingo duzue aurten. Zer dela eta?

Duela hiru urte, azokaren 50. urteurrenean, bisitariei buruzko ikerketa egin zuten Deustuko Unibertsitateak eta Siadeco ikerketa etxeak, transmisioari begira jarri ginen azterketan, eta oso interesgarria izan zen. Eragin ekonomikoei begirakoa egingo dugu orain. Gaur egun egiten diren ekitaldi handietan, futbol partidetan eta kontzertu handietan kasurako, gertatu aurretik ematen da eragin ekonomikoaren berri. Irudipena dut euskal kulturaren eragin ekonomikoari buruz ari garenean zenbaki gorriak besterik ez dugula ikusten. Ziur nago ez dela horrela, eta datu positiboak ere biltzen ditugula. Argitu nahi dut Durangoko Azokan dena ez dela ekonomikoa; are, bestelako alderdi horiek guztiak oso garrantzitsuak dira. Baina, aldi berean, garrantzitsua da zehatz jakitea zer ematen duen Durangoko Azokak.

Uste bati zenbaki zehatza jarriko diozue, beraz.

Azoka bat da, eta, azoka bat den heinean, zenbat saltzen da eta zenbat ez? Ez dugu nahi jakin zeinek irabazi duen gehiago; jakin nahi dugu zenbaterainoko mesedea egiten duen azokak, gaur egun ez dakigu-eta zein den datua. Hala, babesleak ere animatuko dira parte hartzera, akaso. Udaberrian kaleratuko ditugu emaitzak.

Siadecok egindako ikerketa aipatu duzu. Bertan azaltzen zen Durangora doazen hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak zirela. Azokaren ateak irekitzeko ahaleginak egingo zenituztela aipatu zenuten, orduan.

Ez dugu Durangoko Azoka aldatuko beste soslai bateko bisitariak ekartzeko. Argi dago hori. Baina badira erak azokaz disfrutatzeko interesez eta kuriositatez. Hizkuntza menperatzen ez baduzu, beste modu bateko esperientzia izango duzu. Nik uste dut, Bizkaian behintzat, badaudela euskal kulturarekiko sentsibilitatea dutenak eta Durangoko Azoka mundu urruntzat hartzen dutenak. Horiek erakartzeko lanean ari gara. Ez dugu azoka aldatuko, baina ateak ireki behar dira. Ni harrituta geratzen naiz batzuetan, hemen, Bilbon, lankideek esaten didatenean ez direla sekula egon azokan. Eta ez da irakurtzen ez dutelako, baizik eta oso ekitaldi vascoa dela uste dutelako. Euskalduntzen laguntzeko balio dezake azokak berak ere; edo, behintzat, galtzen ari direnari buruzko kontzientzia hartzeko.

Aurtengo programazioan berebiziko indarra hartu du ikus-entzunezkoen eremuak. Estreinaldiak eta aurrestreinaldiak iragarri dituzue Irudienean.

Urteak eman duena erakusten du Durangoko Azokak, eta euskal zinemagintzaren egoeraren isla da, kasu honetan, Irudienea. Beste areto bat hartu behar izan dugu aurten, eta halako berriak beti dira onak. Edonola ere, horrek ez du esan nahi datorren urtean hori mantentzera jo behar dugunik.

Zer eskatzen diozu aurtengo ekitaldiari?

Ilusio berezia dut Sormen Bekarekin. Prozesua bikaina izan da: 28 proiektu aurkeztu dira, eta oso onak izan dira denak. Poztasuna ematen dit; etapa berri baten hasiera dela iruditzen zait, eta emozio berezia dut horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.