Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Egiaren bila

Cesar Diaz zinemagilearen Nuestras madres filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Nuestras madres'

Zuzendaria: Cesar Diaz. Herrialdea: Frantzia - Belgika - Guatemala. Iraupena: 77 minutu.

Ernestok Guatemalako gerra zibilean desagertu zirenen gorpuak bilatzen eta identifikatzen lan egiten du. Antropologoa da bera, eta milaka testigantzari jarraituz ateratzen ditu hobitik gorpuak, aztertu eta izen eta abizenak jartzeko. Emakume bat bere senarra erail zuteneko gertaerak kontatzera joaten da Ernestorengana, dagoen zelaitik atera eta hilerri batean lurperatu nahi du eta. Kontakizunean zehar bere aita izan litekeen gerrillari baten deskribapena entzun, eta Ernestok emakumearen herrian egon daitezkeen aztarnei jarraitzea erabakitzen du.

Mina, oroimena eta justizia lantzen ditu Cesar Diazek bere lehen film luzean. Herri baten historia arnasten du filmak, aurrera egin ahal izateko eman behar diren pausoak ematen ari den herri batena. Eta bertan daude amak. Haien amak. Maite zuten jendea galdu zuten amak. Haserre dauden amak. Oroitzen diren amak. Justizia nahi duten amak. Eta ama horien guztien artean dago Ernesto. Ogibidea ama horiek guztiak laguntzea duen gaztea, eta bere ama laguntzeko zailtasunak dituena.

Kontatu beharreko istorioa da Cesar Diazena. Argia ikusi behar duen historia zatia. Eta eszena eta une handiak oparitzen dizkigu zuzendari guatemalarrak. Baina kontatzen dutena benetan bizi izan zuten emakumeek duten indar hori diluitu egiten da protagonistaren istorioan, eta transmititzen duten egia istorio lauegi batean ahultzen doa. Pena da, baina abiapuntu interesgarria duen film honi fikzioak mesederik egiten ez diola iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.