Literatura. 'Sano erradikal'

Etorri gaitun, segi dezagun

Egilea: Isa Diaz. Argitaletxea: Alberdania.

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Googlen egunotan haren izena bilatuz gero, Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentearen inguruko albisteak itzuliko dizkizu bilatzaileak etengabe, baina, sakonago begiratuz gero, hogeitaka urteko literatur ibilbidea duen Isabel Diaz idazle arabarrak jasotako sarien inguruko informazioa ere bilatu dezake googleatzaileak. Jakina da sariak ez direla euskal literatur esparruaren barnean oso maitatuak, eta agian horregatik ez da idazle sarituen aipamen askorik egin nahi izaten (Mykel Ayllon arabarrak «nahiago nuke lehiaketetan parte ez hartu eta liburuak zuzenean argitaratzeko aukera izan» zioen asteon, Donostia Kutxa Saria eta Ramiro Pinilla saria jasotzearekin batera); hala ere, bereziki poesiaren alorrean ugari dira lehiaketen ondoren argitaratzen diren liburuak. Aukera hori baliatu du Diazek bere olerkigintza argitaratzeko. Antzematen denez, egilearen lehen bi poesia-liburuak sariketen bidez argitaratuak izan ziren: Ura badoa maldan behera (1996) Ernestina de Champourcin V. Poesia Sariketa irabazi zuen lan honi esker; eta Ontzi iluna (1999), XXIX. Irun Hiria Literatur Sariaren irabazle izan zen. Hartara, idazle ezaguna da poesiaren bueltan dabiltzan editoreentzat: Santiagon argitaratutako A ponte das palabras, Poesía Vasca 1990-2000. Hitzezko Zubia, euskal poesia 1990-2000 antologian parte hartu du. Zurgai poesia aldizkariak ere argitaratu ditu bere poemak. Hain zuzen, horregatik guztiagatik da Diazena poesiaren alorrean Alberdania argitaletxeak azken aldian argitaratu duen poesia lan bakarra.

Ikasturtea poesia lan batekin hasteko, ez da aukera txarra Sano erradikal liburua. Egileak esoterismoaren itzala iradokitzen du, sorginen indarra baliatuz, mundu garaikidea iraultzeko. Preseski, hala nabarmentzen du Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak: «Aldarria artearen mailara eraman du». Izan ere, sorginen festarako deia gogorarazten dute lan honetako zenbait poemak, ia konjuruen eran errezitatzeko pentsatuak dirudite: «Deserakitzen kitzen-kitzen-kitzen, desprintzesatzen satzen-satzen-satzen». Baina, kasu honetan, barren grinetatik ateratako deiadarrak badu, baita ere, etsipen puntu bat: idazleari antzematen zaio galtzen ari dela dirudien gerra batekiko ardura. Hortik dator, nire ustez, editorearen hitzen egokitasuna; artea egiteko, zauriak igurtzi behar baitira; mugitu egin behar da, norbera eta hartzailea. Eta borroka, noski, mundu parekide bateranzko guda feministarekin lotzen da hemen, egileak dagoeneko eman duen pausu bat ematera gonbidatzen dituelarik irakurleak. Testua egituratzen duten hainbat izenburuk argi uzten duten bezala: Aizan Virginia edo Nintzendu naiz, Aupa ahizpak! eta Gizon berriaren panegirikoa.

Antzekoa interpretatu du azaleko irudiaren egile Gema Arrugaetak, orbel umel bat sutan jarri baitu liburuaren azalean, eta, baiki, lan honetatik ez da irakurlea (ezta idazlea ere) osorik aterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.