Koronabirusa

Sagarduik aitortu du «akatsak» izan direla Santa Marinako txertaketan

«Deskoordinazio» baten eraginez, ospitaleko langile guztiak txertatu dituzte, baita erietxekoak ez diren hamasei pertsona ere. Sailburuak uste du protokoloa «argia» dela eta «bizkor» jardun dutela

Gotzone Sagardui, atzo, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. BERRIA.
jon olano
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Santa Marinako eta Basurtuko erietxeetan txertatze prozesuan izandako irregulartasunen inguruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak «bizkor» jardun zuten, eta, «ordu gutxiren buruan», bi erietxeetako gerenteak kargugabetuta zeuden. Hala adierazi zuen atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean eginiko agerraldian. EAJk eta PSE-EEk eskatuta, Sagarduik azalpenak eman zituen batzordean, eta aitortu zuen «deskoordinazioa» izan zela Santa Marinako txertatze prozesuan: «Erantzule sentitzen gara deskoordinazioagatik; ni neu lehena».

Bi ospitaleetako buruen jokabideak bereizi ditu Sagarduik. Santa Marinako kasuan, Sabasen ahotik antzeman zuten protokoloa ez zela behar bezala bete; urtarrilaren 19ko eguerdian, Sabasek Rosa Perez Osakidetzako zuzendari gerenteari jakinarazi zion 244 pertsona txertatuta zeuzkatela: «Zenbaki koherentea ospitalearen tamainarekin». Egun bereko gauean, ordea, Sabasek berak mezu bat bidali zien Perezi eta Sagarduiri, esanez 505 pertsona txertatu zituztela: «Hor konturatu ginen planifikazio akatsen bat zegoela». Hain justu, oposizioko taldeek Sagarduiri galdetu diote nolatan bidali zituzten ehun bial Santa Marinara, eta gehienek Sagarduiren dimisioa eskatu dute.

Santa Marinan, «txertaketa masiboa» egin dute, eta hori «akats bat» izan da, sailburuaren hitzetan: «Gauza ezberdinez hitz egiten ari ginen». Izan ere, azaldu du Santa Marinan COVID-19a duten paziente asko eta paziente «zaurgarri» asko dituztela, eta bertako kargu ugarik proposatu zutela txertatze orokor bat. Ontzat jo zuten, eta hor hasi ziren gaizki ulertuak: Osakidetzak eta Osasun Sailak ontzat jo zuten erietxean dauden pazienteak «artatzen dituen lantalde osoa» txertatzea, «protokoloari jarraituta, eta ez kolpe bakarrean»; aldiz, ospitaleko zuzendaritzak ulertu zuen lantalde osoa txertatu zitekeela, pazienteak artatzen ez dituztenak barne: «Zuzendari gerenteari galdetu genion ea profesional guztietan sartzen zen bera ere, eta baiezkoa erantzun zuen». Osasun Sailak eta Osakidetzak eskatu zioten erantzukizuna bere gain hartzeko. «Handik ordu erdira aurkeztu zuen dimisioa. Onartu zitzaion».

Sagarduiren hitzetan, horrek «deskonpensazioa» eragin zuen erietxe bakoitzean txertatutako langileen artean. Hori eragozteko, «koordinazioa indartu» dutela azaldu du.

Beste datu batean ere jarri du arreta: lantaldeaz gain, osasun langileak ez diren hamasei lagun txertatu zituzten, bilera batean zeudenak: sindikatuetako lau ordezkari, zerbitzu erlijiosoetako lau, kafetegiaren lizentzia daukan enpresako lau, mezularitza enpresako bi eta salmenta automatikoko enpresako bi. CCOOkoa da ordezkari sindikaletako bat, eta sindikatuak jakinarazi du bere zereginetatik kendu duela, iritzita «larria» dela txertoa hartu izana protokoloa bete gabe. Beste bat ELAkoa da, eta sindikatuak bere ordezkaria babestu du: «Esan zioten erietxe horretan irizpidea lantalde guztiari txertoa ematea zela, baita bertara ohituraz joaten direnei ere». ELAk azaldu du «berehala txertatzera behartu» zutela, «ospitaleko zuzendaritzak erabaki baitzuen bere eginkizunak segurtasunez egiteko eta erietxea babesteko ezinbestekoa zela txertoa ematea, behin lantalde guztiak hartu eta gero», eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio Sagarduiri.

Txertoak, erregistratu gabe

Sagarduiren kontakizunaren arabera, Eduardo Maiz Basurtuko ospitaleko zuzendari gerenteak urtarrilaren 3an hartu zuen txertoa, baina Osasun Sailak ez zuen horren berri izan urtarrilaren 19ko iluntzera arte: hedabide batek gaiaz galdetu zuen arte. Orduan jakin zuten, Basurtun osasun langileak txertatzen hasi zirenean, sobran geratu ziren dosi batzuk eman zizkietela hiru karguduni: «Uste dugu egokiagoa zatekeela ZIUetako langileei ematea, nahiz eta badauden pazienteekin kontaktua daukaten kargudunak ere». Ez da, ordea, Basurtuko gerentearen kasua: «Duda bazeukan, zuzendaritza orokorrari galdetu behar zion».

Are gehiago: Sagarduik azaldu duenez, emandako txertoak erregistro batean jaso behar dira, baina modu irregularrean hartu zuten hiruren kasuan ez ziren erregistratu: «Beste dokumentu eredu batean gorde zen, ondoren erregistro ofizialera eramateko». Horregatik eskatu zioten gerenteari dimisioa emateko, eta, hark uko eginda, hurrengo egunean kargutik kendu zuten. Gainera, espediente bat ireki dute, txerto horiek zergatik ez ziren erregistratu jakiteko: «Osakidetzako ospitaleetako zuzendariak eta gerenteak dira antolaketaren eta kudeaketaren arduradun nagusiak; Osakidetzaren irizpideei jarraitzea espero da haiengandik, eta eredugarri izatea».

Sailburuak nabarmendu du Osakidetzak zentro guztietara bidali duela txertatze prozesuan jarraitu beharreko protokoloa, eta hori «argia» dela lehentasunak ezartzeko orduan. Besteak beste, protokolo horrek ezartzen du ezin dela aldi berean txertatu langileen %50 baino gehiago —Santa Marinan lantalde osoa txertatu dute—, eta langileen artean, lehentasuna dutela pazienteen arta zuzena duten beharginek.

Txertoa hartu duten beste bi kargudunen berri ere eman du Sagarduik, baina, haien kasuan, gauzak egoki egin direla erantsi: Tolosan (Gipuzkoa), bi dosi geratu ziren emateke, eta, horiek bota aurretik, langileei eskaini zizkieten. Igandea izanik, gerentea eta kudeaketa unitateko burua zeuden bertan. Debabarreneko kasuan, prebentzio zerbitzuek baieztatu dute bi karguk asistentzia lanak ere egiten dituztela, eta, beraz, horiek ere txertatu behar dituztela.

Laurdenak txertatuta

Txertatze kanpainaren datu batzuk ere eman ditu sailburuak. 44.838 herritarri jarri diete lehen dosia, eta bigarrena 7.107ri. Osakidetzako 11.299 profesionalek hartu dute lehena, eta 61ek bigarrena. Beraz, Osakidetzako lau langiletik batek hartu du txertoa: «Txertatze estrategia aurreikusitakoaren arabera betetzen ari da. Asteotan txertatzen jarraituko dugu. Euskadiri dagozkion dosi prebisioak betetzen badira, Osakidetzako langileei lehen dosia emateko fasea otsailaren bigarren astean bukatuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.