Albistea entzun

Negoziazioak. Urrutikoetxearen kontrako epaiketa

Dei Auzitegiak instrukziora bidali du Urrutikoetxearen kontrako auzia

«Dena irregularra» dela erran du epaileak. Prozedura hutsetik abiatu beharko dute berriz. Beste instrukzio epaile bat izendatu beharko dute orain kasua aztertzeko. Josu Urrutikoetxearen adierazpenak: «Instrukzioetako lardaskerien neurria ematen digu».

 

Josu Urrutikoetxea, atzo arratsaldean, Parisen.
Josu Urrutikoetxea, atzo arratsaldean, Parisen. IAN LANGSDON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki - Berriemaile berezia

2021eko irailak 14 - Paris

Ezustekoa izan zen atzo arratsaldean Parisko Dei Auzitegian. Hilabete bakarrean bigarren ezustekoa. Irailaren 1ean Josu Urrutikoetxea errugabe jo zuen Parisko Zigor Auzitegiko epaileak, eta atzo berriz epaitu behar zuten 2002 eta 2005 artean ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Baina, anitzen ezusterako, ezohiko erabakia hartu zuen epaileak, eta epaiketa bertan behera utzi zuen, berriz instrukziora bidaliz sumarioa. Aurrez akusatuaren seme Egoitz Urrutikoetxearen kasuan gertatu zen egoera hori bera; aurki iritsi beharko litzateke auzia epaitegietara.

13:30erako emana zen hitzordua, Parisko Dei Auzitegiko Rene Cassin sala dotorean. Jende anitz zebilen epaitegi barnean, eta kanpoaldean segurtasun indarren presentzia itogarria zen. Parisko zentro-zentroan dagoen auzoari itzulika aritu behar zuen auzitegira sartu nahi zuenak, paperak erakutsi eta pasatzea onartzen zion poliziarengana iritsi arte. Espektakulu sekuritario hori ez zen, baina, Urrutikoetxearen epaiketarentzat prestatua. 2015eko azaroaren 13an Argiaren Hiriko dirdira dardara bihurtu zuen komando jihadistaren eta haien laguntzaileen kontrako epaiketa egiten ari dira egun hauetan, eta segurtasun neurriak zorroztu dituzte. Kazetari karta erakustea, bizkarreko zakua eskanerretik pasatzea, eta gorputz osoa eskaneatzen duen tramankulu handi batean erradiografia egitea bete beharreko baldintzak izan ziren kazetari guztientzat. Han zegoen, zain, Josu Urrutikoetxea, 2019ko maiatzean atxilotu zutenetik bidelagun juridiko izan dituen Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinecci abokatuekin.

Lekuko gisa parte hartzeko joan ziren, bestalde, Caroline Guibet-Lafaye soziologoa eta Sinn Fein alderdiko kide Gerry Kelly. Jesus Egiguren PSEko idazkari nagusi izandakoa eta David Harland Zeelanda Berriko diplomata ez ziren joan ahal izan arrazoiak ez zituzten zehaztu auzi saioan; Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea ere ez, «bere adinagatik». Joan den ekainean Parisko Zigor Auzitegian iragan zen epaiketan lekukotasuna eman zuten Michel Wievorka soziologoak eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko zuzendariak ere lekukotasun idatzia ematekoak ziren. Baina ez zen gertatu.

Ohi duten gisara, prozedura akatsak azpimarratzen hasi ziren defentsako abokatuak, banan bana. Laurent Pasquet-Marinecci mintzatu zen bereziki. Abokatu bikoteak ongi banatua du epailearen aitzinean bakoitzak hartzen duen rola, eta Pasquet-Marinecci izan ohi da prozedura aferak aipatu ohi dituena, epaileen aurpegian irribarrea desagerrarazi ohi duen ironia puntu batekin. Eta atzo ere hala egin zuen. Esplikatu zuen 2009an Josu Urrutikoetxearen kontra bidalitako atxilotze agindua Miarritzen (Lapurdi) urrutikoetxeatarrek zuten etxebizitzara bidali zuten garaian, alta, jakina zela ordurako ez zegoela bere emaztearekin bikotean; A.C.-rekin baizik, Frantziako Poliziak bazekiela ere, 1980ko hamarkada bukaeran elkarrekin atxilotu zituztelako.

Frantziako administrazioaren arabera, etxebizitzari lotutako zergak soilik Urrutikoetxearen emazte ohiak ordaindu zituela esplikatzen aritu zen abokatua, eta, beraz, Frantziako administrazioak jakin zezakeela Josu Urrutikoetxea jadaneko ez zela han bizi; Frantziako Poliziak bazekielako beste bikotekide bat zuela. «Gutxienekoa da», oldartu zen Pasquet-Marinecci. Gutxienekoa, halako ikerketak egitea, jakiteko Urrutikoetxearen azken etxea non izan zen.

Urrutikoetxearen kontrako beste prozedura batean, errugabe jo zuten hartan, izan ziren «prozedura istripuak» aipatu zituen defentsa abokatuak, ironia nabarmenarekin. 2013ko uztailaren 16an Durban-sur-Arizeko baserrian (Okzitania) atxilotzen saiatu zirenean ez ziren gai izan Urrutikoetxea harrapatzeko, baina ikerketaz arduratu ziren Frantziako Poliziek idatzi zuten 1986tik aitzina zutela harreman sentimentala Urrutikoetxeak eta A.C. izeneko emakumeak. Hori baliatu zuen Pasquet-Marineccik baieztatzeko Frantziako Poliziak jakin bazekiela Urrutikoetxea ez zela han bizi.

Egoitz Urrutikoetxearen kontrako prozeduran Zigor Epaitegiko 14. salak hartutako erabaki bat aipatu zuen abokatuak, «interesgarria» zitzaiola erranez. «Europar filosofiaren jurisprudentziara» jo nahi izan zuen, Estrasburgoko auzitegiaren epai batera. «Behar besteko ikerketak egin behar dira, eta bilatua den pertsona jakinean izan behar da bilatua dela. Hori ez bada egiaztatua, baimenduak gara atxilotze agindua bera zalantzan jartzera», erran zuen. «Eta interesatua nahikoa bilatua denean eta inteligentzia zerbitzuen ikerketak hala kontsideratzen dira, atxilotze agindua bera onartua da», ebatzi zuen. Hau da, erran zuen Urrutikoetxearen kasuan ez zutela nahikoa ikertu non egon zitekeen.

Akusazioa ez da «argia»

Beste elementu bat ere aipatu zuen abokatuak. «Zehaztasun kontu bat da, etika kontu bat, gardentasun kontu bat. Beti kontsideratu behar da edozein auzipetuk izan behar duela aukera jakiteko zehazki zertaz akusatzen duten». Hau da, bestela errateko, Urrutikoetxearen kasuan ez dagoela argi. 2009ko atxilotze aginduaren eta epaiketan bere kontra atxikitako karguen artean dagoen aldea aipatu zuen.

«2009an gaizkile elkarteko kide izatea leporatzen zioten; ez dute zehazten helburu terroristarik», ohartarazi zuen. Instrukzio epaileak baizik ez zuen zehaztu abokatuaren hitzetan, eta, beraz, atxilotze aginduak ez ditu «baldintzak betetzen» bere hitzetan. «Ongi dakizu gure defentsaren ildo nagusia dela Urrutikoetxeak, urteetan zehar, ETA desegin aurreko urteetan, bortizkeriaren bukaeraren alde lan egin duela. Horrez gain, Urrutikoetxeak onartzen du ETAko kide izan zela 2006 arte; baina, bera zehatzagoa izanen da horri buruz». Berriz oroitu zuen hil honetan izan duen beste errugabetzea, eta azaldu zuen ministerio publikoak ez duela helegiterik jarri. Hau da aferaren funtsa: Parisko Zigor Auzitegian delitu ez dena Parisko Dei Auzitegian izan daiteke?

Negoziazioa ez da delitu

Argi mintzo da epailea bere erabakia motibatzeko idatzi duen duen ebazpenean. BERRIAk eskuratu du. Honela dio: «ETA erakundeari behin baino gehiagotan egotzi izan zaio izaera terrorista, baina kalifikazio hori ez dagokio auzipetuari». Honela jarraitzen du: «Aitortu behar da, bortizkeriari bukaera ematea behin eta berriz aipaturik ere, ETA erakundeak bere horretan atxiki dituela bere gaitasun logistiko eta operazionalak», eta, beraz, 2010 eta 2011 artean ETAk egindako ekintzei ezin zaie «izaera terrorista» kendu. «Kideek armak eta dokumentu administratibo faltsuak izaten segitu zuten, lapurtutako ibilgailuak erabili zituzten, eta, besteak beste, Euskal Herriko enpresariei bortxaz kendutako gaitzeko diru zamak baliatzen segitu zuten. 2011ko urtarrilaren 1a eta 2013ko uztailaren 26a artean, ETA erakundeak ordena publikoa azkarki trabatzeko helburua zuen, larderia eta izuaren bidez».

Frantziako borroka antiterroristaren koordinazio unitateko Paueko (Okzitania) ordezkaritzak 2014an egindako txosten bat sartu zuen defentsak eztabaidarako, Euskal nazionalismoa izenburukoa. «Epaitegiari ez zaio jakinarazi zer modutara eskuratu duen auzipetuak dokumentu 'konfidentzial' hori. Txosten horren idazleak berak bere buruari galdetzen zion ea zer rol betetzen zuen Josu Urrutikoetxeak ETAren barnean, toki berezi bat esleituz, ETA eta Arnaldo Otegik gidatutako posibilisten artean».

Honela segitzen du epaiak: «Hala ere, agerian gelditzen da interesatuaren eta ETAren arteko harremanak ez zirela bere horretan gelditu, eta 2018an desegite agiria irakurri arte iraun zutela. Auzipetuak ere onartzen du hori. Eta auzian zehar ez du iritzirik eman nahi izan 2011 eta 2013 artean Frantzian ETAko kideek egin ahal izan zituzten delituei buruz. Bere adierazpenetan logika politiko-demokratikoa eta logika 'politiko-militarra' kontrajarri ditu, atentatu, ekintza bortitz edo terrorismo terminoak erabiltzeari uko eginez». Elementu horiek guziak kontuan hartuta, epailearen iritziz, «klandestinitateko bizitza, izen faltsu batekin, baina nortasun dokumentu faltsurik erabili gabe egin zituenez, eta, akusazioak ez duenez frogatu Josu Urrutikoetxea ETAk diruztatzen zuela, ezin da, materialki, arau hauste bat prestatzeko ekintza kontsideratu».

Beraz, ondorio honetara iritsi da epailea: «Ez dago ez elementu materialik ez elementu intentzionalik ekintza terrorista bat burutzeko gaizkile elkarte batean parte hartzeari buruz. Ondorioz, Josu Urrutikoetxea errugabea da». Hemendik aitzina, bulegoetako bidea hartuko du berriz auziak. Epaitu eta zigortzeko instrukzio epaileak 2002 eta 2005 artean Urrutikoetxeak zer delitu egin zuen zehaztu beharko du. Eta galdera honi erantzun: delitua da talde armatu baten jarduerari bukaera eman nahi izateko bake negoziazio batzuk prestatzeko helburuarekin elkarrizketak eramatea? Batzuen erantzuna jakina ad: ez da delitua. Eta hori berretsi zuen irail hasieran Parisko Zigor Auzitegiak. Besterik da Parisko Dei Auzitegiak atzo bertan behera utzi zuen auzi bidea instrukziora eramateko ardura hartuko duen epaileak zer ebazten duen. Bitartean, Urrutikoetxea ez dute Espainiaratzen ahalko. Hori ere izan zen atzoko albistea. Oraindik ez da bukatu Urrutikoetxeak Frantzian duen amaraun judiziala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.