Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna. Jardunaldiak

Bolumena igo, ertzetan ere entzun dadin

Eremu erdaldunetako gazteei euskararen eta euskal kulturaren transmisioa nola bermatu aztertu dute jardunaldi batean. Zenbait adituk esan dute periferia, arazoa baino gehiago, «irtenbidea» izan daitekeela
<b>Mahai ingurua.</b> Ezkerretik, Lander Muñagorri, Ihintza Ostolaza eta Joseba Ibarretxe.
Mahai ingurua. Ezkerretik, Lander Muñagorri, Ihintza Ostolaza eta Joseba Ibarretxe. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko abenduak 3 - Barakaldo

Aspaldikoa da kezka: inguru erdaldunetan bizi diren gazte askok eskola dute euskararekiko harreman bakar, ez dute hortik kanpoko esparru abegikorrik topatzen euskaraz aritzeko, hizkuntza zama edo zigor gisa bizi dute disfrutatzeko aukera izan beharrean, eta horrek, ezinbestean, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan etendura dakar. Aspaldikoa da kezka, eta aspaldikoak horren inguruan gogoeta egiteko eta irtenbideak topatzeko saialdiak, baina azken bolada honetan ugaltzen ari direla dirudi. Barakaldon (Bizkaia) egindako jardunaldia horren adibidea da. Ahize-AEK-k antolatuta eta Igo bolumena! izenburupean hainbat aditu, irakasle, euskara teknikari eta abarrek auziaz hausnartu dute, bai eta aterabideak proposatu ere.

Eduardo Apodaka eta Irati Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek jarri dute marko teorikoa, Mundua, ertzak eta gazteak izeneko hitzaldian. Esan dutenez, gazte izatea eta belaunaldiak ez dira adin kontua soilik: «gizarte egiturak» ere badira. Gaur egungo gizartean, gazteek «leku periferikoa» hartzen dute: batetik, demografikoki gazteak beste garai batzuetan baino gutxiago direlako, eta gizartean pisu gutxiago dutelako. Badago beste arrazoi bat: «Gure gizartean, gabeziak definitzen du gazteria. Gaztea, berez, heldu ez dena da, oraindik prestakuntza guztiz amaitu ez duena, lanik ez duena, etxe propiorik ez duena».

Hala ere, irakasleek nabarmendu nahi izan dute periferia izatea berez ez dela arazo, eta askotan «soluzioa» ere izan daitekeela: «Euskaren erdigunetik kanpoko periferian ere erreferentziak daude. Bertako gazteek gauzak egiten dituzte; egiten duten horri ikusgarritasuna eman behar zaio, bolumena igo behar zaio».

Iratxe Retolaza literatura irakasle eta kultur hezitzaileak aletu ditu euskal kulturaren transmisioak hezkuntzan topatzen dituen zailtasunak. Esan duenez, egoera orokorrak ere ez du laguntzen: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskarak babes instituzionala izateak «berdintasun egoera baten imajinarioa» sortu du, ezkutatuz tokian tokiko egoera soziolinguistikoak askotarikoak direla, eta ez dira landu euskal kultura ikusgarri egiteko bideak hedabideetan, esparru publikoan eta abarretan.

Horrek badu eragina hezkuntzan ere: «Askotan, eskoletan euskal kultura Euskara eta Literatura moduko ikasgaietan baino ez da lantzen, dena blaitzen duen zerbait izan beharrean». Maiz, euskal literatura edo euskal kulturaren beste adierazpide batzuk «euskara maila hobetzeko» baino ez dira lantzen, eta ez berez duten balioagatik, eta ez dago «material didaktiko eta baliabide adostu» nahikorik.

Baina «indarguneak» ere aipatu ditu Retolazak: adibidez, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatzen duen graduondokoa, Galtzagorri elkarteak egiten duen lana, edo hezkuntza arautuaren esparrutik kanpo elkarte ugarik antolatzen dituzten ekinbideak: irakurle klubak, euskal musika ezagutarazteko proposamenak eta abar.

Aholku bat ere eman du Retolazak gaia landu nahi duten irakasleentzat: «Identifikaziotik abiatu behar da, eta ikasleek inguruan dituzten erreferentzia hurbiletatik beste esparru batzuetara joan».

Egoera asko, kezka bera

Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan egoerak ez dira berdinak, eta horien nondik norakoak azaldu dituzte Joseba Ibarretxe Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Berritzegune Nagusiko kideak, Ihintza Ostolaza Baionako Bernat Etxepare lizeokoak eta Nafarroako Hezkuntza Saileko teknikari Alberto Barandiaranek. Denak bat etorri dira: egoerak askotarikoak izanik ere, erabilera da kezka nagusia.

«Lan handia egin da ikasleak euskalduntzeko», esan du Ibarretxek, «baina erabileraren aldetik sentsazioa da ez goazela aurrera, eta azken urteetan kezkatzeko moduko zantzu batzuk ere agertu dira». Bat etorri da Barandiaran, eta hiru faktore aipatu ditu: transmisioaren etena, inguruaren eragina eta ikasleen interesa. «Lehenengo biak ez daude gure esku, baina hirugarrenean eragin dezakegu, eta ikasleen interesekoak diren esparruen bitartez haien motibazioa landu».

Ostolazak gogora ekarri du Ipar Euskal Herrian ezagutzan ere gabezia handiak daudela, eta hamar gaztetik bik baino ez dakitela euskaraz: «Hori ez da aski hizkuntza bat atxikitzeko». Hala ere, mezu positiboa eman nahi izan du: «Nik beti entzun dut euskara hilzorian dagoela, baina nire garaian bost ikasle baino ez ginen ikasgelan, eta aurrera egin dugu. Ikusi dugu nehork sinesten ez zuen utopia hori posible zela».

Ezin gazteez jardun gazteei ahotsa eman barik, eta zenbait gazte sortzailek ere parte hartu dute jardunaldian: Lizar Begoña idazle eta artistak eta Sara Nieto aktoreak, Iker Aginaga kazetari eta musikari barakaldarrak gidatuta. Euskararen periferian aritzen diren sortzaileak dira hirurak, eta horrek dakarrenaz jardun dute: «Euskarazko abestiak egiten hasi nintzenean, sekulako lotsa ematen zidan», esan du Nietok: «akatsak egitearen beldur nintzen». Antzeko bizipenak izan ditu Begoñak: «Periferiatik aritzean, batzuetan bakardade sentsazio bat dago. Oso optimista izan behar duzu pentsatzeko idazten duzuna norbaiti iritsiko zaiola».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anbulantzia bat, Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Gaitza pasatu dutenei hirugarren dosia bost hilabeteren buruan jartzeko gomendatu die orain Espainiako Osasun Batzordeak

Berria

Espainiako Osasun Ministerioak irizpidea aldatu du: urtarrilaren hasieran, lau aste nahikoa zirela esan zuen.

Barakaldon atzo indarkeria matxistaren aurka eginiko protesta bat. ©Marisol Ramirez / Foku

71 urteko gizon bat atxilotu dute Sopelan, etxeko langile bati sexu erasoa egitea leporatuta

Berria

Gizonezkoak duela gutxi kontratatua zuen langilea; aske utzi dute, karguekin, eta emakumearengandik urruntzeko agindua ezarri diote.

Carmen Maeztu, erdian, aurreko agerraldi batean. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maeztuk tutoretzapeko gazteen inguruko «polemika» bideratu nahi du

Iosu Alberdi

Enrique Maia Iruñeko alkatearekin bildu da Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilaria. «Existitu beharko ez litzatekeen polemika hori» bideratzeko beharra nabarmendu du.

Haur batzuk futbolean, artxiboko irudian ©monika del valle / foku

Eusko Jaurlaritzak eskola kirola baimendu du

Irati Urdalleta Lete

Asteburu honetan, umeek eskola kiroleko lehiaketak egiteko aukera izango dute berriz ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.