Katalunia

ERC: «Puigdemont da plan bakarra, hauteskundeen irabazlea izan baita»

Sabria bozeramaileak dio Junts Per Catalunyaren proposamenaren zain daudela. JPCk eskatu du ez erortzeko estatuaren «tranpan»

Junqueras eta Puigdemont, errepublika aldarrikatu zutenean. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako justiziaren jazarpenak alderdi independentistei sortu dien korapiloa nondik askatuko den argitu gabe dago oraindik. Carles Puigdemontek erbestetik itzultzeko dituen zailtasunak direla eta, ERCren ordezkari batzuek Oriol Junqueras presidente izendatzeko aukera aipatua dute, baina alderdiak ez du proposamen hori ofizialki egin, eta, atzo, Junqueras espetxean mantenduko dutela jakin zen egunean, Sergi Sabria errepublikanoen bozeramaileak hauteskundeen emaitzek ezarritako ordenari eutsi zion: «Puigdemont da plan bakarra, hauteskundeen irabazlea izan baita». Hain zuzen, JPC Junts Per Catalunyak hauteskunde zerrendako kideei banatu dien barne ohar batean berretsi du harentzat ere Puigdemont presidente izendatzea dela «plan bakarra, bertze edozein planekin 155. artikulua onartuko litzatekeelako». Hiru alderdi independentistek —JPCk, ERCk eta CUPek— negoziazioekin jarraitu dute Bruselan, eta prozesuan erabakigarriak izan diren eragile independentistak batasunari eusteko eskatu diete. 11 egun falta dira parlamentua osatzeko.

Ciudadanos alderdi unionistak irabazi zituen hauteskundeak iazko abenduaren 21ean, 36 diputatu lortuta —JPCk baino bi gehiago—. Ez du, ordea, gobernua gehiengoan osatzeko behar adinako babesik, eta independentistek, berriz, gehiengo osoa lukete elkartuz gero. Sabriak eztabaida saihestu nahi izan zuen atzo, eta Puigdemonten alde eginen dutela berretsi zuen, baina zehaztu zuen JPCren «proposamenaren zain» daudela. «Jasotakoan, aztertuko dugu». Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuan duen taldeko buruak, berriz, erran zuen «ahal den neurrian» saiatuko direla «gobernu legitimoa berrezartzen». «Gure presidenteak Puigdemont izena du, eta presidenteordeak Junqueras».

JPCk, berriz, ez du ñabardurarik egin. «Plan bakarra dagoela errepikatzen dugu: Puigdemont presidentea eta gobernu legitimoa berriz karguan ezartzea». JPCren ustez, Espainiako Estatuaren «tranpa bat» da «presidentea presidenteordearen aurka paratzea».

Biek ala biek, erbestea eta espetxea dituzte kargua hartzeko zailtasun. Andreu Van der Eynde Junquerasen abokatuak errana du errepublikanoen zerrendaburuak ez lukeela arazorik izanen presidente izendatua izateko, nahiz eta behin-behineko espetxealdian egon. JPCk, berriz, aztergai du Puigdemontek ahalko ote luken Bruselatik kargua hartu. Zerrendako bigarrena, Jordi Sanchez, behin-behineko espetxealdian dago, eta Llarenak heldu den ortzegunean erabakiko du hura libre utzi ala ez.

ANCren eta Omniumen deia

ANC Biltzar Nazionala Katalanak proposamen bat egin du. «Gobernu misto bat egon liteke, erbestean eta herrialdean bertan dauden politikariekin». Enric Blanes komunikazio idazkariaren arabera, erbestekoak funtzio jakinik gabeko kontseilariak izanen lirateke, eta Katalunian daudenak arduratuko lirateke «eguneroko kontuez». Omnium Culturalen ustez, berriz, alderdi independentistek ez dute «ados ez paratzeko aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.