Egunerokoan aldaketak pairatuko dituzte Miarritze eta inguruko herritarrek

Tren eta autobus geltokiak itxiko dituzte, eta garraio publikoa mugatua izango da. Hainbat alkate kritiko azaldu dira G7a Miarritzen egitearekin

Olatz Esteban Ezkati -

2019ko abuztuak 14
G7koen goi bilera Miarritze hiri erdian egingo dute, eta inoiz ez bezalako segurtasun neurriak hartzea ekarriko du horrek. Erdigunea berrantolatu egingo dute: bi zona bereizi dituzte, gorria eta urdina. Gorria oinezkoentzat soilik izango da; urdinera autoak ere sartu ahal izango dira, baina guztiek, betiere, sartzeko txartel bat beharko dute. Baldintza oso zorrotza jarri dute horiek eskuratzeko: eremu barruko biztanle edo langile izatea.

Hirira iristeko, herritarrek ezin izango dituzte ohiko bideak erabili, horietako asko itxita egongo baitira. A-63 autobidea da aukeretako bat: Miarritzeko laugarren irteeratik Baionako seigarren irteerara joatea dohainik izango da gailurrak dirauen bitartean. Miarritzen egongo da foku nagusia; eragina, ordea, inguruetako herrietara ere zabalduko da.

Lapurdiko kostaldera garraio publikoan heltzea ez da lan erraza izango. Geltoki gehienak itxita egongo dira asteburuan, eta tren eta autobus zerbitzuak mugatuak izango dira. Miarritzez gain, Baionan eta Hendaian izango da kalte gehien. Baionan, tren geltokia itxita egongo da, eta nazioarteko autobusek ez dute geldialdirik egingo. Hendaian, berriz, tren geltokia irekita egongo da, baina distantzia luzeko autobusak ere ez dira handik igaroko. Gainera, Euskotreneko topoa ez da bertara helduko 18 eta 26 bitartean; Ficoban geldituko da. Beraz, bilkurak iraungo duen egunetan trenez iritsi nahi dutenek Donibane Lohizunen edota Hendaian jaitsi beharko dute, eta autobusez datozenek, Ziburun.

Kezka eta desadostasunak

Uda betean datoz zazpi estatu buruak Miarritzera, eta kostaldeko herritarren egunerokoa erabat aldatuko dute. Horrek desadostasunak eta kezkak eragin ditu herritarrengan, baita udaletan ere. Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea argi mintzo da: «Euskal kostan uda betean gailurra antolatzea benetako erokeria da».

Hendaiak kontragailurra hartuko du hilaren 21 eta 23 artean, baina Frantziako Gobernuaren erabakia izan dela azaldu du Ezenarrok: «Estatuak Miarritzeko gailurra negoziatu du, eta guri kontragailurra inposatu digu». Hala ere, guztia «ondoen joan dadin laguntzeko» asmoa duela berretsi du alkateak. Larunbatean, G7koen aurkako manifestazioa abiatuko da Hendaiatik Irunera -11:00etan abiatuko da, Flore itzulingurutik, eta Ficoban amaituko da-, eta egun horretan zaila izango da herrira heltzea. 5.000 manifestari inguru etorriko direla aurreikusten dute antolatzaileek, eta ekintza baketsua izango dela jakinarazi dute. Hala ere, Poliziaren presentzia nabarmena izango dela baieztatu du Ezenarrok.

Jose Antonio Santano Irungo alkatea ere ez dator bat G7a Miarritzen antolatzearekin: «Galdetu izan baligute, erabaki ezin okerragoa dela esango genieke. Inork ez du pentsatu herritarrengan eta gure ekonomian izango duen ondorioetan». Santanok herritarrei ohartarazi die trafikoan zailtasun ugari izango direla, eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzea gomendatu die.

Halaber, Eneko Goia Donostiako alkatea muga ixtearen «beldur» azaldu da, horrek izan ditzakeen ondorioengatik. Gertatuko balitz ere, blokeaturik geratzen direnei erantzun bat emateko plan bat prestatzen dabil udala.