Elizaldek garapen iraunkorra eta parte hartzea jo ditu helburutzat

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariak agerraldia egin du parlamentuan

Isabel Elizalde kontseilaria, atzo, parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Nafarroako Parlamentuan azaldu zituen, atzo, bere departamentuaren asmoak eta helburuak. Hitz gutxitan laburbildu zituen, bere solasaldiaren amaieran: garapen iraunkorraren ereduaren alde egin zuen landa eremuan; udalei duten garrantzia emateko beharra nabarmendu zuen, haien eskumenak eta autonomia errespetatuz; ingurumena eta lurralde antolamendua, halaber, giltzarri diren esparrutzat jo zituen; eta parte hartzea sustatzeko eta zeharkakotasunez lan egiteko asmoa agertu zuen.

Helburu horiek betetzeko abiapuntua ez dela erraza onartu zuen Elizaldek, eta departamentuan azken urteotan izan diren murrizketak, edo baliabide ekonomiko gehienak arlo zehatz batera bideratu izana aipatu zituen arazoen artean. Nekazaritzaren esparruan, adibidez, Nafarroako ubidea jarri zuen adibide. «Nafarroako Gobernuak azpiegitura hori nabarmen bultzatu du azken legegintzaldietan, eta hala, bertze hainbat esparrutarako diru sailak murriztu edo kendu ditu». Gobernuak ubidearen ureztatze kanonarengatik ordaintzen duen kopuruak gora egin duela gaineratu zuen: «6,2 milioi euro, 2010. urtean, eta 15 milioi baino gehiago, 2015ean».

Ubideari buruz, hain zuzen ere,proiektua berraztertzeko beharra nabarmendu zuen kontseilariak. Bertzelako urratsik egin baino lehen, ubideak duen eragin ekonomiko, tekniko eta sozialari buruz hausnarketa egiteko beharra aipatu zuen, bai eta ingurumenean duena aztertzeko ere.

Bada berraztertu beharreko bertze hainbat kontu, Elizalderen hitzetan. Uraren kudeaketaren inguruan, adibidez, hainbat azpiegitura beharrezko ote den ikusi beharra aipatu zuen, Esako urtegia zehazki aipatu gabe.

Arlo guztietan, herritarren eta eragileen parte hartzea funtsezkotzat jo zuen, eta bide horri garrantzia eman nahi dio, halaber, Nafarroako hondakinak kudeatzeko plana egiteko. Epaileek bertan behera utzi zuten aurrekoa, eta berria egiten hasi direla azaldu zuen kontseilariak atzo, parlamentuan. Ingurumen heziketak duen garrantzia nabarmendu, eta hondakin gutxiago eragitea helburutzat jo zuen. Ekonomia zirkularraren kontzeptuaren alde egin zuen, hondakinak baliabide bilakatzeko.

Eredu kontua

Elizaldek ubideari buruz errandakoak PSNko, UPNko eta PPNko ordezkarien kritikak eragin zituen. Inbertsioak eten nahi izatea leporatu zioten. Are gehiago erran zion UPNko Maria Carmen Segurak, eta «garapenaren aurka» egin nahi izatea egotzi zion.

Kritika horiei erantzun zien Podemos-Ahal Dugu taldeko parlamentari Eduardo Santosek: «Zuena edo kaosa, hori da zuek egiten duzuen proposamena; proposamen horren atzean, ordea, mundua eta ingurumena ulertzeko bertze modu bat ezkutatzen duzue».

Santosek argi utzi zuen bertze eredu baten alde egiteko beharra, eta orain artekoak denonak diren baliabideak xahutzen dituela salatu zuen, «interes pribatuen alde». Benetako parte hartzea defendatu zuen, halaber, eta iritzi horrekin bat egin zuten Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariek ere. Geroa Baiko Unai Hualdek laguntza eskaini zion Elizalderi; EH Bilduko Dabid Anautek, berriz, aldaketa «zainduko» dutela erran zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.