Koronabirusa

Aparteko zainketak jasotzeko

Izurriak lehen lerroan jarri ditu ZIU zainketa intentsiboetako unitateak. Hainbat auzi etiko dituzte jardueraren muinean, eta eraldaketa betean daude. Artaren «humanizazioa» da ardatza.

ZIUak. Profesional bat ZIU batean gaixo bat artatzen. A. GARCIA / EFE.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Izurriak aparteko lekua eman die ospitaleetako ZIU zainketa intentsiboetako unitateei; izan ere, usu unitate horietan jaso behar izaten dute arta birusak gogorren erasandako eriek. Ondorioz, osasun sistema guztien kezka da kasuak gora egiten hasita ere aski unitate edukitzea premian diren paziente guztiak artatzeko; bikoiztu ere egin behar izan dituzte osasun agintariek ataka zail honetan, zer gerta ere. Horrexek zainketa mota horien inguruko debate etikoak ozendu ditu asteotan. Unitate horiek zer-nola diharduten azaltzeko profesional egokia da Iñaki Saralegi. Urteak egin zituen Araban, Osakidetzan, zainketa intentsiboetan, eta arta aringarrien zerbitzuan ari da egun; Arabako Erakunde Sanitario Integratuko batzorde etikoko presidentea ere bada. Aditzera eman duenez, ez du batere ibilbide ezohikoa izan. «Mundu mailan, bioetikako aditu asko intentsibistak dira; izan ere, alorrean duda handiak sortzen dira maiz, talkan dauden balioak. Horiek horrela, bioetika, hein handi batean, hortxe garatu da». Hona, haren azalpenei lotuta, ZIUetako jardunbidea zer den.

Egoera kritikoetan erabiltzen dira

Pazienteak «egoera kritikoetan» daudenean eramaten dira ZIUetara normalean. Gaixoen «bizia mehatxuan» ipintzen duten egoerak izaten dira usu. Unitate horietara ez dira eramaten, hala ere, ataka gaitzetan dauden paziente guztiak; aukeraketa bat egiten da:«Begiratzen da egoera gainditzeko zer aukera dituzten, eta, behin egoera gaindituta ere, zer era duten bizi kalitate on bati eusteko. Izan ere, helburua ez da jendeak bizirik jarraitze hutsa, baizik eta bizi kalitate on bati eustea». Ondorioz, baldintza hori betetzen ez duten pazienteei ez zaie lekurik egiten; hortxe dago unitate horien jardunbidearen inguruan sortzen diren debate etikoen ernamuina. Beti ez dira ZIUetan, hala ere, «aparteko» artak ematen: «Zenbaitetan, gaixoaren monitorizazio estuago bat izaten da helburua, arazoren bat sortzeko arriskua dagoelako, eta erantzun azkar baterako era ematen dutelako unitate horiek».

Ondorioak utz ditzaketen artak dira

Tratamendu «intentsiboak» erabiltzen dira askotan ZIUetan, eta ondorioak uzten dituzte. «Demagun paziente batek arnasketa mekanikoa behar izan duela: denbora behar da gero halako tratamendu bati buelta emateko. Jo dezagun lau-sei egun egin dituela egoera horretan: gero poliki-poliki egingo du aurrera. Bi aste egin baditu ZIUan, gero beste bi izango dira erietxean, eta beste errekuperazio aldi bat izango du etxean». Pazienteek pairatuko dituzten ondorioen larritasuna iragarri ezinik jarduten dute maiz ZIUetako profesionalek, zalantzaz josita: «Ez dakigu pazientea nola geratuko den». Hilkortasuna asko apaldu da garai batetik: «%16-17an ezagutu izan dut nik; %8-12an dago orain». Baina ondorioekin ateratzen dira askotan pazienteak. «Eta ondorio psikologikoekin ere bai», azaldu du Saralegik. «Sedatuta-eta egotearen ondorio dira batzuetan. Izan ere, esnatzeak ez dira izaten filmetakoak bezalakoak: oso-oso pixkanako prozesuak izaten dira askotan, eta zalantza eta beldurra ere agertzen dira pazienteetan: hor laguntza ematen saiatzen gara gu». Halako arazoei gero usuago erreparatzen zaiela esan du. «ZIUaren osteko sindromeaz hitz egiten dugu guk: arta psikologikoa behar izaten dute maiz pazienteek eta haien familiek halako egoeretan. Izan ere, benetako shock emozionala dira maiz zainketa intentsiboak». Askotariko egoerak sor daitezke. «Izaten dira, adibidez, pazienteak arazoak izaten dituztenak gero loarekin, aztoratua izan dutelako, nolabait ere, ZIUan egon diren bitartean... Arazo horietatik oneratzeko laguntza ematea errekuperazio fisikoan laguntzea bezain garrantzitsua da».

Bakartzea gero eta arinagoa da

Pazienteak artatzeko makinaz beteta egoten dira ZIUak, eta bisitetarako-eta erietxetako beste zenbait toki baino itxiagoak dira: mugatuagoak. Pazienteentzat eta haien senideentzat toki «gogorrak» izaten direla onartu du medikuak. «Hala ere, pazienteek gero eta harreman handiagoa dute familiakoekin: gero eta maizago onartzen dira. Ate irekiak dituzten ZIUetara ari gara hurbiltzen gero eta gehiago. Orain dela hamabost-hogei urte, egoera ohikoena zera izaten zen, egunean ordu erdiko bi bisita baimentzea: beira baten atzean, gainera. Aldiz, egun badira unitateak onartzen dituztenak goizean lau orduko bisitak eta arratsaldean beste lau ordukoak». Familiako kide «jakin» batzuen artean bisitak banatzeko eskea egiten da, hala ere, beti: «Sartu-irtenean dabilen jende dantza handirik ibiltzea ez da komeni. Asepsia behar duten tokiak dira». Eriaren egoeraren berri emateko ere familiekin harremana joriagoa izaten dela esan du: «Aldatu egin da hori». Teknologia berriek, gainera, lagundu egin dute. «Tableten bidezko komunikazioa, esaterako, asko sustatzen da kanpoko munduarekin harremana bideratzeko».

COVID-19aren kasuan, lehen fasean pazienteak bakartzeko neurri oso zorrotzak hartu zirela onartu du. Gaixotasun berriaren oldarkortasunak osasun sistema «ezustean» harrapatu zuela azaldu du, eta birusaren «transmisioa geraraztea» zela helburu nagusia une hartan. Gordin deskribatu du Saralegik zer-nolako egoera ekarri zien horrek pazienteei: «Bakartuta egon behar izan zuten, zalantzazko egoera horretan, gaixotasun berri batekin, eta inguruan, gainera, ia guztiz tapatuta zeuden profesionalek artatuta... Horrek eragin psikologikoa nabarmen handitu du». Denborarekin, ordea, izurriari neurria hartzen hasi ahala, hobera egin dela adierazi du. «Lehen olatuko protokolo haietatik orain erabiltzen ditugunetara aldea egon da: segurtasuna baztertu gabe ere, familiaren laguntza sustatzera egin da orain, oro har, pixkanaka».

Sarbidea ebazteko irizpideak jarrita daude

Osasun egoerari «buelta emateko moduko» pazienteak eramaten dituzte medikuek ZIUetara, eta, ondorioz, gaixoak hautatzeko «irizpideekin» jardutera ohituta daude arloko profesionalak. Ez dira irizpide irmoak, noski. «Gogoan dut, esate baterako, ni mediku egoiliar nintzenean Iruñeko erietxe batean ez zituztela ZIUetan sartzen 65 urtetik gorako pazienteak: adin irizpide hori zegoen. Gaur egun erokeria galanta irudituko litzaiguke; egun, 65 urteko pertsona bat gaztea da: ezin da adinarengatik baztertu». Egun 75-80 urteko pertsonak ere ZIUetara eramaten direla esan du: «Erreparatzen zaio haien ahalmen biologikoari, gaitzari, eta egoerari buelta emateko daukaten gaitasunari...». Adina aldagai bat da; ez bakarra.

COVID-19aren izurriaren hasieran informazioa urria zela onartu du Saralegik, eta Italiatik eta Txinatik heldu ziren datu apurrek aparteko oihartzuna izan zutela; horien arabera, hilkortasuna oso handia zen adinekoetan. «Horren arabera, hainbat gomendio egin ziren esanez pertsona horiek aukera urriak zituztela egoera gainditzeko, eta arrazionalizatu egin behar zirela baliabideak». Adinaren aldagaia gailendu zela eta, kritikak eragin zituen horrek hainbat sektoretan: «Ez zen ondo ulertu». Beste hainbat gomendiotan pazienteen «balio soziala» aintzat hartzeko ere aholkatu zen: «Izan ere, esaterako, zaintzaile den pertsona batek balio sozial handiagoa du: beste pertsona bat zaintzen ari da». Zurrunbilo horretan «gaizki-ulertuak» egon diren arren, oro har, erietxeetako batzorde etikoetatik eta profesionalen partetik ondu diren gomendio gehienak «bat» datozela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.