Koronabirursa

Gaixotasunaren ondorioei begira

Erne daude medikuak, COVID-19ak pazienteetan nolako ondorioak izan ditzakeen begiratzen: lehen irudipenen berri eman du Iruñeko Ospitale Guneko sendagile talde batek

Patricia Fanlo, Laura Imaz, Jose Espinoza, Marina Delgado eta Irati Ormazabal medikuak. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19ak pazienteetan izan ditzakeen ondorioen gaineko kezka handia da. Hasieran uste zen baino gaixotasun larriagoa da, eta jakina da, behin haren oldarraren gorena igarota ere, ondorioak uzten dituela sarri askotan. Horregatik, adi-adi daude osasun profesional asko. Onkologia Medikoko espezialista da Marina Delgado Ruiz; Neurologiakoa Laura Imaz Aguayo; Pneumologiakoa Jose Espinoza Perez; Barne Medikuntzakoa Patricia Fanlo Mateo; Hematologia eta Hemoterapiakoa Irati Ormazabal Velez. «Ustez antzekoak ziren beste birus batzuekin alderatuta, organo gehiagori erasaten die honek», onartu du azken horrek. Bostak Iruñeko Ospitale Gunean COVID-19aren inguruan jarduteko eratutako diziplina anitzeko taldeko kideak dira, eta tarte bat hartu dute BERRIAk gaixotasunaren ondorioen inguruan egindako hainbat galderari erantzuteko. Zuhur: «Goiz da oraindik ondorioei buruz jarduteko. Kontuan hartu behar da eritasun berria dela». Baina beren eguneroko jardunak erakusten dizkien lehen zantzuen berri emateko prest. «Badira COVID-19ak eragindako konplikazioen ondorioz berriz erietxera etorri behar duten pertsonak», onartu dute. Horra eman dituzten zenbait gako:

Biriketako arazoak,eta tronboak

Behin eritasunaren lehen astea igarota, hor hasten da usu COVID-19aren faserik larriena; infekzioari aurre egiteko gorputzak abian duen borrokan, biriketako «hantura» ohikoa izaten da. Horrek «aldaketa fibrotikoak» ekar ditzakeela azaldu dute Iruñeko Ospitale Guneko sendagileek, baina horien ondorioak ez daudela argi: «Aldaketa horiek garrantzi gabeak izan daitezke, edota atzera-bueltarik gabeko biriketako eritasun insterstizial bat bihur daitezke». Gorputzak gaitzaren fase gogorrenean duen «hanturarako» joera horrexen ondorioz, epe ertainera biriketako tronboenboliak ere ager daitezkeela ikusten ari dira orain medikuak. Gaitzak ekar ditzaken ondorio «kronikoen» inguruan, hala ere, oraingoz «espekulazioak» besterik ezin dela egin adierazi dute. Lehentasunen artean dute biriketan gaitzak lagatako ondorioak aztertzea ahalik eta zorrotzen. «Pneumologoek baloratu beharko dituzte». Iruñeko Ospitale Gunean, adibidez, pazienteen jarraipen hori egiteko prozedura bat martxan dela esan dute.

ZIUetako egonaldien ondorioak larriak dira

Argiago dituzte medikuek ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egonaldien ondorioak, eta ohikoak dira, paziente askok asteak egin behar izaten baitituzte zainketa mota horiek jasotzen COVID-19a gainditzeko bidean. «Epe labur-ertainera, ondorioak argiak izaten dira: irensteko arazoak, maskuria kontrolatzeko zailtasunak, polineuropatiak, giharren atrofia, sarkopenia, presioaren ondoriozko azaleko zauriak, portaera arazoak... Aparteko arta behar duten pazienteak izaten dira, eta diziplina askotatik bideratu behar dira: errehabilitazioa eta fisioterapia, logopedia, nutrizioa...». Lehendik ere ezagunak dira ondorio horiek guztiak, ez baitira gaitz honen berezitasuna; zainketa intentsiboena baizik. Horrexegatik, ondo baloratzen da nor eraman unitate horietara. Orain, COVID-19ak erasandako pazienteek unitate berezi horietan maiz egin behar izaten duten egonaldi luzearen harira, berriz sortu da ondorio horien gaineko kezka. Gainerako ondorioak zer maiztasunekin agertzen diren ezin dute oraindik argi zehaztu medikuek: «Jarraipen epea motza da oraino». Baina ondoriook ZIUetan egon diren eri «guztietan» agertzen dira.

Ezin da jakin noiz agertuko diren

Konplikazioak ager daitezke gaitzaren faserik bortitzenean, edo behin ja txarrena pasatuta dagoela uste denean. «Tronbosi benosoetan, esaterako, kasuak ikusi ditugu eritasunaren fase akutuetan eta azpiakutuetan; alegia, birusaren sintomak agerian daudenean, edo hilabete bat edo bi geroago. Iktusak ere ikusi izan dira birusaren prozesuaren osteko asteetan», azaldu dute Iruñeko Ospitale Guneko sendagileek.

Ez dago argi noiz arte izango diren

Ondorioen iraupenaren gaineko baieztapenak ez dira argiak oraindik, baina pazienteen jarraipen estuak datu ugari emango dizkiela argi dute medikuek. «Orduan jakingo dugu solik konplikazio multiorganiko akutuak dakartzan arnas aparatuko birus bat den, edo epe ertain eta luzerako alterazioak eragin ditzakeen». Datu horiek eskuratze aldera, pneumologian jarraipena egiteko antolatu dituzten kontsulta bereziak ez ezik, protokolo bat ere antolatu dute Iruñeko Ospitale Gunean bertan ospitaleratuta egon diren pazienteak gertutik jarraitzeko. «Telefono bidezko jarraipena egiten da, eta aurrez aurrekoa», azaldu dute ospitaleko medikuek. Jarraipen lan horretan diziplina askotako profesionalak batera ari direla nabarmendu dute.

Aurreko osasun egoerak eragina du

Ondorioak aurrez gaixo zeuden pazienteetan larriagoak izan daitezkeen susmo argia dute medikuek. «Baietz pentsatzen dugu. Gaixotasun akutu gehienetan ere halaxe gertatzen da; larriago erasaten diete aurrez gaixotasunen bat dutenei». Osasun arazo ugari zerrendatu dituzte aparteko arriskuak ekar ditzaketen horien artean: «Diabetes mellitusa, kardiopatiak, aurretik izandako pneumopatiak, immunoeskasiak edota edade handia».

Zientziaren iturriei begira-begira daude

Adi daude medikuak, ikerkuntzak zer datu berri ekarriko. «Ondorioen berri izateko informazio iturria nekropsietan egindako aurkikuntzak dira», azaldu dute. Eta COVID-19aren ondorioz hildakoen gorpuak aztertuta, organo asko kaltetuta ageri direla ikusi dute: ez da biriketako arazo bat bakarrik. «Lesioak ageri dira biriketan, bihotzean, giltzurrunetan eta gibelean. Lesio mikrobaskularrak dira, birusaren ondoriozko hantura prozesu horrek eragindakoak».

Birusaz haraindiko ondorioak

Aparteko atal bat gorde nahi izan dute bost medikuok «osasunarekin eta antolaketarekin» lotutako ondorioei erreparatzeko. «Igaro bi hilabeteetan osasun sistemak birmoldaketa bat egin behar izan du krisi honi erantzuteko», onartu dute. Eta horrek ekarritako ondorioei ere erreparatu behar zaiela pentsatzen dute: «Izan ere, atzerapena izan da azterketa diagnostikoak, kontsultak eta interbentzioak egiteko orduan». Konfinamendu neurrien estuak, halaber, zenbait taldetan «ondorio sozial» handiak laga dituela adierazi dute: «Adinekoetan, esaterako». Horiek horrela, etorkizunera begira, eremu horiek ere hobeto antolatze aldera, diziplina anitzeko batzorde bat martxan jarri dutela azaldu dute: «Autokritika egiteko, eta hobetzeko neurriak proposatzeko». Osasun krisian, diziplina askotako profesionalak batera aritu direla nabarmendu dute, eta oso «baikorra» iruditu zaiela jarduteko modu hori. Bide horretan sakontzen jarraitu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.