Migratzaileak. Hegoaldeko muga

Eskubideen zauriak

Ceutako eta Melillako hesiak harresi zaizkie Afrikatik Europarako bidea egin nahi dutenei. Etorkinen asmoei oztopoak jartzeko, Marokok kontzertinak jarri ditu hesietan, Espainia halakoak kentzen hasi den honetan

Eskubideen zauriak.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ceuta eta Melilla Afrikan daude, baina Europarenak dira. Deskolonizazioaren arrastoak, Espainiaren eta Marokoren arteko jolasak. Pasabideak dira hegoaldeko kontinentetik iparraldekora igarotzeko. Arraza eta pentsamolde ezberdinetako pertsonak joan-etorrian ibiltzeko lekuak behar luketenak hesiz, oztopoz eta debekuz beteriko hiri gotortu bihurtuak dituzte Espainiako eta Marokoko gobernuek. Ezin da Espainiatik Europara sartu, eta ez da kontraesana. Eguneroko kontua da bi hirietan. Hesietatik Espainia kontzertinak kentzen hasi da orain, baina bestelako gailu batzuk jartzeko: telebista zirkuituak eta aurpegia ezagutzeko sistemak. Hesiak handitzeko asmoa ere badu. Maroko, aldiz, kontzertinak jartzen ari da. Giza eskubideen urratze eta kontrolak mugarik gabe hazten segitzen du.

Debekuak debeku, ehunka pertsona egoten dira zain bi hirietan erdi ezkutatuta, basoetan eta mendietan. Zelatan, noiz izango aukerarik onena hesiak gainditzeko. Marokok bereak dauzka, Espainiak ere bai. Hesitik hesira giza eskubideak birrintzeko harresia. Pertsonen erabakiak pertsonen kontra. Etorkinak hesietara joaten dira, eta ia ukitu egin dezakete hainbeste desiratzen duten «Eskubideen Europa», gero eta eskubide gutxiago izan arren. Hesia gainditu behar. Hasten dira igotzen. Bidean geratzen dira batzuk. Bidean botatzen dituzte beste batzuk. Lortu egiten dute hainbatek. Ametsa bete edo ez bete, odola darie. Bi gobernuek giza eskubideak ebakitzeko aizto txiki eta zorrotzak dituzte jarriakhesietan: kontzertinak ere etsai etorkinentzat 2005etik. Odola darie giza eskubideei.

Espainiako Gobernuak 1996an eraiki zuen Ceutako hesia, Jose Maria Aznar presidente zen garaian. Orain, zortzi kilometro luze da. Txarrantxaz egina sorreran, altzairua du osagai orain. Eta kontzertinak. Melillakoa ere garai bertsuan dago jasoa: 1998an. Aznarren nahia kasu horretan ere. hamabi kilometroko luzera dauka. Bi hirietako hesien garaiera bera da: 6 metro dituzte.

Espainiako eta Marokoko hesien artean eremu neutroa dago. Militarra, beste hitz batekin adierazita. Ez dira oztopo etorkinentzat. Jauzi egitea dute amets eta helburu, kasu askotan ezer ez dagoen leku baterako jauzia. XXI. mendean, izan dira saialdi sonatuak. 2005eko irailean ehunka pertsona saiatu ziren Ceutako hesia gainditzen. Erantzun militarra jaso zuten: Guardia Zibilak haietako bost hil zituen, eta ehun baino gehiago zauritu. 2014ko otsailean, 200-300 lagun saiatu ziren Espainiara sartzen Ceutako Tarajal hondartzako lurmuturretik. Guardia Zibila zuten zain, eta operatibo horretan, hamabost etorkin hil ziren itota. Mende honetan, 2.500 saialdi inguru egin dituzte Ceutako hesian.

Melillako hesiaren historia ere antzekoa da. 2005ean, 700 etorkin saiatu ziren Espainian sartzen, eta Maroko aldetik tiroak baino ez zituzten jaso. Mende honetan, sonarik handieneko saialdia 2014ko urtarril eta otsailekoa izan zen, 4.000 pertsona saiatu zirelako hesia gainditzen; 600ek lortu zuten helburua. Iaz, 2.400 etorkin baino gehiago sartu ziren Melillan lehen zazpi hilabeteetan. Mende honetan, hiri horretan izan diren saialdiak 9.000 inguru izan dira.

Hesia gainditzea ez da izaten beti arrakastaren paradisua. CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroetan geldiarazten dituzte hesia gainditu ondoren, eta kasuren batean sei urtez atxilo eduki dutenik ere bada; ez badituzte hesia gainditu bezain laster preso hartu eta berriz Afrikara botatzen, nazioarteko araudia bete gabe. Marokok egin zuen hori bera gaur zortzi. Melillara sartu ziren hesia gainditu zuten 35 etorkin zazpi emakume tartean, eta horietako bi haurdun , eta Marokoko Poliziak atxilotu egin zituen, eta berriz ere Afrikara deportatu.

Espainia-Maroko akordioa

Horrelakoak egin ahal izateko, Espainiak eta Marokok 1992an sinatu zuten akordioa hartu dute apaletik. Tratuan azaltzen denez, bi herrialdetako batek hesia gainditzen duten etorkinak hamar eguneko epean hesiaren beste aldera itzultzeko eskaera egin diezaioke besteari. Itzulketa horiek nazioarteko legediaren aurkakoak zirela ebatzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Hesia gainditu beharra eta ondorengo guztia etorkin pobreen patua da. Horiek ez daukate bete aukerarik. Dirua dutenek bai: poliziak eta pertsonaren trafikoan aritzen diren mafiak erosten dituzte Europan sartzeko. Horientzat ez dira ari jartzen Maroko eta Espainia kontrol neurri zorrotzagoak hesian eta inguruetan. Pobreak nahi dituzte geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.