Koronabirusa

Erretirorik nahi ez duten ikasleak

EHUren Esperientzia Gelek ikasten jarraitzeko aukera ematen diete adinekoei. Konfinamenduan etxetik hartu dituzte klaseak, eta «uste baino arazo gutxiago» izan dituzte teknologiarekin. Unibertsitateak, ikasteko ez ezik, harremanak egiteko ere balio diela nabarmendu dute argazkigintzako ikasleek.

Argazkigintzako ikasleak, joan den astean Donostian egin zuten topaketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Donostia
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Elduainen (Gipuzkoa) 1940-1950eko hamarkadan jaiota, ez zen erraza kanpora ikastera joatea. Garai hartan, 14 urte bete bezain pronto paper fabriketatik deitzen ziguten inguruetako mutilei, lanera joateko. Ni 18 urterekin hasi nintzen, baina ordutik beti izan dut gehiago ikasteko gogoa, eta lana utzi nuenean unibertsitatean hasi nintzen. Zertarako? Niretzat aberastasun bat delako». Pedro Egialdek hala azaldu du zergatik ari den erretiroa hartu eta gero EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten.

[YouTube]https://youtu.be/s1sjNNEIIAU[/YouTube]

Zortzi urte daramatza unibertsitatean, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Orten Bañosek, zazpi. Hark ere antzeko arrazoiak aipatu ditu ikasten jarraitzeko. «Emakumeok ere gazte hasten ginen lanean», nabarmendu du. Baños bera, 15 urterekin: «Guretzat aukera polita da oraindik unibertsitatera joan ahal izatea».

BERRIArekin bildu diren bederatzi ikasleetako bi dira Egialde eta Baños. Guztiak dira adinekoak. Biek dute Gipuzkoako Esperientzia Geletako ikasketak amaitzean eskuratzen den Giza Zientzietako unibertsitate titulua, baina ikastaroak egiten jarraitzen dute. Ez dira bakarrak. Izan ere, unibertsitateko ohiko ikasketetan ez bezala, helburua ez da ikasleak lan mundurako prestatzea. EHUren arabera, «helduengana ezagutza eta kultura hurbiltzea da helburua, bizitza kalitatea hobetzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko». Ikasle bakoitza unibertsitatean izena ematera bultzatzen duen arrazoia, ordea, ezberdina da.

HUTSUNEAK

Izaskun Elizaranek, adibidez, «hutsune handia» sentitu zuen erretiroa hartutakoan. Irakaslea zen, eta lan horretan «erabatekoa zen bizitza soziala», baina egun batetik bestera amaitu egin zitzaion: «Bat-batean etxean nengoen, bikotekidearekin, txakurrarekin... oso mugatuta harremanei zegokienez». Unibertsitatea harremanak egiteko «jarduera aberatsa» dela dio; izan ere, ikasteaz gain, irteerak egiten dituzte elkarrekin, kafea hartzera joaten dira, eta bidaiatu ere egiten dute. Datorren astean ikaskideekin Erromara joatekoak ziren batzuk, eta Istanbulera (Turkia) beste batzuk. Datorren urterako utzi beharko dituzte asmo horiek, koronabirusa dela eta.

Laura Martinez, berriz, Urnietako (Gipuzkoa) baserri batean bizi da, eta klaseek «etxetik irteteko» balio diotela aitortzeaz gain, unibertsitateak beretzat duen balioa azpimarratu du: «Adineko emakume batentzat garrantzitsua da erabilgarri sentitzea. Semeak sarritan esan izan dit ea zertarako ikasten dudan orain, baina berdin zait; niretzat egiten dudan zerbait da».

MOLDAKETAK

Donostian elkar ikusteko bildu diren ikasleek Argazkigintza izeneko hautazkoan elkarrekin jardun dute aurtengo bigarren lauhilekoan. Ines Berasategik 68 urte ditu, eta, nola moldatu diren galdetuta, argi utzi du: «Oso ondo. Batzuek zailtasun eta zalantza gehiago izan dituzte besteek baino, baina uste dut guztiok moldatu garela. Ez da inor baztertuta geratu».

Ikasleek behin eta berriz azpimarratu dute arrakasta horren erantzule nagusia Beatriz Zabalondo irakaslea izan dela —BERRIA Taldeko presidentea ere bada Zabalondo—, hark motibatu baititu etxetik ere ikasten jarraitzera. Batzuk, zailtasun handiekin. Mila Beitiak, adibidez, ez zuen Interneteko konexiorik Donostiako etxean —Oñatin (Gipuzkoa) bizi da normalean—. Amore ematekotan egon zen: «Irakasleari esan nion ezingo nuela jarraitu, baina hark tira eta tira... asmatu genuen zerbait». Azkenean, sakelakoaren datuei esker konektatu zuen ordenagailua sarera. «Datu gehiago emateko esan behar izan nien telefono konpainiakoei», esan du, algaraka.

Donostiako Martin Aranburuk, berriz, aitortu du ordenagailu bat hautsi zuela duela aste batzuk, baina harro dio hala ere «moldatu» dela. Hori da guztiek errepikatzen dutena: «gauza asko» ikasi dituztela prozesuan, eta teknologiarekin «uste baino arazo gutxiago» izan dituztela.

MUNDUAREKIN LOTURA

Konfinamendua ez da aitzakia izan klaseak alde batera uzteko. Izan ere, Esperientzia Geletako ikasgaiak gainditzeko ezinbesteko baldintza da klaseen %80ra gutxienez joatea, eta, Argazkigintzan bederen, ez dute klase bat bera ere huts egin, ezohiko egoeran egon arren.

Martin Garateri «konfinamendutik apur bat deskonektatzen» lagundu dio ikasgaiak. Etxean ikasten jardun da, argazkiak ateratzen eta, jarraian, ordenagailuan lanean. «Niretzat gauza berria izan da, munduarekin lotu nauen zerbait».

Prozesu hori taldean egin izana «garrantzitsua» dela uste du Josean Larramendik, taldeko gazteenak —59 urte ditu—: «Hori egiteko gai izango ote naiz? Galdetzen nion neure buruari. Bada, besteek lortzen badute, zergatik ez?».

Lan egiteaz gain, ikasleek elkarrekin harremana mantendu dute konfinamenduan. Whatsapp talde bat dute, eta bideo deiak egiten trebatzeko ere balio izan diete azken asteek. «Ez da gauza bera, ordea». Beitiak, adibidez, klaseak jarraitzea «erronka» izan dela dio, eta, era horretan ikasten segitzeko ahaldunduta sentitu den arren, aitortu du zalantza egingo lukeela hala jarraitu edo ez: «Unibertsitateak ematen dizkigun gauza asko galtzen ditugu etxean geratuta».

LEIHO BERRIAK

Esperientzia Geletako ikasgaiek Giza Zientzietako hainbat alor lantzen dituzte: hizkuntzak, historia, artea, literatura... ebaluazio bakoitzean derrigorrezko hiru ikasgai eta hautazko bat dituzte. Astelehenetik ostegunera, goizez.

Argazkigintza hautazkoa da, eta, «ofizialki», aurten izan da Zabalondok euskaraz eman duen lehen aldia. Ikasle guztiek gazteleraz ikasi behar izan zuten gaztetan, eta hori arazoa izan ote den galdetuta, ezetz diote; alderantziz, «motibazioa» dela ere esan du bakarren batek.

Esperientzia Gelak ordura arte ezezagunak zitzaizkien kontuekin esperimentatu eta afizio berriak ezagutzen ere laguntzen die batzuei. Egialdek, adibidez, ikasgaiak argazkigintzarako afizioa sortu diola dio: «Orain, mendira-eta joaten naizenean, sakelakoa atera eta argazki batzuk egiten ditut. Uste dut ederra dela klasean ikasitakoa erabiltzea, eta ikasleoi grina hori sortzea».

Elizaranen ustez, «beste leiho batzuk irekitzen ditu» ikasteak; aitortu du adinekoei sarri kosta egiten zaiela «lehen pausoa ematea». Berasategiren iritziz, klaseak «onak» izatea da gakoa: «Donostiaraino etortzen banaiz klase bat hartzera, eta txarra bada...».

INFANTILIZAZIOA

Unibertsitateaz harago konfinamenduak nola eragin dien galdetuta, iritzi ezberdinak jarri dituzte mahai gainean. Batzuk ondo moldatu dira etxean, baina beste batzuek aitortu dute eragin egin diela. Egialde, adibidez, ondo moldatu direnetako bat da: «Helduok ere aurrera egiten saiatu behar dugu, eta aktibo mantentzeak lagundu digula uste dut».

Halere, ez ditu gustuko 70 urtetik gorakoei jarritako muga batzuk, «ezertarako balio ez bagenu bezala sentiarazten baikaituzte batzuetan». Batek edo bestek adinekoak «infantilizatu» dituztela ere sentitu du.

Martinez da horietako bat: «Inozoa nintzela zirudien; denek esaten zidaten zer egin behar nuen». Horrek «barruan zuen errebeldea» aterarazi diola aitortu du, eta eskerrak eman dizkie ikaskideei, une txarrenetan «umorea mantentzen» lagundu diotelako. Horretan denek egiten dute bat: egunero ordu batzuetan unibertsitateari lotuta egoteak aktibo mantendu ditu. «Adina ez da aitzakia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.