Iñaki Abad. Altsasuko gaztea

«Ez dizute ahazten uzten kartzelaren menpe zarela»

Abadek hirugarren graduan igaro ditu ia bi urte, baina astelehenean emanen diote erabateko askatasuna. Gogotsu dago: «Eskumuturrekoa, fisikoki, eskuburdinak izatea bezala da».

BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Laster bukatuko zaio gibelerako kontua: Iñaki Abad (Altsasu, Nafarroa, 1986) astelehenean izanen da erabat aske, Altsasuko auzian ezarritako hiru urte eta erdiko zigorra osorik beteta. Erabat aske, azken bi urteotan hirugarren graduan izan baita, eta etxean, baina baldintzapean. Egoera berean dira Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteetatik sei —Ainara Urkijok ez zuen kartzelara joan behar izan—: hirugarren graduan dira guztiak, eta zigorrak osorik betetzeko itxaron beharko dute haiek oraino. Kalean baitira, baina ez aske.

Astelehenean geldituko zara libre. Zein sentipen daukazu?

Azken tramitea da: eskumuturrekoa eta etxeko aparatua kendu, Zaballara joan [Araba], eta askatasuna izenpetzea. Duela hiru urte eta erdi nengoen horren zain: izugarrizko gogoa daukat.

Twitterren atzerako kontua egin duzu, egunez egun. Nolakoa izan da prozesua?

Egun batean ohartu nintzen 100 egun falta zirela urriaren 4rako: banekien orduan bukatzen zela nire kondena, eta erabaki nuen atzerako kontu bat abiatzea. Egia esan, terapia modura balio izan dit: oso azkar pasatu zait. Bat-batean berrogeita hamar egun falta ziren, gero berrogei, hogeita hamar, eta ja hiru [bi] egun baino ez dira falta. Txorakeria horri esker, ia oharkabean pasatu zait: egunero esnatu, eta egun bat gutxiago.

Hirugarren graduan zaude 2019ko abendutik. Zein baldintzatan egon zara?

Hirugarren gradua erdi askatasunezkoa da, baina ez dizute ahazten uzten kartzelaren menpeko segitzen duzula. Nik zortzi orduz egon behar nuen etxean, astelehenetik ostegunera. Eta, teorian, aparatua zure egoerara egokitzen da, lan kontuengatik edo dena delakoagatik, ze teorian askatasunerako prestatzen ari zaituztete, baina... Nire kasuan, goizeko ordu batetik goizeko bederatzietara arte egon behar nuen etxean. Horrez gain —eta baimenak baldin badituzu—, bizi zaren erkidegotik ateratzeko —kasu honetan, Nafarroatik—, kartzelari abisua eman behar diozu, betiere estatuaren barnean. Adibidez, Kataluniara oporretan joateko, Zaballari abisatu behar diozu, ze, bestela, kontrol batean edo ospitalean harrapatzen bazaituzte...

Izan duzu arazorik?

Ba, hain justu, guri buruzko dokumentala [Altsasu (gau hura)] eman zuten Bartzelonan, eskatu nuen baimena joateko, Zaballan abisatu nuen, eta ez ziguten utzi. Berez, hori epaile batek esan behar du, baina... Lagun bati bisitan joateko ere baliatu nahi nuen, eta...

Gero, ni tabernaria naiz. Jartzen nuen alarma 00:30ean, eta, udan, 00:50ean jendea botatzen nuen presaka tabernatik, eta korrika etxera. Hurrengo egunean etortzen nintzen garbitzera. Gauzatxo horiek. Azkenean, eskumuturrekoa, fisikoki, eskuburdinak izatea bezala da. Ezin duzu kendu.

Orain, pixka bat libreago izango naiz, baina aurrekarien itzala ere hor dago. Ze ez da ahaztu behar kondenatuak izan ginela. Duela hiru aste, Ainara Urkijo, ez zena kartzelara sartu urte eta erdiko zigorra zuelako, osabarekin joan zen oporretara Panamara. Hamabi ordu egin zituen hegazkinean, eta aireportuan ez zioten utzi herrialdera sartzen: hilabeterako joan, eta egunean bertan itzuli behar izan zuen. Beti beldur hori.

Bertzeak oraindik hirugarren graduan daude. Nola bizi duzu?

Nik, hasieran, hamahiru urteko zigorra nuen, eta, azkenean, gauza bat eta beste, hiru urte eta erdikoa jarri zidaten. Oihanek-eta [Arnanz] hasieran bete zutenarekin, azkenean paretsu gelditu gara guztiak. Eta, behintzat, kalean gaude denak. Ezberdina litzateke nik zigorra bukatzeaeta batzuk oraindik barruan egotea.

Estrasburgoren zain zaudete orain. Zein esperantza duzue?

Ongi dago Estrasburgokoa, egin behar zen, baina erantzuna iristen denerako... nire herrian oroituko dira nitaz, baina... [irriz]. Eta, gero, hortik jasotzen ahalko dugun kalte ordainik handiena arrazoia ematea izango da. Ez digute dirurik emango, are gutxiago bizitza urterik. Ez diot garrantzi handirik ematen.

Twitterren aipatu duzu «ahaztu» baino gehiago «orria pasatuko» duzula.

Ezin da horrelako zerbait ahaztu: beti egongo da hor. Ni optimista naiz, eta onenarekin gelditzen naiz: kasu honetan, auzikideak ezagutu izana, gurasoak, eta jendearen elkartasuna. Argi utzi nahiko nuke mobilizatzeak merezi izan duela: psikologikoki oso onuragarria izan da guretzat Iruñeko manifestazioak-eta ikustea, nahiz eta telebistatik ikusi genituen. Eta, gero, uste dut protestek zerikusia izan dutela: bakarrik bageunde, ez ginateke egongo orain gauden lekuan.

Astelehenerako zein asmo?

Lankide bat etorriko da nirekin Zaballara, eskumuturrekoa kendu eta aparatua itzultzera; Gasteizen bazkalduko dugu, eta arratsaldean elkarteren batean patata tortillaren bat eta suziriren bat edo [irriak]. Lasai ederrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.