Gertuko Euskaraldia

147.000 pertsonak izena eman dute Euskaraldian. Gehienak emakumeak dira, gipuzkoarrak, eta 'ahobizi' izatea hautatu dute. Izena emateko epea luzatu dute

Gertuko Euskaraldia.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hasi da Euskaraldia, euskaldunen hizkuntza ohituretan aldaketa eragin nahi duen ariketa. COVID-19 gaitzak eragindako pandemian, eta are, Euskal Herri osoan mugikortasuna mugatuta dagoen garaian egingo da bigarren aldia. Zaila izango da aurreikusitako moduko ariketa egitea, antolaketa bera ere baldintzatu egin baitu, koordinatzaileek azaldu dutenez. Baina Euskaraldia egin egingo da, beste modu batean bada ere: «Hurbileko harreman sareetan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiteko aukerak badaude, eta Euskaraldiak batez ere horietan zentratzea ekarriko du; gainera, ingurune digitalean ditugun harremanetako hizkuntza hautuetan ere eragiteko baliatuko da aurtengoa». Sozializazioa mugatutako egoeran egingo da ariketa soziala. Gertuagokoa izango da.

Euskaraldian izena emateko aukera atzo artekoa zen hasiera batean, baina epea datorren asteartera atzeratzea erabaki dute. Izan ere, azken egunetan atxikimendu oldea jasotzen ari dira, eta herri batzordeek denbora gehiago eskatu dute izen emateetarako. Hala ere, behin-behineko datuak eman ditu Euskaraldiko koordinazio taldeak, eta erantzun handia jaso du: 147.000 pertsonak eman dute izena. Halere, lehen aldiaren parte hartze datutik urrun dago oraindik, ordukoan 225.000 atxikimendu jaso baitzituen Euskaraldiak; baina egoera erabat ezberdina da. Dena den, zenbaki horrek oraindik gora egingo du izena emateko epea zabaltzearekin batera.

Datu adierazgarri bat eman dute antolatzaileek: parte hartu dutenen %27 ez ziren lehen aldian aritu. Hau da, 39.700 erabiltzaile berriak dira. Aurtengoarekin bat egin duten 107.300 pertsonak, beraz, lehen Euskaraldian ahobizi edo belarriprest rolarekin bat egin zuten. Beste horrenbeste dira aurreko aldian izena eman eta aurtengo apuntatu ez direnak. Antolatzaileek gogora ekarri dute oraingo honetan ere izena eman beharra dagoela, askok uste baitute behin parte hartuz gero ez dela berriz apuntatu behar. Horregatik animatu dituzte pertsona horiek Euskaraldiarekin bat egitera.

Rolen banaketak bere horretan dirau, eta oraindik ahobizi modura jarduteko hautua egin dute hamarretik zortzi parte hartzailek. Gainerako biak arituko dira belarriprest rolean. Aurreko Euskaraldian baino alde handiagoa da hori, orduan hamarretik zazpik hartu baitzuten ahal zen eremu guztietan euskarari eusteko konpromisoa.

Lurraldeen arteko banaketari dagokionez, aurrekoan bezala, oraingoan ere Gipuzkoak izango du pisu nabarmenena parte hartzeari begiratuz gero. Izena eman dutenen %44 lurralde horretan arituko dira euren hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean; %33 Bizkaian, %12 Nafarroan, %9 Araban, eta gainerako %2 Iparraldean. Aurten, gainera, Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena.

Euskaraldiarekin bat egin duten hamar pertsonatik sei, bestalde, emakumeak dira oraingoan ere. Aurreko alditik datozen joera batzuk egonkortu egin dira, beraz, emandako datu horietan guztietan.

Aurtengo berritasun nagusia ariguneak izango dira, euskaraz hitz egin ahal izateko gune babestuak. 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, eta Euskaraldiaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete horiei guztiei, egoera zailean egon arren apustu horri eutsi diotelako. Tresna horri esker, norbanakoen arteko ariketa kolektiboa bihurtuko da, baina ikusi beharko da pandemiak zenbateraino eragingo ote duen. Gertuagokoa izango baita Euskaraldi hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.