Errepublikanoen esku utziz

AEBetako Gobernua berriro zabaltze aldera, demokratek proposatu dute Senatu errepublikanoak duela bi aste onartutako neurrietan oinarritutako legeak aurrera ateratzea Kongresu berriak

Nancy Pelosi demokrata atzo, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente aukeratua izan ondoren. SHAWN THEW / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
AEBetako Alderdi Demokratak errepublikanoen teilatuan utzi du pilota. Gobernua partzialki itxita dago joan den abenduaren 22tik, baina agentzia federalen %25ari, 800.000 bat langileri, eragiten dien shutdown delakoa bertan behera uzteko, administrazioa berriro guztiz irekitzeko, irtenbide bat proposatu diete demokratek errepublikanoei: gehiengo errepublikanoko Senatuak itxiera gertatu baino bi egun lehenago onartutako lege sorta batean oinarritutako lege proiektuak aurrera ateratzea Kongresuak. Datozen lau urteetarako gehiengo demokrata du Ordezkarien Ganberak atzodanik, eta planteamendu hori egin du Nancy Pelosi demokraten liderrak, behe ganberako presidente aukeratu berriak.

Proposamen horretan, ez dituzte sartu Donald Trump AEBetako presidenteak Mexikoko harresia finantzatzeko eskatzen dituen 4.300 milioi euroak. Joan den abenduaren 20an Senatuak onartutako aurrekontuek ere ez zuten jaso harresiarentzako funtsik, eta Etxe Zuriko maizterrak ordu batzuk geroago baztertu zituen. Horrek ekarri du itxiera, eta ez dirudi hurrengo egunetan atzera irekiko dutenik, Trumpek bereari eusten baitio. Twitterren atzo idatzi zuenez, 2020ko presidentetzarako hauteskundeei begira demokratek jarraitzen duten estrategia bat da administrazioaren itxiera.

Pelosi atzo hautatu zuten bozka bidez —2007 eta 2011 artean ere ganberako presidentea izan zen—, eta, herenegun adierazi zuenez, demokraten proposamena atzo eztabaidatu eta bozkatu behar zuten. Osoko bilkura hasi gabe zegoen edizio hau ixterakoan.

Lider demokratak herenegun bildu ziren Trumpekin eta haren kabineteko kideekin, eta bileratik irten ondoren proposamenaren zirriborroaz mintzatu zen Pelosi kazetarien aurrean. Bitan zatitu daiteke planteamendua. Batetik, lege proiektu baten bidez Segurtasun Nazionalaren Departamentua finantzatu nahi dute otsailaren 8ra arte; bestetik, beste neurri sorta bat aurrera ateratzea lortuz gero, itxita dauden beste agentziak irailaren 30era arte irekita edukitzea bermatuko lukete. Pelosiren esanetan, aurreneko neurria onartuz gero «30 egun gehiago» edukiko lituzkete mugako segurtasunari buruzko funtsez negoziatzeko, eta, bien bitartean, gobernuak irekita jarraituko luke. Ordezkarien Ganberako liderrak argi utzi nahi izan zuen, ordea, aurrekontuetan ez dutela sartuko harresia finantzatzeko funtsik. «Ez dago ezer paretarentzat. Zenbait aldiz gehiago esan dezakegu ezetz?». Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruak erantzun zuen, ordea, ez dutela babestuko Trumpek onartzen ez duen neurririk.

Bi aldeak gaur dira berriro biltzekoak. AEBetako presidenteak esana dauka behar beste denbora iraungo duela itxialdiak. 2017ko urtarrilean kargura heldu zenetik hirugarren itxialdia da oraingoa. 1970eko hamarkadaz geroztik hemeretzi shutdown gertatu dira, luzeena 1996an: 21 egun.

'Impeachment'-a iradokiz

Ordezkarien Ganberaren kontrola berreskuratuta, demokratek Trumpen aurka egin ahal izango dute ganberaren batzordeen bidez. Haien asmoa da gobernuaren zaintzapean dauden haur etorkinen heriotzak ikertzea, presidentearen zerga aitorpenak exijitzea, eta, besteak beste, Robert Muellerren lana babestea. 2016ko bozetan Errusiak errepublikanoen alde esku hartu ote zuen ikertzen ari da fiskal berezia, Trump bera ikerketapean dago, eta sarri egiten du Muellerren aurka. Dena den, Ordezkarien Ganberak aurrera ateratako edozein ekinbide blokeatu ahal izango du Senatuak, datozen lau urteetan ere gehiengo errepublikanoa edukiko baitu.

Eta zenbait diputatu demokratak ez dute baztertzen Trumpen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesu bat abiatzea. Hori gauzatu ahal izateko, ordea, Senatuaren bi herenen aldeko botoa behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.