Jon-Mirena Landa Gorostiza.

CDR: terrorismo berririk bada?

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Irailaren 23an bederatzi lagun atxilotu zituzten Bartzelonan, CDR talde berezitu baten partaide gisa, beste akusazioen artean terrorismo delituak leporatuta. Ikerketaren zati batzuk ezagutzera ematen ari dira, zatika. Ez da jakiten, beraz, zehatz-mehatz zein egitate leporatzen zaizkien akusatuei, sekretupean dago eta. Antza denez, urtebete baino gehiago begipean zeuden atxilotuak, eta, orain, delituak gertatzeko zorian zeudelakoan gertatu dira atxiloketak.

Errugabetasun-presuntzioa serio hartuko bagenu, ezingo genuke terrorismoaz hitz egin: ez egunkarietan, ezta oro har eztabaida publikoan ere, harik eta hori guztia behin betiko epai (irmo) baten bitartez behar bezala eta argudio sendoz frogatua izan arte; are gutxiago erabaki, alderdien arteko dinamikan, batzuek besteei «kondena» eskatzeko. Zeren kondena?

Zarata honen guztiaren artean ez da erraza azterketa hotz eta taxuzkoa egitea, eta nik kasu honetan, ezagutzera eman diren aztarnekin, soil-soilik ekingo diot terrorismo-delitu batengatiko akusazioaren gaineko bidegarritasunari buruzko hausnarketa egiteari.

Edozein delitutan bi alderdi nagusi frogatu behar dira: jarduera «objektibo» bat (pertsona bat tirokatzea; sexu-ukituak egitea emakume bati; gauza batzuk etxebizitza batetik hartzea...) eta alderdi «subjektiboa». Hau da, zer egin zen eta zein asmoz. Edward Coke legelari ingelesak jada XVI. mendean ezarri zuen moduan: ez dago jarduera kriminalik, asmo kriminalekin batera ez badator (actus non facit reum nisi mens sit rea). Bi alderdiak aztertu behar dira, eta biak gertatzen direnean soilik, Estatu demokratikotan, abiapuntua dugu zuzenbide penalari bidea emateko. Europako tradizio kontinentalari helduta: cogitationis poenam nemo patitur. Alegia, pentsamenduak ez du deliturik egiten.

Aipatu printzipioa ez da printzipioetako bat beste batzuen artean: zuzenbide penal zilegiaren muina baizik. Delitua definitzeko orduan edo hura aplikatzeko eta frogatzeko bidean aipatu oreka, alderdi objektibo eta subjektiboaren artekoa, galtzen bada, injustizia eta abusua nagusitzen dira. Bi alderdiok halabeharrez epaiketa justu baten osagai ditugu: giza eskubideak.

Terrorismo delituen definizioaren azken lege aldaketa funtsezkoa 2015eko lege organiko (2/2015, Martxoaren 30eko) baten bitartez gertatu zen, Zigor Kodearen 571. artikulu eta hurrengoak sakonki aldatuz. Eta hor aipatu oreka erabat suntsitu zen: «Benetako terrorismoa» eta «pentsamendu terrorista» nahastu ziren, parekatu ziren, alderdi objektiboa delitua leporatzeko ia zeharo desagertu arte. Nola heldu zen horra? Saia gaitezen alderdi hau argitzen lau urratsetan.

Lehenengo urratsa: terrorismoa jada ez da jarduera kolektiboa. Terrorismoa hain da larria jarduera antolatua delako. Alegia, pertsona batzuk eginkizun berberarekin, hierarkiarekin, funtzio-banaketarekin. Taldeak ematen zion funtsa ekintza isolatu bat «izu iraunkor» bilakatzeari. Egiten den delitu bakoitza kate berberaren katebegi bat dugu, eta horrek handiagotzen du mehatxua. Egungo legean, jada, aitzitik, terrorismo indibiduala izan daiteke.

Bigarrena: terrorismoaren helburuak kontaezinak dira. Terrorismoa orain helburuetatik identifikatzen da, eta horiek hainbeste dira eta hain dira zabalduak legean txertatzeko moduan, ezen ia dena helburu terrorista bilaka baitaiteke.

Hirugarren urratsa: terrorismoa frogatzeko moduak aldatu dira, eta gero eta pisu handiagoa dauka horretan txosten polizialak. Polizien txostena ia froga perizial bezala ulertzen da, eta beraien kontakizuna ez gertatzen dena- prozesu guztiaren gako dugu. Beste era batera esanda: froga periziala bada aditu batek bere esparru zientifikoarekin lotuta ezagutzera ematen duena (balistika, kaligrafika...). Arazoa da adituari, kasu honetan poliziari, bere jakintzarekin zerikusi ez duen kontuetan aditu estatusa onartzen bazaio, kontakizun «ideologiko» hutsari bidea ematen zaiola.

Laugarren urratsa (eta garrantzitsuena): alderdi objektibo eta subjektiboaren arteko «lotura» ez da jada frogatzen. Egitateetatik abiatu beharrean, ematen du helburu ideologiko eta politikoetatik abiatzen dela praktika forentsea eta handik egitateen bila joaten da. Orduan, liburuak propaganda terrorista bilakatzen dira; gasolina, lehergai; etxeko tresnak, lehergailuak sartzeko tapak. Neutroak diren hainbat ekintza eta gauzak (etxeko tresneria, boterearen aurreko desobedientzia, jarduera ideologiko antolatua...) kolore terrorista hartzen dute kontakizun ideologiko batetik begiratuta «delituak egiteko aurre-fase bat izan daitezkeelako».

Hortaz, zoritxarrez, pentsamendu hutsak delitu egitetik hurbilago gaude. Terrorismo delitua gaur dena izan daiteke, pentsamendu antinormatiboa —ad. independentistazale— hutsa bera ere, praxi forentsetik horri «kontakizun egokia» gehitzen bazaio. Zuzenbide penalak kasuotan, gorroto delituekin gertatu zen moduan, ematen du, errealitatea aitortu eta kalifikatu beharrean, errealitate sortzailea dela. Neurri handi batean, ordea, gakoa epaileen esku dago: haiek bermeak estutu ditzakete eta delituotako alderdi objektiboaren garrantzia eta zentralitatea berreskuratu. Egingo al dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.