Oligopolioen alde ez egiteko eskatu diete agintariei

Araban garatzen ari diren azpiegitura handien aurkako manifestazioa egin dute. Herri txikiei «ahotsa» kendu izana egotzi diete erakundeei

Araba Bizirik-ek atzo Gasteizen deitutako manifestazioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Juanma Gallego.
Gasteiz
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Araba Bizirik plataformak deituta, ehunka lagun manifestatu ziren atzo Gasteizen, lurraldean garatzen ari diren zenbait azpiegituraren aurka protesta egiteko.

Atzoko egunean antolatutako ekinbideen puntu zentrala izan zen arratsaldeko manifestazioa. Amaieran irakurritako agiri batean, deitzaileek ohartarazi zuten proiektu horien ondorioz Araba «arriskuan» dagoela. Erakundeei egotzi zieten hobekien kontserbatutako guneak «oligopolioei oparitu» nahi izatea, eta haien interesen alde lerrokatzea. Hori egin beharrean, «lurraldea babesteko» eskatu zieten agintariei.

Gogora ekarri zuten lurraldeakduen «mehatxua» zertan gauzatzen den. Batetik, EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak lau parke eoliko eraiki nahi ditu Arabako mendietan. Bestetik, Solaria enpresa nekazaritza eremuko lurrak erosten ari da, parke fotovoltaiko handiak eraikitzeko. Tuesta herriko lurretan ere, tomate hidroponikoak ekoizteko berotegi handiak eraiki nahi ditu Almeriako (Espainia) Hispalus enpresak. Azkenik, trenbide sarea bikoizten ari da Jaurlaritza, abiadura handiko trenaren «erabilera esklusiborako».

Herri txikien ahotsa

Deitzaileen ustez, proiektu horiek guztiek «atzera-bueltarik gabeko ondorioak» ekarriko dituzte. Erakunde publikoek izandako jokabidea ere kritikatu zuten. Plataformaren esanetan, instituzioek herri txikiei «ahotsa, autonomia eta subiranotasuna» kendu nahi izan dizkiete azpiegituren aurka azaldu direnean.

Besteak beste, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezengana zuzendu ziren, herriak «megaproiektu hauen aurka» daudela esateko; «kontrakoa esatea gezurretan aritzea da», erantsi zuten. Jaurlaritzari ere gogorarazi zioten «etorkizuneko belaunaldiek espazio horietaz gozatzen» jarraitu ahal izatea «erakunde publikoen erantzukizuna» dela. «Morroi izateari» utz diezaiotela galdegin zieten agintariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.