Noiz sortua: 2019-03-27 00:30:00

Nafarroako euskara planak, elkarlanean

Eneka Maiz eta Aitor Elexpuru - Uemaren zuzendaritza batzordeko kideak

2019ko martxoak 27

Oraintsu jakin dugunaren arabera, Nafarroako Gobernuak euskara planak martxan jarri nahi ditu bere departamentuetan. Aldaketarik ezean, plan horietako arauak 2021 arte egonen dira indarrean. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren euskara plana izan da onartu den lehen plana; atzetik etorri da Ogasun eta Finantza Departamentuarena ere. Eta gibeletik etorriko dira gainerakoak ere. Plan horiekin Nafarroako Gobernuak bere zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko edo bermatzen hasteko bidea hartu du, baina euskararen erabilera bermatzea ez da lan makala izanen!

Ez, ez baita makala izan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) udal nafarrek gure txikian egindako lana ere. Ia bi hamarkada dira lehen euskara planak martxan jarri genituenetik: langile elebidunak kontratatu, herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera bermatu, beste administrazioekiko harremanetan euskaraz aritu, enpresa eta hornitzaileekiko harremanetan euskararen erabilera sustatu, eta abar. Ibilbide horretan guztian hainbat ahalegin egin dugu, eta oraindik ere egiten ari gara.

Halere, ahalegin horrek eman du fruiturik. Izan ere, gaur egun Uemako kide garen udaletan zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara dela esan genezake. Langileek eta hautetsiek gure esku dagoena euskaraz egiten dugu maila handi batean, baina euskararen normalizazioan trabarik handiena udalaz gaindi datorkigu. Hau da, Nafarroako Gobernuko departamentuetako zerbitzuetatik eta erakunde autonomoetatik, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzatik eta zerbitzuetatik, bereziki Justiziatik, eta oro har enpresa pribatuetatik.

Nabarmentzekoa da guretzat herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea dela lehentasuna. Horregatik, Uemako kide diren udalen izenean, behin baino gehiagotan joan gara Nafarroako Parlamentuko batzorde ezberdinetara askieza den egoeraren berri ematera eta neurriak eskatzeko agerraldiak egitera. Zehazki, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatu dugu; hau da, Nafarroako Gobernuak gure lurraldean ematen dituen zerbitzuetan euskara berma dadin eskatu izan dugu, lanpostuen azterketa eginda, oraindik ere dauden hutsune handiak nabarmenduz.

Herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzu gehiago ere badiren arren, bereziki lau zerbitzutako lanpostuak lehentasunezkotzat jo izan ditugu agerraldietan: osasun arlokoak, liburuzainenak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak eta mendizainenak. Zerbitzu horietan, oinarrizko kontuak aldarrikatu izan ditugu:

Gure lurguneko lanpostuetarako lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea, lehentasuna jendaurreko lanpostuei jarriz.

Lanpostuei jarri beharreko ezagutza maila, lanpostuaren zereginak betetzeko modukoa izatea.

Euskarazko plazen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela bermatzea.

Gainerako arloetan, urratsak egiten hastea. Besteak beste, hizkuntza-paisaian, informazio-orrietan, harreran eta antzekoetan.

Azken urteotan Nafarroako Gobernuaren aldetik aurreraurratsak egin dira. Esaterako, 2017ko azaroan Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretua onartu zen. Foru Dekretu horrek ezarri ditu orain martxan jartzen hasi diren euskara planen oinarriak.

Bestalde, parlamentuko batzordeetan egon izan garenetik ere izan da aurrerapausorik. Azken agerraldia egin genuenean Nafarroako Gobernuak urtebeteko epea eman zion bere buruari, departamentu bakoitzeko hizkuntza plan propioak diseinatzeko. Iazko urrian amaitu zen epe hura, eta hasiak dira euskara planak onartzen. Horiek onartzea eta abiaraztea oinarrizkoa eta ezinbestekoa da, behingoz norabide egokia hartu eta borondatetik haratagoko bidea egiteko. Euskararen Legeak ezarritako mugen barruan izanik ere, ezer galtzeko ez dugunontzat itxaropentsua, dudarik gabe.

Oraindik, ordea, herritarren eta administrazio publikoaren arteko harremanetan benetako zirkuitu elebidunak bermatzea urruneko ilusio da guretzat. Euskaraz aritu nahi duen herritar batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea, hain zuzen. Erronka handiegia da epe motzean betetzeko, baina Uemako kide diren udalen adinako abiadura hartuz gero, hamarkada batzuetan ikusiko edo biziko ote dugu eskubide hori beteta? Lan irmoa egin behar horretarako.

Azken finean, Uemarentzat Nafarroako Gobernuak azken urteotan urratutako bidea baikorra da. Euskararen erabilerari buruzko foru dekretua eta hori garatuko duten euskara planak onartzea, alegia. Beraz, norabide horretan gure eskua zabalik du Nafarroak Gobernuak, elkarlana ezinbestekoa zaigulako. Era berean, eskua luzatu nahi diegu gainerako udalerri euskaldunei ere. Guztiok batera, elkarbizitza eta aniztasuna helburu, euskararen normalizazioa gertuago izanen baitugu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna