Arerioarekin dantzan

2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Puzzlea osatu nahian. Horretan dabiltza alderdi guztiak egunotan. Dantzarako bikote bila. Euskaldunak beti soltekoak izan omen gara dantza kontuetan, baina, politikari dagokionean, bikote bila ari dira alderdi politikoak, etengabe. Polimaitasuna ere eraikitzen hasiak dira toki batzuetan, batzuei kosta ahala kosta.

Ekaineko lehen hamabostaldian ikusi genituen dantza horren lehen saioak, udalen osaketetara begira. Batzuentzako dantza bikote legitimoak zirenak, lapurreta saioak izan ziren beste batzuentzako. EAJ eta PSE-EE Andoainen ados jartzen baziren, haiei alkatetza ostu zietela hots egiten zuten herriko bildukideek. Durangon, aldiz, akordioa EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artekoa zenean, jeltzaleen ahotan zegoen lapurretaren argudioa. Eta popularrek erabiltzen zuten argudio hori akordioa EAJ eta EH Bilduren artekoa bazen, Bastidan bezala. Eta batzuen eta besteen legitimitatearen inguruko argudioak zeuden tartean. Hainbatek zalantzan jartzen zuten EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa, «herriak aurrera egiteko» kaltegarria izango zelakoan. Beste hainbatek, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artekoa, bere natura auzitan jarriz. Azken batzuek, akordio hori oso minoritarioa izan arren, EAJ eta EH Bilduren artekoa, frontismoa leporatuz. Eta, logika horien guztien gainetik, galdera berdina beti: akordio mota horiek guztiek ez al dute islatzen gure herrian horren nabaria den pluraltasuna? Ezberdinen arteko akordioa? Zer du bakoitzak eztabaidagarri eta zergatik? Bakoitzaren gustu eta afizio partikularren gainetik, ez dut topatzen galdera horiei erantzungo dien elementu zehatzik, aukera guztiak baitira (izan baitaitezke) gure gizartearen logika pluralen isla.

Eta udalak osatu ziren. Eta foru aldundiak dira hurrengo pausoa Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Eta han, urrunean, Sanchez bere buruarekin dantzan. Bera ere soltekoa dela. Ez zaiola gehiegi gustatzen Iglesiasekin delbrazete ibiltzea. Riverari ez liokeela ezetzik esango, baina kasu honetan hura dela nahi ez duena. Casadok berari ez galdetzeko, haiekin ez doala dantza saioa. Eta zezenei begira, hainbat erkidegotan beraien bazkide den Vox, dagoeneko eskuinak akordioetarako naturalizatu duen alderdia; bere eztabaidarako markoa inposatzen ari dena. Sanchez, are zalantzatiago utzi duen eztabaida markoa da hori. Batzuekin bai eta besteekin ez hitz egitera bultzatzen duena. Baina hasieran aipatutako udal mailako akordio horiek ez al ziren gure pluralitatearen oinarri? Zer gertatzen da orduan? Zergatik eraiki batzuk isolatzen dituen markoa. Ondorio nabarmenak ditu nagusiki EH Bilduri eragiten dion prozesu honek, Nafarroan bereziki, azken egunetan ikusi ahal izan dugun bezala.

Nafarroan, alderdi sozialistak, bigarren indarra izan zenak, gehiengo alternatiboa osatuta gobernua lehiatzeko asmoa adierazi zion Navarra Sumari, lehen indarra izan zen alderdiari. Horra arte, dena ongi. Gehiengo alternatibo hori osatzeko ezinbestekoa duen alderdiarekin hitz egin ere ez duela egingo esaten duenean sortzen da arazoa. Eta Espainiako gizarteak jarrera hori legitimatu egiten duenean. Euskal Herriko iritzi publikoa aspaldi banatu da Espainiakotik. Horren adierazle argia da asteazken gauean Arnaldo Otegiren TVEko elkarrizketak emandakoa. Alderdi sozialistak eta alderdi popularrak askotan partekatu dituzte telebista orduak EH Bilduko ordezkariekin EiTBn, baina Espainiako iritzi publikoari begira interesgarri zaie zalaparta sortzea. Voxek, (oraindik) inongo gobernutan egon gabe, dagoeneko lortua du helburua: Espainiako alderdi nagusiek isolatu egiten dute Euskal Herriko bigarren indarra, eta, noski, zur eta lur geratzen da bertako iritzi publikoa.

Adolfo Suarezek, garai batean Espainiako presidente izan zenak, esan zuen «kalean normaltzat hartzen zena normaltasunaren kategoria politikora mugitzea» zela trantsizio prozesuaren helburua. Egungo egoera politikoari erreparatzen badiogu, agian, esan beharko dugu berrogei urte geroago helburua bete gabe dagoela oraindik. Euskal Herriko kaleetan, gure herri eta auzoetan, gobernu koalizio desberdin asko daude indarrean, eta indar politikoek inongo arazorik gabe partekatzen dute eguneroko praxia. Are gehiago, erkidegoa osatzen duten hiru lurralde historikoetan ez du ordezkaritzarik «Espainiako eskuin berriak», eta bere espazio berria bilatzen jarraitzen du tradizionalak, Senperrek adierazi zuenetik eurek ez zutela politika egiten. Testuinguru horretan, Nafarroan nekez uler daiteke EH Bildurekiko mantentzen ari diren jarrera, gure paradigma sinbolikotik interpretatzen badugu, behintzat. Nafarroako gizarteak (lurralde historiko guztietatik momentu honetan polarizazio politiko maila handiena duena, agian) aspaldi barneratu ditu eragile politiko guztiak bere pluralitatearen isla bezala. Nafarroako gizarteak laukoaren gobernu ekintza legitimatu zuen bezala, erraz ulertuko luke momentu honetan EH Bildu barne izango lukeen gobernu alternatibo bat eratzea ere. Baina, momentu honetan, zoritxarrez, ez dira abuztukadak airean egon daitezkeen elementu bakarrak: inoiz baino handiagoa da diskurtsoen eta keinuen garrantzia Espainiako eskuinak bahitua daukan elementu komunikatiboarentzat.

Ausardia politikoa falta zaio Espainiako zentro-ezkerrari. Ausardia beste dantza-lagun batzuekin elkartu, eta Espainiako marko komunikatiboa aldatzeko. Ausardia, beste gobernantza mota bati ekin, eta beste estatu eredu bati ekiteko. Baina askotan badakizue, askoz erosoagoa da ezaguna dugun musikarekin soltean ibiltzea, norbaiti berekin dantza egiteko eskatzea baino. Eta horretan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.