Bi urteren ostean, berriro ireki ditu mugak Zeelanda Berriak

Bidaiariek COVID-19aren txertatze ziurtagiria edo test negatibo bat aurkeztu behar dute. Neurri murriztaileenak dituzten herrialdeetako bat da

Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurririk murriztaileenetakoak hartu dituzten herrialdeetako bat izan da Zeelanda Berria. Hori dela eta, mugak, esaterako, itxita eduki ditu bi urtez. Atzo ireki zituen berriz, eta, beraz, bidaiariek herrialdean sartu ahal izango dute, txertatze ziurtagiria baldin badute edo test negatibo bat aurkezten badute.

Aucklad hiriko aireportuan Kiaora (Kaixo) idatzita zuen kartel handi bat jarri zuten, bidaiariei ongietorria egiteko. Carrie Hurihanganui aireportuko zuzendari nagusiak herrialdeko irrati batean nabarmendu zuenez, «ezin hobea» izan zen atzoko eguna, «bi urte luze eta gero» batzuek haien senide edo lagunak ikusi ahal izan zituztelako aurrenekoz. Dozenaka herrialdetako 9.000 bat bidaiari ziren atzo Aucklandeko aireportura iristekoak.

Nolanahi ere, herrialdera sartzean bi proba azkar egingo dizkiete birusa ote duten jakiteko—lehen egunean eta bosgarrenean—, eta positibo emanez gero, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute. Txertatuta ez dauden atzerritarrak salbuespen kasuetan soilik sar daitezke herrialdera; halere, salbuespenak oso bakanak izan ohi dira. Pixkanakako irekitze plana otsailean hasi zuen Zeelanda Berriak, eta urrian amaitzea aurreikusi dute.

Turismoari ezarritako murrizketek kolpe handia eman zioten ekonomiari: izurriaren aurretik BPG barne produktu gordinaren % 6 ordezkatzen zuen sektore horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.