Marinaren gezurrak

2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Jolas bat ari naiz egiten azkenotan: Interneten bideo bat ikusi aitzin, orrian dauden iruzkinak irakurtzen ditut, eta bideoan topatuko dudana irudikatzen saiatzen naiz. «Zorionak, Marina, benetan ausarta zara», «Marina bezalako emaztekiak gustatzen zaizkit niri», «Horrelako feminismo bat bai erosiko nukeela nik». Idazten dutenen %95 gizonezkoak dira. Susmagarria.

Idazten ari naizen honetan, «El feminismo hegemónico es machista» (Feminismo hegemonikoa matxista da) hitzaldiak 250.000 ikustaldi izan ditu Interneten. Marina de la Torre delakoari tokatu zaio azken hilabeteetan ozen entzuten ari den diskurtso bat defendatzea: badagoela feminismo on bat, berak askatasunaren feminismoa deitzen duena, emazteki eta gizonen arteko berdintasunean sinesten duena, baina guztiaren gainetik emakumeen erabakitzeko askatasuna defendatzen duena, ez diena erraten zer egin behar duten, ez dituena beraiek adin ttikikotzat hartzen ezta gizonak etsaitzat ere. Feminismo «zentzudun» horren aurrean, noski, delako feminismo «hegemonikoa», azaltzen ez badu ere zer demontre den azken hori.

5.000 karaktere ez dira aski gure Marinaren gezurrak biluzteko. Ikaragarria bakarrik hiruzpalau aukeratu beharra.

De la Torreren ikusmoldean lotsagarria da emakumeei kasu batzuetan tratu berezia ematea. Argudio horren alde dio emakumeek, gizonek baino zailtasun gehiago izanda ere, lortu dutela lehendakari edo enpresariak izatea, beren merezimenduz eta beren ahaleginez, eta horregatik ez dela ez kuotarik ez laguntza berezirik behar. Areago, legeak emakume eta gizonen arteko soldata berdintasuna bermatzen duela dio. Nik datuak, zuenak ondorioak: Hego Euskal Herriko emakumeek, batez beste, bere kide gizonezkoek baino 7.710 euro gutxiago irabazten dute. Beraz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6 handitu beharko luke gizonezkoenarekin parekatzeko. Argi dago ahanzten zaiola lehendakari eta enpresari horiek seguruenik zaintzen arduraren afera bertze emakume pobreago bati ordainduta konpondu dutela. Norendako da Marinaren feminismoa?

Bertze topiko bat: feminista hegemonikoek soilik interesatzen zaienerako nahi dute berdintasuna, ez baitute eskatzen meatzean edo obretan lan egiteko eskubiderik. Galde diezaiela emakume asturiarrei. Espainiako Konstituzio Auzitegiak 1992ko epai batekin ireki zizkien emakumeei ateak meatzeetan lan egiteko, Concepción Rodríguezek 1985ean hasitako borroka judizial baten ondoren,HUNOSAn emakume izateagatik lana ukatu ziotenean, nahiz eta sarrera proba guztiak gainditu.

Maltzurrak dira historiako emakume ezberdinei egiten dizkien aipamenak, bakoitzaren testuingurua kontuan hartu gabe egiten baititu. Emakumeok lege bereziak behar ez ditugula argudiatzeko Estatu Batuetako mugimendu sufragistaren ametako baten hitzak, Elizabeth Cady Stantonenak dakarzki: «Ez dugu zuek zeuontzat egin dituzuen legeak baino hoberik nahi. Ez dugu beste babesik nahi zuen egungo legeek ziurtatzen dutenetik haratago». Nola ez eskatu lege berdintasun hutsa, garai hartan legea bera diskriminatzailea bazen emaztekienganako? Horregatik izan ziren Elizabeth Cadyrentzat borroka esparru, emakumeen eskubide politikoak ez ezik, amatasun eta zaintza eskubideak ere, eta orobat jabetza eskubidea, enplegu eta diru-iturri baterako eskubidea, dibortzioaren legeak eta abar.

Hori guztia aski ez, bideoko punturik beltzenetarikoan lege bereziez ari da. Izan ere, De la Torreren ustez, egin behar ez denaren adibide dira indarkeria matxistaren aurkako legeak. Betiko leloaren betiko leloa: #notallmen, badaudela emazteki gaiztoak ere, legearen aitzinean ez dagoela berdintasunik... 2010etik honat, feminicidio.net orriaren arabera, 49 emazteki erailak izan dira Hego Euskal Herrian. Trankil, hala ere, ez da modu berezian tratatzeko kontua.

De la Torreren erranetan, feminismo hegemonikoarendako, emakumeek ezin dituzte beren erabaki propioak hartu. Gure lankide Amaiak beti erraten du betaurreko moreak jartzeko prozesua mingarria dela. Bai, mingarria. Askatasunerako bide horretan, feminismoak gure bizitza guzia jartzen digu zalantzan, kolokan, agerian: zer dago bai etxean eta bai eskolan jaso dudan hezkuntzaren gibelean? Nolakoak dira gure etxe/familia barneko harremanak? Nola moldatzen naiz neure buruarekin? Nola sentiarazten nau nire gorputzak? Zein motatako harreman afektibo-sexualak izan ditut azken urteetan? Zein beldur/ideia/balio ari naiz transmititzen gure seme-alabei? Hain feminista banaiz, zertako jokatzen dut horrela?

Noski, delako askatasunaren feminismoaren izenean nire edozein erabaki feministatzat hartzeak, horrek, trankil aski uzten nau. Ez dago kontraesanik. Ez dago barne eztabaidarik. Ez dago minik. Baina ordainetan, ez dago aldaketarik, ez jabekuntzarik. Eta hala, ezta gizartearen iraultzarik ere ez. Gure Marinak modu maltzurrean oholtza gainera ekarri dituen emakume guziek (Simone de Beauvoir, Clara Campoamor edo Marie Curie) eraldatu dute modu batean edo bertzean bere garaiko eta ondorengo gizartea, baina, lehenik eta behin, beren buruari galderak egiten hasi zirelako. Galdera ez oso erosoak, bistan dena.

Bideoa ikusi ondoren argi bila hasi naiz iruzkinen artean. «Honek Ciudadanosi ematen dio botoa», dio emakume batek. Bingo. Bada urik basamortuan. Ez dakigu askatasunaren feminismo delakoa despistatzeko erabili duen. Baina badakigu zein ekipotan jokatzen duen De la Torrek. Feminismoaz gaizki erranka ibili ondotik, azken uhin honen indarra ikusita, feminismo liberala erreibindikatzen hasi ziren horien artean. Edo are gehiago, Espainiaren birkonkista aipatzearekin batera indarkeria matxista ukatzen dutenen artean. Baina gu, feminista «hegemonikoak» omen garenak (itsusiak, gainera), ez gaitu engainatuko. Feminismo erradikala desberdinkeriaren eta zapalkuntzaren erroetara doalako, eta iraultzailea izanen da. Edo ez da izanen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.