Gizarte zibila, prozesuaren akuilu berriro

Masek eta ERCk ez badute hauteskundeetara deitzeko akordioa lortzen, ANCk kanpaina berri bat iragarri du haiei hitza betearazteko

Samara Velte.
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Alderdi politikoak ez badira gai Kataluniako prozesu subiranista blokeo egoeratik ateratzeko, gizarte zibilak esku hartu beharko du agintariei hitza betearazteko. Artur Mas presidentearen etaERCren elkarrekiko sorgortasuna agerian geratu ostean iragarri du ANC Biltzar Nazional Katalanak ez dagoela horrela jarraitzerik: eginahal guztiak egingo dituela hauteskundeetarako akordioa lortu eta independentziarako prozesua berriz martxan jartzeko. Bestela, ohartarazi du Carme Forcadell ANCko presidenteak, «negargarria litzateke herrialde eta gizarte gisa; eta oso etsigarria, irailaren 11n [Diadako manifestazioan] kalera atera ziren edo azaroaren 9an botoa ematera joan ziren pertsona guztientzat». Mas eta Oriol Junqueras ERCko presidentea ez badira hauteskundeetara deitzeko ados jartzen, ANCk kanpaina bat abiatuko du, ziurrenik bihar bertan, akordio hori behartzeko.

Bi alderdi subiranista nagusien arteko negoziazioak trabatuta daude duela bi hilabetetik, azaroaren 9ko galdeketaren osteko urratsak adostu ezinik. Mas prest agertu da hauteskundeak aurreratzeko, eta ERCk estu hartu du haiek udaberria baino lehen egiteko. Bozetara aurkezteko modua eztabaidatzerakoan, ordea, erabat korapilatu dira. Bost bilera antzuren ostean, behin betiko erantzuna eskatu zion MasekERCri herenegun, eta zerrendak osatzeko hiru aukera proposatu zizkion. Iluntzean, bazirudien biak ados jartzeko moduko akordio bat egin zutela, edo hala adierazi zuen, behinik behin, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak: zerrenda bereizietan aurkeztuko lirateke martxoko boz aurreratuetara, baina Masen hautagaitzak eramango luke «zerrenda nazionalaren» marka.

Presaz deitutako agerraldiak erantzun are bitxiagoa jaso zuen: presidenteak mezu pribatu bat igorri zion Junquerasi, esanez horiek ez zirela proposatutako baldintzak, ez gobernuaren aldetik eta ezta erakunde zibilen aldetik ere. Bi agintarien arteko ika-mika ezin nabarmenagoak harridura eta haserrea sortu ditu mugimendu independentistan, eta batek baino gehiagok leporatu die benetan akordiorik nahi ez izatea.

Horregatik, ANCk berandu baino lehen esku hartzea erabaki du. Forcadellek atzo erakundearen idazkaritza nazionaleko batzarrean azaldu zuenez, beste bilera bat eskatuko diete bi alderdiei ANCk, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak. «Ez dugu zerrendak osatzeko proposamen zehatzei buruz hitz egin; nahi dugun bakarra da akordioa lortzea, eta hauteskundeak maiatzeko udal bozen aurretik egitea».

Aste erabakigarria

Ostiral iluntzeko tupustekoaren ondotik, giroa nola edo hala baretzen saiatu da ERC: Junquerasek akordiorako aukera badela adierazi dio Masi prentsako artikulu baten bidez — Hemen gaude, presidente! izenburua ipini dio—, eta, zerrenden auzian kateatu ordez, hurrengo gobernuak independentziara heltzeko eman beharreko pausoen inguruan negoziatzeko eskatu dio. Antzera mintzatu da Rovira: «Inork ez dezala zalantzarik egin: hautagai independenteak ez dira oztopo izango akordioa lortzeko orduan».

Kataluniako presidentea estu dabil: hauteskundeak martxoan egin nahi izanez gero, hilabete honetan egin behar du deialdia; bestela, udazkenera arte itxaron behar luke gutxienez, eta ERCk harrapatuta dauka aurrekontuetatik. Era batera edo bestera, datorren astea erabakigarria izango da. Masek iragarrita dauka prozesuaren hurrengo urratsei buruzko argibideak emango dituela, ERCrekin akordioa lortu edo ez. Asteartean agertuko da hedabideen aurrera, gobernuko bileraren ostean; horren aurretik, alderdi eta erakunde subiranisten arteko beste batzar bat espero da, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.