Laikotasunaren alde (kontrakorik gabe)

Markos Zapiain - Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea

2019ko urtarrilak 26
Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eneko Marinek laikotasunaren inguruko eztabaida falta deitoratu dute; Hezkuntza Sailak erabaki garrantzitsuak hartu behar dituen honetan, agian ez da desordukoa izango Erlijioa ikasgaiak ikastetxe publikoetan izan beharko lukeen tokiari buruzko artikulu bat.

Karikatura interesatu bat da laikotasuna eta antiklerikalismoa nahastea, edo laikotasuna erlijioaren aurkako jarrera gisa aurkeztea. Kontua da gurean honezkero bukatua dela teokrazia, ez Jainkoak diktatutako legeek baizik eta gure kabuz sortutakoek gobernatzen dutela gure elkarbizitza, ahal bezain era autonomoan ahalegintzen garela herria antolatzen. Inor ez litzateke baztertu beharko sexuagatik edo arrazagatik, baina ezta sinesmenengatik ere. Espazio publikoan ez lirateke pribilegioak onartu beharko. Zesarrari Zesarrarena eta Jainkoari Jainkoarena: estatu laikoak ez ditu diruz edo bestela lagunduko erlijio partikularrak, baina babestuko du edozein hiritarrek bakarka zein taldean bere fedea praktikatzeko duen eskubidea, etxean, Elizan zein Logia Masonikoan. Kontzientzia eta adierazpen askatasunaren aldeko argitasun eta begirune horrek eraman ditu fededun asko laikotasuna aldeztera. Laikotasuna ez da ideologia bat, gatazkak saihesteko metodo bat baizik. Latzak baitira pairatu behar izan ditugunak, monoteismo orok bizitza publikoaz jabetzeko erakutsi duen irrikaren erruz. Ez da harritzekoa Historia ondo ezagutzen duten jakintsu kristau, musulman eta juduek hainbat liburu idatzi izana laikotasunaren alde. Eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kide bat baino gehiago joaten da bileretara Jainkoari otoitz eginez, bilera lehenbailehen amai dadin erregutuz.

Estatuari dagokio Hezkuntza Publikoa. Hor ere ez litzateke onartu beharko ikasleak eta familiak arrazoi erlijiosoengatik bereiztea. Ordea, katolikoek berdintasun printzipioa hausten duten pribilegioak dituzte. DBH-n aski da kristautasuna ikasi nahi duen ikasle bakar baten eskaera talde bat osatzeko, halako kasu bat dugu Bermeoko Institutuan. Gainerako erlijioek ez dute abantaila hori, nahiz eta gero eta musulman gehiago dabilen. Berez, Kristautasun Katolikoa, Kristautasun Ebanjelikoa, Islama eta Judaismoa dira Hezkuntza Sailak eskaintzen dituenak. Halatan, ikasle eta familia agnostiko eta ateoak zokoratzen dira, bigarren mailako hiritar izatera menostu. Bidegabekeria horrek Espainiak eta Vatikanoak 1976an negoziatzen hasi (Konstituzioa onartu aurretik) eta 1979an izenpetu zuten Konkordatua du oinarri. Geroztiko Espainiako Gobernuak ez dira ausartu Konkordatua bertan behera uztera, ezta sozialistenak ere. EAEn edo Nafarroan, itxuraz laikotasunaren aldekoenak liratekeen Bilduren eta Podemosen koalizioak bagenitu ere gobernuan, ezingo litzateke Konkordatua desaktibatu, EAE eta Nafarroa Espainiaren menpean baitaude. Dena den, egia izan arren Konkordatuak dirauen bitartean gure Hezkuntza Sailek ezin diotela ofizialki Erlijioa ikasgaia eskaintzeari muzin egin, badira hainbat bide laikotasuna xede aurrerapausoak egiteko modukoak.

Intrusismo nabarmena da, batetik, Eskola Publikoan irakatsi beharreko programazio bat Munillak eta enparauek Gotzaindegian egitea; eta, bestetik, Eskola Publikoan lan egingo duten Erlijio irakasleen egokitasuna edo desegokitasuna Gotzaindegiak edo Islamaren Elkarteak erabakitzea. Era berean, ez da zilegi Hezkuntza Sailak, bai iazko ikasturtean eta bai aurten, hain gomuta mingarria pizten duen Gazteluetari eta Opus Deiko gainerako ikastetxe segregatzaileei 13 milioi inguru euro ematea, aldi berean Eskola Publikoetako Batxilergoetan irakaskuntzaren kalitateari erasaten dioten 35 ikasleko ratioekin gabiltzala, diru faltagatik omen. Gero eta nabarmenagoa da konponbidea ez dela indarrean daukagun erlijio askoren eskaintza, multikonfesionaltasuna, baizik eta laikotasuna: begirune osoa erlijioei eta fededunei, baina doktrina eta proselitismoa eskolatik kanpo.

Erlijioa ez, laikotasunaren aldezleok ez dugu erlijioa ikastetxeetatik egotzi nahi, besteak beste begien bistakoa delako erlijiorik gabe ezin direla ulertu ez Historia, ez Artea, ez Filosofia. Hortaz, normala da erlijioz beterik egotea Institutuetan irakasten diren Historia, Artearen Historia zein Filosofiaren Historia. Hori bai, programazioak idatzi eta gaiak irakatsi, adituak direla azterketa publikoetan frogatu duten pertsonek egiten dute, jakitatea xede, eta ez, katiximaren hedatzea helburu, Gotzainaren nihil obstat-ak bedeinkaturikoek.

Laikotasunaren hastapenak ez soilik Hezkuntzan, jendarteko hainbat esparrutan izaten dira onuragarriak, ustekabekoenetan ere. Didier Deschampsek Frantziako futbol selekzioaren ardura hartu zuenean, ostikolari katolikoak, ateoak, protestanteak, musulmanak, agnostikoak eta aingeru itxurako judu bat aurkitu zituen. Batzuk hasi ziren, kontzentratzioetan eta, beren fedeei loturiko menuak eta beste zenbait berezitasun erreibindikatzen. Deschampsek gogor ezarri behar izan zuen laikotasunaren diziplina: fede partikularrei loturiko ohiturak, selekziotik kanpo. Hau errepublika txiki bat da. Eta Mundiala irabazi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna