Daniel Roth
Egitaraua:Maisuen maisutasuna:C. Saint-Saens, C. Franck, Ch.-M. Widor, D. Roth eta F. Mendelssohnen obrak. Lekua: Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika.Eguna: abuztuaren 8a.Bi urteko zaharberritze prozesu luze eta konplexu baten ondoren, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan dagoen Cavaille-Coll organo zoragarria entzun ahal izan dugu aurtengo Musika Hamabostaldian. Esteban Landart aritu zen pasa den larunbatean; astelehenean, Daniel Roth organistak organoaren maisu frantsesen obrez osatutako programa eskaini zuen. Gaur egun, organo interpretazioan nazioarteko erreferentzia izateaz gain, Roth Parisko Saint-Sulpice elizako organista emeritua da. Bertan kokatzen da, hain zuzen ere, Cavaille-Coll etxeak eraikitako beste organo garrantzitsuenetako bat, obra handi askoren estreinaldiak hartu dituena. Hala, Rothek ongi baino hobeto ezagutzen ditu instrumentu hauen berezitasunak, potentzialak eta baliabideak; jakin izan zuen, noski, horiek hasieratik profitatzen.
Camille Sain-Saensen musikak ireki zuen kontzertua, eta horrekin batera atzeman genituen Rothen fraseatzeak eta dinamikak menderatzeko abilezia, eta teklatuen jolasean pixkanaka argitzen joan ziren organoaren koloreak. Ikustekoa izan zen piano eta harmoniumarentzat egindako sei duoen Scherzo-a, Rothek berak egindako transkripzioan, pedalierrean maisu. Orkestra oso baten soinuak hodien bidez bideratzen direnez, organoa transkripzioak egiteko instrumentu pribilegiatua da. Eta organista frantsesak esparru horretan dituen gaitasunak nabarmenak izan ziren, batez ere, Cesar Francken Erospena (interludio sinfonikoa) obran, jatorriz orkestrarentzat idatzita 1873an. Plano guztiak zabaldu zituen Rothek, hasierako soinu goxotik hasi eta akorde maiorrean ebazten den indarrera.
Organo erromantikoen errepertorioaren lorratzari jarraituz, Charles-Marie Widorren Salve Regina-n aukera izan zen teklatu espresiboaren ñabardurak hautemateko. Bestetik, Rothek idatzitako 'Regina caeli'-ren gaineko fantasia eta fuga-k, unean egindako erregistrazio doikuntzak barne, lerro garbia marraztu zuen.
Programa eta joaldi paregabeak izan ziren hain gertu dugun Cavaille-Coll berezi honen distira eta goxotasuna ospatzeko.