Donostiako 56. Jazzaldia

Jazzaren pianoa, hamaika eskutara

Piano jotzaileak dira gailen Donostiako 56. Jazzaldian. 60 kontzertu emango dituzte zortzi agertokitan, iaz baino entzule gehiagorekin. Chucho Valdes eta La Locomotora Negra dira sarituak

Cecile McLorin Salvant, 2018an, Almuñecarren (Espainia). PEPE TORRES / EFE.
Andoni Imaz.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aurtengo Donostiako Jazzaldia erdibidekoa izango da, trantsiziokoa. Antolatzaileek hori nahi lukete gutxienez. Iaz, pandemiak ekarritako etenaren ondoren, hilabete gutxian jaialdia berrasmatu behar izan zuten; orain, esperantzaz begiratzen diote datorren jaialdiari, lehenagokoen antz handiagoa izan dezakeelakoan. 56. aldi hau berezia izango da: iaz baino kontzertu gehixeago egingo dituzte: 60; agertoki gehiago izango dituzte: zortzi; entzule gehiago sartuko dira horietan; baina aurten ere ez da agertokirik egongo Zurriolako hondartzan.

Gainera, jaialdiak aro berri bat hasi du. Heinekenek babesle nagusia izateari utzi zion iaz, 23 urteren ondoren, eta hemendik aurrera Kelerrek ordezkatuko du. Hala, berriro hondartzako agertokia ipintzen dutenean, Keler Agertokia izango du izena.

Kontzertuetako edukiera mugak iazkoen antzekoak dira. Trinitate plazan 750 entzule sartuko dira, guztiak zenbakitutako eserlekuetan jarrita. Dagoeneko adierazi dute neurri murriztaileak kendu eta gero ere mantendu egingo dituztela eserleku zenbakituak; 1.500 pertsona kabituko dira orduan. Viktoria Eugenia antzokian 450 lagun sartuko dira; Kursaaleko auditoriumean, 800; San Telmo museoan, 120; eta Kursaaleko terrazetan, doako agertoki bakarretan, ia 800, iaz baino dezente gehiago. Abonamenduak agortuta daude, baita zenbait kontzertutarako sarrerak ere.

Miguel Martinek, Donostiako Jazzaldiaren zuzendariak, aurtengoa abeslarien eta pianisten jaialdi bat izango dela esan zuen BERRIAn. Hasteko, egunero antolatu dute piano kontzertu bat San Telmon, 11:00etan. Gaur, Franco D'Andreak abiatuko du sail hori, eta haren atzetik iritsiko dira Marcin Masecki, Marco Mezquida eta Iñaki Salvador. Maseckik bi saio egingo ditu: bihar, Thelonious Monken musika berrinterpretatzen arituko da; etzi, berriz, ragtime estiloa eguneratzen.

Pianista horietako batzuk Trinitate plazako agertokira ere igoko dira. Ostiralean, Mezquidak Talismán diskoa aurkeztuko du han. Harrera oso ona izan du.Kontzertu horren ondoren ariko da Kenny Barron pianista beteranoa. Hark musikari askorekin kolaboratu izan du ia 60 urteko ibilbidean: Stan Getzekin, Freddie Hubbardekin eta Yusef Lateeefekin, besteak beste.

Iñaki Salvadorrek ere joko du Trinitate plazan, artista gonbidatu gisa, larunbatean, Noa abeslaria eta Gil Dor gitarrista laguntzen. Salvadorrek Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen iaz, eta jaialdian gehien jo duen musikaria da. Haiez gain, egun horretan Naissam Jalal flauta eta nay jotzaile eta abeslariak emango du kontzertua han. Flauta europarraren eta nay arabiarraren bidez, bi mundu uztartzen ditu, bi musika tradizio.

D'Andreak ere errepikatuko du; gaur bertan egingo ditu bi kontzertuak. Gauean, Dave Douglas tronpetista adiskidearekin batera ariko da, laukotean, bien konposizioak jotzen. Pianoa eta ahotsa, biak duoan ariko dira kontzertu horren ondoren, Cecile McLorin Salvant abeslariak Sullivan Fortner pianistarekin kantatuko baitu. Bihar, gisa bereko duo bat egingo dute Gonzalo Rubalcaba pianistak eta Aymee Nuviola abeslariak. Umetan ezagutu zuten elkar, Habanan, eta orain elkartu egin dira haien sorterriari omenaldi bat egiteko.

Ixteko, Mehldau

Izen handiko pianista batek itxiko du Trinitate plazako egitaraua: Brad Mehldauk. Jazz pianistarik ezagunenetariko bat da; lirismoa eta erritmo bereziak nabarmendu izan dituzte haren bereizgarrien artean. Zazpigarren aldiz joko du jazzaldian, kontrabaxuak eta bateriak lagunduta. Akonpainamendu bera izango du Bill Frisell gitarristak ondoren. Inprobisatzeko gaitasun handia du hark.

Kursaaleko auditoriumean ere izango du bere lekua pianoak. Izan ere, larunbatean, Giovanni Guidik omenaldi bat egingo dio Leandro Barbieri Gato saxofonistari. Seikotean ariko da.

Areto hori, hala ere, ahotsen aretoa izango da oroz gain. Horren erakusle dira Jose Jamesek, Buikak eta Silvia Perez Cruzek emango dituzten kontzertuak. James taldearekin ariko da, jazza, bluesa, hip-hopa, soula eta drum and bassa nahasten, ohi duen moduan. Buikaren ahots bereziak jantziko du eragin askotarikoak nahastuta sortu duen musika: soukousa, makossa, afro beata, rhythm and bluesa... Perez Cruzek iaz jo zuen jazzaldian, azken urtean beste kontzertu batzuk eman ditu Donostian, eta itzuli egingo da berriz ere. Entzuleen artean ikusmira handiena sortu duten kontzertuetako bat da harena, gainera. Iaz kaleratu zuen Farsa (género imposible) diskoa aurkeztuko du, horretarako sortutako Farsa Circus Band taldearekin batera.

Jorge Pardo flautistak eta saxofonistak enkargu berezi bat jaso du aurten: omenaldi bat egitea iragan otsailean hil zen Chick Corea pianistari. Pardok maiz jo izan zuen Corearekin, Juan Jose Heredia Niño Josele gitarrista flamenkoak lagunduta, besteak beste. Biek prestatu dute Mi querido Chick emanaldia Kursaalerako.

Jazzaldiaren sariak

La Locomotora Negra talde katalan amateurrak 50 urte bete ditu aurten. Boskote bat zen hasieran, baina hazi egin da urteekin, eta hamazazpi kideko big band bat da egun. Urteurrenean bertan erabaki dute taldea uztea, eta jazzaldiak agur bira baliatu du taldeari saria emateko. Aurretik, bi aldiz izan dira Donostiako Jazzaldian: 1977an eta 2005ean. Gaur emango dute kontzertua, 12:30ean, Viktoria Eugenian.

Chucho Valdes 2003an izan zen Donostiako Jazzaldian; hain zuzen, Bebo Valdes aitak jaialdiaren saria jaso zuenean, harekin batera jotzen. Hemezortzi urteren ondoren, hark jasoko du saria. Jazz afro-kubatar modernoan eragin handia izan du Chucho Valdesek. Ia 60 urte daramatza jotzen, Irakere taldearekin nahiz bere kasa, eta hainbat sari jaso ditu. Bihar gauean emango du kontzertua, laukotean, Trinitate plazan.

Euskal musikariak Kursaaleko terrazetan programatu dituzte, Frigo eta Guuk guneetan. 25 taldek joko dute han, eta Euskal Herrikoak dira gehienak. Horietako batzuk dira Asier Ardaiz tronpetistaren taldea, Alberto Arteta saxofonistaren Laurok taldea, Hutsun txalaparta bikotea eta J.E.L. jazz hirukotea, Sara Azurza abeslariaren taldea, Swingtronics swing taldea, Sara Mansilla abeslari eta gitarristaren taldea eta Les Fous ahots hirukotea.

Viktoria Eugenian, zortzi taldek joko dute SGAE fundazioarekin lankidetzan antolatutako Jazzeñe zikloaren barruan.

Donostiako Jazzaldiak Internet bidez emango ditu jaialdiko hemezortzi kontzertu, zuzenean. Iaz egin zuten hori lehenengoz, eta 70.000 entzule inguruk ikusi zituzten emanaldiak jazzaldiaren Youtubeko kanalaren bidez. Aurten, Viktoria Eugeniako kontzertu guztiak emango dituzte, baita Trinitate plazakoak ere, Mehldaurena izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.