Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Pasiozko nahasmen bat

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Le lycéen'



Zuzendaria: Christophe Honore. Aktoreak: Paul Kircher, Vincent Lacoste, Juliette Binoche, Erwan Kepoa Fale. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 122 minutu.

Dolu baten istorioa kontatzeko, Christophe Honore zinemagileak Lucasi (Paul Kircher) jarraitu dio Le lycéen filmean, 17 urteko gazte bati, haren aita hil berritan. Gaztearen bizitza erabat amiltzen denean, haren barruko urratuak nerabe baten pasioarekin irudikatuko ditu filmean ere, Lucasen gorabeherak heriotza bera bezain ulerkaitzak bilakatuz.

Filmeko aktore gehienek dute pasio hori erakusteko aukera, sekuentzia askok dutelako indar suntsitzaile bat barruan, unerik atsegin eta maitakorrenetan ere atera daitekeena. Hala ere, Juliette Binochek amaren rolean egindako lana da guztietan onena, sentsibilitate berezi bat erakusten duelako eta kontakizuna aberasten duelako agertzen den aldiro.

Gainotzean, kamera eta edizio lanek ez diote askorik laguntzen bestela ere nahasia den istorio bati. Gertakizunak eta protagonistaren narrazioa tartekatzen dira, eta Honorek mugimendu biziekin irudikatu ditu aldaketa guztiak, batzuetan pertsonaiengana modu zakarrean gerturatuz, besteetan kolore eta abiadura aldaketak sartuz eta une batean ametsetako irudiak erabiliz. Filma emozioz gainezka egon arren, estilo horrek zaildu egiten du emozio horiek ikusleari benetan adieraztea. Zuzendaritza barnerakoiak eta azkarregi egindako mozketek indarrez husten dituzte bestela samurrak izan zitezkeen eszena batzuk. Musikaren hautaketak, zorionez, lortzen du horietakoren bat suspertzea.

Pertsonaia guztiak emozioen amildegian behera doazela, istorioaren eta ikuslearen arteko tartea gero eta handiagoa da, eta, azkenerako, kontakizuna luzeegia denez, amaiera aldeko eszenen azken plano bakoitza filmeko azkena izan daitekeen sentsazioa ematen du. Gehiegikeriak indiferentzia eragin dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.