KRITIKA. Musika

Han zen sosegua

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Dmitri Makhtin (biolina), Juan Ignacio Emme (biolontxeloa). Egitaraua: L. V. Beethovenen 1. Sonata biolin eta pianorako, op.12; eta 7. trioa, op. 97, Artxiduke. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abenduak 13.

Iritsi da Ludwig van Beethoven jaio zeneko 250. urteurrena ospatzeko helburuz Julia Siciliano piano jole estatubatuarrak urtarrilean hasi zuen sonata eta trioen integralari agur esateko unea. Aldi berean ganbera musikaren ospakizuna izan da, konpositorearen barrenak miatzeko bidea soiltzen lagundu duena.

Publikoak eta kritikak ez zituzten ongi hartu Beethovenek biolin eta pianorako idatzitako lehen sonatak (bere maisu Antonio Salieriri eskaini zizkionak): 1799ko Allgemeine musikalische Zeitung astekarian op. 12-a «poza eta pazientzia galtzera daraman zailtasunen pilaketa hutsa» gisa deskribatu zuten. Zaila egiten zaigu orain erreakzio hori ulertzea, lehen sonata hauen izaera klasikotzat baitugu. Ederra bezain emankorra izan den lankidetzan aritu ziren Siciliano eta Makhtin, lehen mugimendua irekitzen duen unisonotik eta gaiaren hartu-emanetik Allegro-aren azentu bizietara. Bigarren mugimenduan garatzen diren gaien bariazioak samurki gidatu zituzten biek, sinkopatuan norabiderik galdu gabe. Sicilianoren eskuek berebiziko distira atera zioten pianoari erregistro guztian, artikulazioari eta dinamikei zentzua emanez.

Bere azkena izango zen 7. trioa 1811. urtean idatzi zuen Beethovenek, urteetan zehar lortutako errespetuak ahalbidetzen zion askatasunaz, Vienan bizi zela. Artxiduke ezizena Austriako Rodolfori dagokio, zeinari Beethovenek hainbat obra eskaini zizkion, trio hau tartean. Gai landua aurkezten duen Allegro moderato batekin hasten da pieza, gero staccato-an garatzen du pianoak bigarrena. Emme eta Makhtin elkar ulertze sakonean jardun ziren obra osoan zehar —Sicilianren sostengu samur eta ziurraren laguntzaz—, baina Andante cantabile-an izan genuen aukera hiru musikarien dotorezia eta sen ona antzemateko. Sormen zabala erakusten du Beethovenek mugimendu honetan, eta badirudi bariazio segidan munduarekin eta bere buruarekin adiskidetu egiten dela, inoiz galdutako edo bilatutako sosegua berreskuratzea posible dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.