joxerra senar
Sanferminak Iruñean. PERTSONA NORMALEN FESTA

Normaltasuna eta haren bi aurpegiak

2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik, baina sanfermin aurreko asteak beti eromena izaten dira. Mundu guztiak dena aurrez prestatu nahi izateari gehitu behar zaizkio ezusteko ez hain ustekabeak. Hobe errealitate hori barneratzea, horma baten kontra jo nahi ez bada.

Aurten ez da salbuespen izan, eta normaltasunaren eromen horretan sanferminen inguruko iritzi batzuk entzuteko parada izan dut. Adibidez, pertsona batek komentatu zidan ihes egiten duela Iruñetik: hiria ez dagoela prest hainbeste jende hartzeko, Iruñera etortzen direnetako batzuk/asko gogaikarriak direla, zezenketen hilketa eta odola gero eta jasangaitzagoa egiten zaiola, santuaren inguruan sortzen den giroak erlijioren erabilerarik zoldatsu eta atzerakoiena islatzen duela... Arrapalada batean bota zidan argudio irmoen sorta bat. Egiari zor, ez zaio arrazoirik falta. Odol hotzean aztertuz gero, kontra izateko iritzi eta arrazoi ugari dituzte sanferminek.

Hala ere, era berean, milaka pertsonek, horietatik asko iruindarrak, maite dituzte festak. Beste zerbait baduten seinale. Herenegun, iaz ezagututako gizon batekin topo egin, eta esan zidan: «Urtean, igual supermerkatuan topo egin, eta ez dugu elkar agurtuko, baina hemen, jaietan, bihotzetik hitz egiten diogu elkarri». Gizonak ez du arazorik inor agurtzeko, baina ulertzen da zer esan nahi duen. Festok badute halako laguntasun giro bat; eguneroko aurreiritzi eta bestelakoak alboratu, eta ondoko ezezagunarekin egoteko parada eskaintzen du, izan txorakeriak esateko, izan bihotzak irekitzeko. Bizitzari irribarre egin eta uneez gozatzeko.

Bai, sanferminek badute alde ilun ugari, baina baita alde argitsurik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.